Iruñaldia abiatu genuenekoa
Bilbok Loraldia duen bezala, Iruñeak Iruñaldia du iaztik.
Ez gara halako makrojaialdien oso zale —nahiago genuke gure kultura urte osoan modu duinean karrikan presente balego— baina zenbaitzuetan gure inkoherentziak ere onartu behar ditugula diote gauza hauetaz dakitenek. Horixe tokatzen zaigu, bada! Tira, Iruñeko jaialdia abiatzeko eskaera egin digute eta baiezkoa eman diegu. Horretarako interesgarria iruditu zaigu iaz abian jarri dugun formulatxoa —trokeo-dantzak + brass banda + bertsolariak— eta han agertu gara, azaroaren 18an, gaueko 20:00etan, Iruñeko Udal plazara. Pepe el Habichuelaren ordez Sustrai Colina eta Sarai Robles bertsolariak. Josemi Carmonaren ordez, Ion Celestino eta bere Broken Brothersak. Alde ederra!
Agur Jaunak berezia joz abiatu du ekitaldia kobre bandak. Bertsolariek ere agur egin diote, neguko gaua izanagatik ere, mukuru bete den Udal plazari. Eta abiatu dira dantzariak gaiten eta brass bandaren doinura.
Bi txandatan banatu dugu emanaldia. Lehenengoan karrika-inguruaz gain Xenpelarrena eman dugu —makil-txikien dantza— eta Ama begira zazu, brokel eta ezpata dantza ere —Brokel Brothers eta Sisters, sinbiosi erabatekoa momentu horretan gertatu dena (ehem, barka)—.
Saraik eta Sustraik guk dantzarako erabilitako doinuekin bertso sorta ederra bota dute. Ez dela sanfermin girorik baina plaza bete dela, hala ere. Gure 75. urteurrenari eta txupinazoari buruzko kontuak, hau eta hura... Hozteko denbora gehiegirik izan gabe beste bi dantza eman ditugu: Betroiarena —beste makil txikien dantza eta arku-dantza.
Bertsolarien beste saio motz batek eman dio akabera ordu erdi inguruko emanaldiari.
Izan dadila Iruñaldia urte osoan, egunerokoa eta bertatik bertara egina!