Iruindar bat Arraten
Aurreko irailaren 8an Arrateko amaren eguna ospatu dute Eibartarrek. Arrateko dantzarien egun handia izaten da hori. Kezkakoek urtero kanpoko dantzariren bat gonbidatu egiten dute dantzara, ezpata-dantzan eta trokeo-dantzetan bakarlari lana egitera. Aurten gure taldeko Aritz Ibañez-ek izan du Arrateko egunez dantzatzeko ohorea eta talde osoarendako ere berezia izan da gonbidapena.
Aritz-ekin batera hiru dantzari bikain aritu dira dantzan gonbidatu gisa: Añorgako Gari Otamendi, Elgoibarko Mikel Legorburu eta Galdakaoko Egoitz Krutxaga.
Gari eta Aritz Arrateko kofradiako kide berri ere izendatu dituzte eta horregatik dantzatu dute Arrateko santutegiaren barnean, mezan. Ondoren prozesioa, eta honen ostean, Mikel eta Egoitzekin batera ezpata-dantza berriz Arrateko amaren irudiari. Ondotik, Arrateko zelaixan, talde osoak ezpata-dantza eta trokeo-dantzak eskaini ditu. Aritz-ek makil-txikienen taldeko buruzagi lanak egin ditu.
Zorionak beraz Aritz-i eta gainontzeko kofradiakideei, eta eskerrak Kezka dantza taldeko lagunei! Haien ohorezko liburuan idatzi zuten bezala:
"... hamentxe gelditxu deilla, naparrak, bizkaitxarrak eta gipuzkuarrak, alkarrekiñ eta pake edarrian, dantzan eiñ eben urteko lorratza. Eta urte askotarakua suertau deilla hori pakiori".
Arrateko Amaren eguneko zenbait argazki hemen (Jon Iraola eta Angel Leza)