Dokumentuaren akzioak
Dugunako dantzarion eguna 2025

Aurreko urteotan ekainean egin ohi genuen Dugunako dantzarion eguna maiatzaren 25era aurreratu dugu aurten, heldu den hilabetea ere bete samarrik heldu baitzaigu aurten. Hartara, lanak aurreratu behar. Txikien dantza eskolako talde guztiek parte hartzen dute emanaldi honetan, baita helduen taldea ere. Eta honakoan, modu berezi batean atondu dugu emanaldia, izan ere, talde bakoitzak plazan arakutsitakoa soka-dantza handi baten adar gisa irudikatu baitugu.
Txikien taldeko dantzari koxkorxeenak eta helduen taldea soka-dantzan sartu dira Burguen plazan eguerdiak jo dituenean Udaletxeko erlojuak. Ia 50 dantzariz osatutako soka izan da eta usaiazko zubiak egin ondotik puntu erdiko arkuaren itxuran kokatu dugu taldea. Aukez-aurkakoa dantzatu dute orduan Mikel Tristan aurreskuak eta Aritz Ibañez atzeskuak.
Esan bezala, soka-dantzaren enbor horretatik ateratzen joan dira beste hainbat adar txiki. Esate baterako, Uztai-txikiena. Helduen eta txikien taldeko dantzari bana atera da kapitain lanak egitera eta bitartean, gibelean, beste zortzina dantzari haien arkuak hartzera erretiratu dira sokatik. Eman dute Uztai-txikiena, eman dute gero dantzari guztien, Eskuz aldatzeko soinua edo Axeri-dantza, eta lehen parte honi amaiera emateko, eman dute Zinta-dantza ere.
Soka-dantza banbalina artera erretiratu dugu une batez eta bestelako dantzei egin diegu tarte. Dantza eskolako dantzari txikienek Baztango esku-dantza eman dute aurrenik eta ondotik, Biarnoko Fricassea, Jean Michel Guilcher ikertzaile frantziarrak Biarnon, Baigts de Bearn herrian bildutako dantza.
Dantza eskolako bigarren taldearen txanda izan da ondotik. Baztango zortzikoa dantzatzen sartu dira plazara eta horren ondotik, askotan ikusi ez dugun Erratzuko sagar-dantza eman dute sinple eta garbi. Gero, fandangoa eta arin-arinarekin amaitu dute haien parte hartzea.
Dantza eskolako hirugarren taldearen aldi izan da ondotik. Sanferminetako txikien ezpata-dantza eman dute, poliki-poliki, hurbiltzen ari zaizkigun Iruñeko ferietarako prestaketa gisa. Ordurako plazako giroa berotzen ari da eta ikusleek txaloz lagundu dituzte dantzari gaztetxoen urrats saltariak.
Baina hastapeneko soka-dantza ez baitzen amaitua, berriz ere sartu dira soka-dantzariak plazara. Ehun ta bikoa soinu zaharra eman dute Aitor Puig-ek eta Aritz Ibañez aurrendari eta azkendariak eta lehen bezala, sokatik bestelako dantzak ateratzen joan dira. Lehena, Makil-handiena. Txikien eta helduen talde banak eman du hau ere. Gero, publikoko jendea gonbidatu dugu sokara, dantzari bakoitzak lagun bat eta agurra dantzatu diete. Sokarekin, eta hartara emanaldiarekin, bukatzeko fandangoa, arin-arina eta kalejira eman dute denek elkarrekin.
Emanaldia bukatuta, talde argazkia egin dugu, egunaren oroigarri.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Kezka dantza taldea on Iñaki Dominguez Zilbeti joan zaigu
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.