Karrika-inguru erraldoia, 75. urteurrena ospatzeko
Iruñea, Barañain, Eibar, Beasain, Gamere-Zihiga eta Tarragonatik heldutako 300 bat dantzarik eta musikarik Iruñeko karrikak doinuz eta kolorez jantziko dituzte, heldu den irailaren 14ean (larunbata) gure taldearen 75. urteurrena ospatzen jarraitzeko.
Hain zuzen ere hauek izanen dira parte hartuko duten taldeak:
- San Lorenzoko dantzariak (Iruñea)
- Arrateko ezpata-dantzariak (Eibar)
- Igartzako ezpata-dantzari eta erraldoiak (Beasain)
- Gamere-Zihigako dantzariak (Zuberoa)
- Ball de Bastons de Tarragona (Tarragona)
- Ezpelur erraldoien konpartsa (Barañain)
- Iruñeko erraldoien konpartsa (Iruñea)
- Duguna - Iruñeko dantzariak (Iruñea)
Karrika-inguru honekin gogoratu nahi da Iruñeak mendeetan eta gaur egun arte izan duen dantza tradizio oparoa. Izan ere, XVI. mendetik aurrera, Iruñeko
festa arranditsuenetan dantzaren presentzia etengabea izan da XIX. mendera arte. Segizio horietan parte hartzen zuten dantzariak Iruñea bertakoak izaten ziren, baina usu, Gipuzkoatik, Iparraldetik edo baita Levante aldekoak ere. Hortaz, karrika-inguru honek, garaiko horien eguneratzea izan nahi du, Iruñetik, Gipuzkoatik, Zuberoatik eta Kataluniatik etorritako dantzariak gonbidatuz. Dantzariez gain, erraldoi, buruhandi, kiliki, zaldiko, herensuge eta beste ere izanen dira.
Karrika-ingurua goizeko 11:30ean abiatuko da San Frantzisko plazatik. San Frantzisko kalea, kale Nagusia, Udal plaza eta Santo Domingo kaleak zeharkatu-eta, talde bakoitzak 5 minutuko erakustalditxoa eginen du Burguen plazan. Handik, segizioak aurrera eginen du, Udal plaza, Merkaderes kalea, Txapitela
kalea eta Gazteluko plazaraino.

Han, talde guztiek batera dantzatuz emanen zaio amaiera ekitaldi berezi honi.