Erriberako euskaldunekin, beste behin
Aurten ere, eta badira 6 urte, Tuterako bestetan egon ginen dantzan, uztailaren 26an, Tuterako Beterri peñak gonbidatuta. Arratsaldeko bero sapa sahiestearren, 8ak aldera atera ginen dantzara Erriberako hiriburuko alde zaharreko kale estuetan barrena. Hala ere, beroa bero!
Herrerias kalean, Plaza nagusian eta beste zenbait karrika eta plazatxoetan dantzatu genituen Otsagabiko, Jaurrietako eta Zuberoako zenbait dantza, Dugunako musikari, Roberto Anzano eta Tuterako gaiteroen doinuek lagunduta.
Ilusioa genuen, Tuterako gaiteroak "engainatzea" lortu baikenuen Otsagabiko jota oso-osorik egiteko (dantzari bakoitza plaza erdira banan-bana aterata, alegia), baina Tuterako zezen-suzkoak saiakera boikoteatu zigun. Beste batean beharko du!
Beterriko patioko ohiko dutxaren ondotik (ez eskatu argazkirik, nahiz egon badagoen), eta Remigio ostatuko ohiko afari goxoaren ondotik, Iruñera itzuli ginen gehienak, berriz itzultzeko gogoz, beti bezala.
Mila esker beste behin Tuterako euskaldunei, Beterri peñari eta Tuterako gaiteroei, beti horren goxo tratatzeagatik. Biba zuek!





- Tuteran atera genituen argazkien sorta bat hementxe duzue ikusgai