Dokumentuaren akzioak
Eibarko Untzagan, Iruñeko udal plazan nola
Aspaldikoa dugu Kezka dantza taldearekiko harremana. Askotan nora jo jakiteko, Eibar aldera zuzendu dugu begirada eta han kausitu dugu erantzuna hainbatetan. Horregatik beti joaten gara plazer handiz bertara dantzara eta joandako maiatzaren 12an ere hala izan da. Euskal Jaia 2 astez aurreratu dute eta Ezpalak jaialdiaren ordez, Kezka eta Dugunaren arteko emanaldia proposatu digute egun horretarako. Gure trokeo-dantzak oraindik ere Eibarren erakutsi gabeak genituenez gero, hori izan da hautatu dugun errepertorioa.
Hasteko kalejira programatu digute eta hortaz, bitan banatu da gure musikari saldoa: gaiteroak trokeo-dantzariekin eta fanfarrea Kezkako dantzariekin.
Berotzen joateko karrika-dantza eman dute dantzariek bizpahirutan Urkizutik Untzagarako bidean eta beste behin Untzaga plazara sartzean. Etxekoak garela esan digu Enrikek mikrofonotik eta gu ere etxeko sentitu gara enparantzara sartzean, Iruñeko udal plazan dantzan ariko bagina bezala —aldapa eta guzti—.
Aurkezpenen ondotik, Kezkako lagunek zabaldu dute emanaldia kontra-dantza saldo eder batekin, Argia dantzari taldearen omenetan: Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltzek apailatutako kadrilea lehenbizi, ondotik Axeri-boda ikuskizunean Axeri-beltzek dantzatzen zuten beste kontra-dantza eta bukatzeko "Kaleko Argia" izendatutakoa. Gure taldeko musikariek jarri diete konpasa Eibarko dantzariei.
kezkako lagunen ordu-laurden inguruko saioaren ondotik gure dantzarien txanda heldu da. Julen Leuza eta Beñat Lopez gaitei puzka eta Shanti Diaz danborrari eraginez hasi eta abiatu dira dantzariak.
Plazaren erdira-edo heldu, koda eman eta makil-txikiak astintzeko gogoa heldu zaigu, hasteko. Hatsa berreskuratzeko segundu batzuk hartu, gaiteroei seinalea eman eta Betroiarenaren doinura eman dugu makil-dantza.
Makil txikiak utzi eta zintak hartu ditugu ondotik. Aski kaka-nahaste ez bagenuen orain arte, dantzaren garapena zaindu ordez —dantzariek guztiz barneratuak dituzte egin beharreko aldairak—, dantzan parte hartzea erabaki du boboak, tarteka berak ere zinten txirikorda zeharkatuz eta dantzariak zirikatuz. Onik atera gara esperimentutik eta zinta-dantza lotu eta askatzea lortu dugu.
Hasierako dantzariei atsedena eman eta indar-berrituta hartu du plaza, makil-luzeak eskuan, bigarren dantzari saldoak. Iruñeko ferietan dantzatzen hasi eta konturatu gara —konturatuak ginen honezkero— Eibarko plazak baduela malda bikoitz bat eta gutxigatik ez dugu makil-luzeen dantza Elgoibarren amaitu!!
Baina berriz ere plazaren erdia hartu dugu, disimuloan, brokel-dantza egiteko. Txintxinka eta txunda-txundaka lagundu ditugu "Ama-begira zazu"ren gaita hotsak eta plazerra hartu dugu brokel kolpe bakoitzean.
Arnasaldi berri baten ondotik, azken aldaketa bat egin diogu zortzikoteari eta azken pieza emateko gerturatu gara: arku-dantza. Hau ere azkenaldian pixka bat tuneatua, gusturago dantzatzen dugu guk orain eta agian hori ikusleari ere helduko zaio? Jauzika, kiribilka, itzulika... ibili ondotik, korapiloa askatu dugu eta horrela eman diogu amaiera goizeko emanaldiari, Iruñeko udal plazan dantzatu izan bagenu bezain etxean.
Goizeko saioa bukatuta, izan dugu kalakarako tartea, aperitifa hartzekoa eta ondotik, goxoki bazkaltzekoa. Baina ez dugu gure jarduna oraindik bukatu. Arratsaldeko dantzaldia, Kezka dantza taldeko Josu Garatek gidatu du, baina gure musikariek jarri diote doinua, ia bi orduz. Eguzkipeko epelean, jauziak, jotak, arin-arinak eta agarrauak dantzatzeko aukera izan dugu, tarteka itzala ere bilatu dugularik.
Egun osoko nekea pilatuta baina arima beterik hartu dugu Iruñerako busa. Egun konpletoa izan da. Halako harrera goxoagatik, mila esker Kezkako lagunok!
Iñaki Zugastik hartutako argazki ederren sorta, hementxe.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05