Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Deslekuan dantzan ere, gustura

Dokumentuaren akzioak

Deslekuan dantzan ere, gustura

2025/09/16 12:55

Duten inplikazioarengatik erosoago edo deserosoago egonarazten gaituzten emanaldiak badaude. Gu erosoen, plazan, karrikan, aritzen gara, gure jendeaz, gure komunitateaz inguraturik. Taula gainean deserosoxeago sentitzen gara. Eta taula horrek zeriskusirik duenean karrikako dantza amateur eta artisaua guztiz ahantzita duen kultura industriarekin, ileak laztu egiten zaizkigu, hasteko.

Beraz, ileak xut jarri zaizkigu Iruñean eginen den Max sarien banaketan dantzatzeko eskatu digutenean. Gero, poliki-poliki, Ana Maestrojuan galako zuzendariak,  azaldu digu Iruñeko arte adierazpide ezberdinak aintzat hartu nahi dituztela ekitaldian, euskararen presentzia ere bermatu nahi dutela, eta ezagunak zaizkigun —gure komunitatekotzat ditugun—  beste zenbait artista ere ariko direla. Ados. Ikuskizunean denboraren joan-etorriari buruz filosofatu nahi dutela eta hor egoki zaiela gure presentzia.

Eta buruari itzuli pare bat emanez otu zaigu baietz, izan zezakeela zentzurik gure parte hartzeak. Esate baterako, gure Trokeo-dantzetako zinta-dantza eginez, gure bizitza irudikatzen duten hariak lotuz eta deslotuz eta bukaeran usoa hegaldaraziz. Tiiiiira, parte hartuko dugu, bai!

Ez gaude usatuak dantza emanaldi bat lotzeko horrenbesteko burokraziari, baina akreditazio guztien gainetik eta errepika orokor guztien azpitik, heldu da azkenik emanaldiaren eguna. Gaiarren atondu diguten kamerinoan dantzarako arropak jantzi eta espero ez genuena, tapiz gorritik pasarazi ez gaituzte ba!

2025-06-16_Max_sariak_01

Eskerrak, ondotik eta emanaldia hasi aitzin denbora aski izan dugula Estafeta kalearen puntan trago bat hartzeko. Gorka Urbizurekin ere gurutzatu gara momentu batean —bera ere ariko baita— eta argazkia hartu dugu berarekin taldekideei oroitarazteko bihar entsaio dugula!

2025-06-16_Max_sariak_02

Eta hasi da ikusgarria, eta entzun ditugu Raquel Andueza sopranoaren erromantze ezin ederragoa eta Gorka Urbizuren Etxe bat eta halako batean gure txanda heldu da:

2025-06-16_Max_sariak_03

Gu gustura geratu gara egindako lanarekin eta antza, antolatzaileak eta ikusleak ere bai. Esan bezala, hastapenean ez ginen egin behar genuenaz oso konbentzituta, baina lantaldearen interesak, goxotasunak eta arretak guztiz bigundu gaituzte bukaerarako. Oso ongi tratatuak sentitu gara. Eskerrak eman behar dizkiegu hartara, Ana Maestrojuan zuzendari artistikoari eta Esther García Zorita eta Lucía Martinez Picón SGAEren langileei gure aurriritzi guztiak pikutara bidaltzeagatik. Uste ez bagenuen ere, gustura aritu gara ezusteko sarao honetan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.