Igande honetan San Juan bezperako soka-dantza Iruñean
San Blas egunean egin genuen soka-dantzaren kronikan aurreratu bezala, San Juan bezperan neskek ateratako soka-dantzaren txanda izanen da. Finean, Otsailean egindako dantza bera izanen da, baina oraingoan, neskek eramanen dute dantzaren pizua eta ardura.
Arratsaldeko 7:30etan eginen dugu, Errotxapeako zubiaren ondoko belardian.

Arriasko plaza eta Errotxapeako maiordomoen dantzak
Jose María Jimeno Jurioren, Joxemiel Bidadorren, Mikel Aranbururen eta Iruñeko Fray Joaquín-en testuei erreparatuz, besteak beste, ezaguna da Errotxapeako Arriasko plaza ohiak dantzarekin zuen lotura. Bertan hasten zuten auzoko maiordomoek festetako dantzaldia XIX. mende amaierara arte. Egun, Arriasko plaza desagertua da, baina zegoen tokitik gertu-gertu dantzatu nahi izan dugu guk ere!
Kantua
San Blas eguneko soka-dantzarekiko alde bakarra izanen du San Juan bezperako honek, dantzan hasi aitzin, neskek abestuko duten kantua. Euskal Herriko hainbat zokotan, San Juan bezperean kantatzen diren kopla ezberdinekin atondua:
nekez etorri, bizkor joan
arraultz pare bat kolkuan,
beste pare bat altzuan.
Zapo ta sugeak erre!
arto ta gariak, gorde!
Bihar dala San Juan
Gu hemen dantza gaitian
San Juanen bezpera
Ogi ta ardoa etxera
Plaza hontako neska gaztiak
Txokolatea hartzera
Egunian ta gauian
izarra argi denian.
San Juanen pozian
Gu hemen dantza gaitian