Hartzarekin batera esnatu gara, soka-dantzan

2018/02/16
Hartzarekin batera esnatu gara, soka-dantzan

Hartza Otsailaren 2an esnatzen omen da neguko lozorrotik, aharrausi artean nagiak ateraz.

Hartzak bezala, guk ere, egun bateko berantarekin badere— astintzen ditugu zangoak urtean lehenbizko aldiz Sanblas egunarekin, urte hondar eta hasmentako neurrigabekeriez gure onera etorrita, halako iratzartze erritu batean. 

Agian horregatik maitasun berezia diogu Sanblas eguneko soka-dantzari. Horregatik edo ausaz, soka-dantza bihurri eta jostaria delako: bere inguruan jende asko maite ez duena, iaz hemen aurten han agertzen dena, egun argiz ala ilunabarrean...

Aurten, larunbatarekin bat egin du otsailaren 3ak eta Iruñeko udalak eguerdiko 13:30etan zehaztu du dantzarako tenorea. Ikusleen artean jende txit gorenik ere izan da!

Argazkia: Pablo Lasaosa

Atera dugu soka, zopatu zaizkigu espartinak, eman dute lehen belauntxingoa Aritz eta Osel aitzin eta gibel-eskuek eta ondotik, soka guztiaren axeri-dantza heldu da.

Argazkia: Pablo Lasaosa

Argazkia: Mirentxu Iribarren

Argazkia: Pablo Lasaosa

Zortzikoarekin sartu dira neskak sokan eta belauntxingoa dantzatu diete mutilek. Gibeletik inguru-txikia eta inguru-handia, bixi-bixi. Eta karrika-dantzan, bazkaltzera!

 

Argazkia: Pablo Lasaosa

Bi oharño bukatzeko:

1-Ibai Indartek eta Zuberoa Hualdek soka-dantza eman dute lehenbiziko aldiz. Biba zuek! 

2 —Gaizki ohituegi gaude gure musikari bikainen doinura dantzatzen eta zenbaitetan ahanzten dugu haien lana behar bezala eskertzen. Otsailaren 3an musikan aritu dira Iñaki Sagardoi, Aitor Huarte, Eiande Aranburu, Enneko Ganboa, Beñat Lopez, Julen Leuza eta Roberto Antzano. Mila esker beraz, eta biba zuek ere!!!