Olentzero entendimentuz jantzia, 2017an
♩♪Olentzero buru handia, entendimentu gabea...♫♪ . Kantaren bertsio hori nahiago dugu, normalki, guk maite dugun Olentzero bazterreko hori hobe islatzen duelakoan, baina joandako abenduaren 23an Olentzero entendimentuz jantzia atera nahi izan genuen behingoagatik. Berria, Argia, Elhuyar, Pikara... gertuko sentitzen ditugun egunkari eta aldizkariak irakurtzen eman genuen Olentzero, hortaz!
Entendimendu hori bera —eta pazientzia pixka bat— erabili behar izan genuen, dantzari txiki berriei azaltzeko gure panpina Olentzero dela, eta ez soilik Bilboko kabalkadako Papanoel txapeldun hori. Ez dugu uste errelatoaren borroka irabazi genuenik, baina gure argudioak finduko ditugu heldu den negurako!
Edonola, giro ederrean atera ginen kantura Nabarreria auzo zaharrean barna. Larunbat arratsaldea izaki, denda zenbait itxita topatu genituen, eta beraz taldeko zenbait laguni —Martxelori, Leire eta Ioni eta Itziarri eta Aitorri— atean kox-kox jo behar izan genien arrautze eta ziztor eske. Karridendan, Gurgurren eta Beatrizen ere izan ginen eta eskertzen dizkiegu merendurako eskainitako puskak.
Itzuliaren ondotik, dantzaldi txiki bat barkillogileen plazatxoan eta ondotik, txokolate beroa eta txistor pintxo goxoak Iñaki Domingez sukaldariari esker, kolkoa berotzeko.
Olentzero hurbilago, partehartzaileago, parekideago, euskaldunago, lurtiarrago, garaikideago... baten alde, heldu den abenduan ere kalera ateratzeko mehatxua joa dugu dagoeneko!
