Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Joxemiel Bidadorren omenezko pastorala prestatzen ari gara Iruñean, urrirako

Dokumentuaren akzioak

Joxemiel Bidadorren omenezko pastorala prestatzen ari gara Iruñean, urrirako

2015/05/08 12:00

Heldu den urriaren 10ean Joxemiel Bidador dantzari, ikertzaile, historialari, filologo, irakasle eta idazle iruindar zenaren omenez, pastorala emanen dugu Iruñean. Egun hori helburu prestaketa lanetan ari gara azken hilabeteotan.

Iruñeko euskalgintzaren sinboloetako bat delakoan, Bidadorren pertsonaren bitartez bertako euskaldunak omendu nahi ditu ikuskizunak, berak, bere obraren bidez, gutxik bezala agerrarazi baitzuen Iruñeko euskaltzaleen izaera organikoa eta kolektiboa.

20150208_190047

Antzerkia, dantza eta kantua nahasten dituen herri-ikuskizunaren testua Jon Alonsok idatzi du.  Kantuak Mixel Etxekoparrek sortu ditu, eta zuzendari lanetan Aritz Ibañez eta Ihitz Iriart ari dira. Guztira laurogei lagun inguru ari dira musika, antzezpen eta ekoizpen lanetan.

Zuberoako pastoraletan oinarrituriko antzezlanak berezitasunak izanen ditu, nahiz eta pastoralen oinarrizko egitura gorde. Bi ordu eskas inguru iraungo du. Gainera, Tuterako Erraldoien konpartsak eta San Lorentzoko Dantzanteek ere hartuko dute parte gonbidatu gisa, bietako partaidea izan baitzen Bidador emankorra.

20150208_185947


ZaldikoMaldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Duguna taldeen elkarlanari esker ekoizten ari gara ikuskizuna.

2015/05/09 09:56
Poza ematen du oraindik ere taldeak era horretako abenturetan murgiltzen direla ikusteak. Animo, Aritz eta konpainia, eta eutsi goiari!
2015/05/11 11:51
Mila esker Xabier! Egia esan, prozesua intentsoa bezain ederra izaten ari da. Ia urrian hori islatzea lortzen dugun!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Duguna - Iruñeko dantzariak

Duguna - Iruñeko dantzariak

Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.

 

Duguna - Iruñeko dantzariak

Maiatzaren 2a karrika, 9 behea

31001 - Iruñea

Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus