Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Makila-dantzen jaialdia Iruñean

Dokumentuaren akzioak

Makila-dantzen jaialdia Iruñean

Makila-dantzen nazioarteko jaialdiko kronika.

Goizean pertsiana zabaldu eta zerura begiratu genuenean pena hartu genuen. Aste osoa generaman ze eguraldi eginen ote zuen asmatu nahiean eta azkenean euria. Baina 10etarako edo atertu zuen. Zerua gris egon zen egun osoan, baina taldeak 4rak aldera heldu zirelarik eguzki printzek ere zirrikitua bilatu zuten hodei artean.

Aitzakirik gabeko eguraldiarekin printzipioz (baina euria botako zuen beldur pixka batekin), hasiera eman genien ekitaldiei arratsaldeko 17:45etan. Behar baino gehiago luzatu zen kalejiraren ostean, mukuru bete zen Burgoen plazara heldu ziren talde denak.

Jaialdiko anfitrioi gisa, Duguna dantza taldeak eman zion hasiera ekitaldi nagusiari. Txikiek Berako makil-dantzak egin zituzten. Neskek Gipuzkoako makila-txikiena (saiatu ginen Argia dantza taldeko Iñaki Arregi maisuak erakutsitako guztia aplikatzen) eta mutilek Otsagabiko dantzen zikloko katxutxa eta modorro.

Ondoren, Miranda do Douro-ko Pauliteiroen txanda heldu zen. Makila-dantza biziak, gogor astintzen zituzten makilak, astintzen zituztenez. Eta erriberakoak asto samarrak zirelakoan,... Makila-dantzez gain beste dantza ikusgarri bat ere eskaini zuten portugaldarrek.

Burlatako Larratz dantzari taldeak Oñatiko Korpus dantzen banakoa eta bere baitako makila-dantza erakutsi ziguten. Eta Gipuzkoatik irten gabe, jaialdi honetan bide-lagun izan dugun Kezka dantza taldea atera zen plazara. Josu Garate-k gidatuta, Arrate-ko makila txikien dantza eskaini ziguten Eibartarrek, Usartza-ko txistularien laguntzaz.

Eibar-etik Ingalaterrara. Bacup-eko Coco-nut dancers izan ziren hurrenak. Bideo edo argazkitan ikusiak genituen dantzari horiek parez-pare ikustea sentsazio berezia izan zen. Dantzarien artean batek 76 urte zituen. 18 urtekorik bat ere ez. Morrish dantzariek arrakasta itzela lortu zuten Iruñeko ikusleen artean.

Amurrio-ko Aiara dantza taldekoek Araba-ko Villabuenan egiten ohi ziren dantzak ekarri zituzten Iruñera, eta Iruñeko Oberena dantza taldeak Nafarroako Cortes-eko Dance-aren baitako baltsa eta jota erakutsi zituen.

Erribera-tik atera gabe Ablitas-eko Mendianike dantza taldekoak izan ziren hurrenak. Hauek ere gogor astindu zituzten makilak (portugaldarren pare ia). Rosario-ko Amabirjinaren omenez urriaren lehen asteburuan dantzatzen dituzten makila-dantzetako bi eskaini zituzten haien saioan.

Ebro ibaian behera, Tauste-raino. Zalantzarik gabeko parekotasunak dituzte Zaragoza eta Nafarroako Dance-ek: makila-dantzak, arku-dantzak, giza dorreak,... Horiek izan ziren, hain zuzen, Tausteko danzanteek dantzatu zutena. Burgoen plazan eraikitako bigarren dorrea ikusgarria izan zen, zinez.

Ebro ibaia itsasoratzen den aldera jauzi egin genuen ondoren. Terrassako Bastoners-ek 1981. urtean berreskuratutako Ball de Bastons delakotik lau makila-dantza eskaini zizkiguten. Horietako baten melodia "Uno de enero, dos de febrero,... 7 de julio San Fermin"-en iguala zen. Bati baino gehiagori burura etorriko zitzaion 45 egun besterik ez direla falta San Fermin-etarako.

Azkenaurrekoak Castello-ko El Todó: Danses Guerreres de La Todolella taldekoak izan ziren. Talde berezia guretzat. Izan ere, XVII. mende osoan Valentziako danzante taldeak izan baitziren Iruñean San Fermin eta Korpus egunetan dantzan. Todolella-koak Iruñean izatea kate hori sinbolikoki berriztatzea suposatu zuen guretzat.

Eta hain zuzen XVIII. mendeko dantza tradizioan oinarrituz sortutako dantza talde batek eman zion itxiera jaialdiari. Iruñeko San Lorenzo-ko danzanteek 2 makila-dantza eta arku-dantza batekin eman zioten amaiera jaialdiari.

Luze joan zen jaialdia, baina afari ostean astindu genituen nagiak. Eta luze joan ziren afari ostekoak ere, baina horien berri ez dugu hemen emanen.

Bukatzeko, esker bereziak Eibar-ko Kezka dantza taldea-ri jaialdia antolatzen eman diguten laguntza ezinbestekoagatik.

Heldu den urtean gehiago!

Iruñeko jaialdiko zenbait argazki hemen.

Iñaki Zugastik ateratako argazkiak hemen.

Prentsak argitaratutakoa hemen.

Dokumentuaren akzioak

Leire Leza
2007/05/21 21:46

Aupa koadrila!!

Egun zoragarria pasa genuen larunbatean, eguraldiaren beldur bageunden ere.Dantza taldeek ikuskizun politak erakutsi zizkiguten Iruñean eta horiei eskerrak eman nahi dizkiet gure herrira etortzeagatik.

Dena den, Eibarko Kezka dantza taldeak aipamen berezia merezi du, makil dantzen jaialdiaren bultzatzailea izateagatik, eta Iruñean egiteko aukera eskaintzeagatik. Eskerrak eman nahi dizkio Aritzi ere, Iruñean bera izan baita antolatzen lan mardula egin duena. Eskerrik asko zu gabe jaialdia ez bailitzateke aurrera irtengo.

Erran bezala gogor aritu gara Iñaki Arregik erakutsitako guztiak zuzentzen, zaila egiten bazaigu ere, baina nik uste makil-txikin demostratu genuela zerbait hobetu dugula ezta? Edo agian ez, Kezkako dantzariei galdetu beharko diegu agian.

Dena den nik uste oso ongi atera zela dena, hurrengo urtean berriz Aritz?jajaja. Hori bai non dago Otsagabia jo zuten gaitero hoberenen argazkia?

Datorren urterako ea Eibarko dantzariak parranda egiten gelditzen zareten eee? Bestela Sanferminetan etorri!!!!

Ongi izan!!!! Aiooo!!!

Irune
2007/05/22 14:02
Kaixo!
Lehenik eta behin zorionak! Larunbatean primerako eguna pasatu genuen. Jaialdia ikusgarria izan zen benetan. Dantza guzti horiek elkarrekin ikustea berezia izan zen. Elkarren artean hain berdinak eta aldi berean hain ezberdinak diren dantzak. Gainera Iruñean gutxitan izaten da holakoak ikusteko aukera.
Zorionak jaialdiaren antolaketarengatik, eta zorionak ere Dugunako txikiei, nagusien dantza taldeen artean haien maila berean ibili bait ziren.
Beste bat arte!
Ongi izan
veronica
2007/05/22 21:58

Izugarrizko ikuskizuna larunbatekoa, ZORIONAK guztiei, eta batez ere Aritzi, lan gogorra egin baituzu.

Eskerrik asko etorritako dantza taldeei eta musikariei ere.

GORA TXISTU POWER

 

 

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.