Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Donostiatik Arberatzera. Muriskatik EHZra

Dokumentuaren akzioak

Donostiatik Arberatzera. Muriskatik EHZra

2025/09/19 10:35

San Juan bezperako soka-dantza egin eta San Ferminak bitarte saiatzen ohi gara emanaldi gehiagorik ez hartzen, Iruñeko festetako gure obligazioak ongi prestatu ahal izateko. Alta, aurten ezinezkoa egin zaigu. Izan ere, errefusatu ezinezko bi proposamen heldu baitzaizkigu asteburu bererako: Batetik, ekainaren 28an, larunbatarekin ,Argiaren 'Muriska' ikusgarriaren eszenaratzea Donostiako San Telmo museoko kaperan, eta bestetik, biharamunean, ekainaren 29an, trokeo eta soka-dantzari aritzea Arberatzen, EHZ festibalean.

Euskal dantzaren eremuan koreografia gogoangarririk bada, gogoangarriena guretako, Argia dantzari taldearen Muriska pastoral dantzatua da. Muriska 2024. urtean emana genuen azkenekoz, Confolens-eko (Frantzia) jaialdian. Hamaika urtetan, gure taldea behintzat, dezente odolberritu da eta beraz, dantzari gehientsuenek berritik ikasi behar izan dituzte dantzak eta koreografiak. Dugunako 23 dantzari eta musikari aritu gara orotara Muriska berrituan.

2025-06-28_Muriska-01

Ordu erdiko iraupena duenez Muriskak, eta San Telmoko kaperak ez duenez aforo handiegirik, bi pase eman ditugu arratsaldeko 19:30etan eta 20:30etan. Plazer hutsa izan da Muriska berriz eman ahal izatea, besteak beste Kezka, Haritz, Arkaitz, Elai-Alai eta Astigar dantza taldeetako lagunekin berriz biltzeko aitzaki ederra izan baiita.

2025-06-28_Muriska-02
Argazkia: Martxelo Sotes

2025-06-28_Muriska-03

Trasteak eta arropak arrapaladan bildu eta Iruñerako bideari ekin diogu biharamunean goiz abiatu behar baikara Arberatzeruntz. Igandean, bero saparen erdian heldu gara Amikuzeko herrixkara eta dantzarako tresna eta beztimenta guztiak festibala ospatzen den ingurura karreatu behar izan ditugu. Beroketa erdia eginda. Dantzarako jantzi eta dantza-doinuei buelta bat eman diegu. Izan ere gonbidatu bereziekin joko eta dantzatuko baitugu: Baigorriko Gaitistaneko Orkestrarekin, hain zuzen.

13:00etan pilota plazako eszenatoki aurrean gaude eta ikusleak bero somatzen ditugu xapitopeetan —zentzu literal zein irudizkoan—. Jende andana bildu da gure ingurura.

2025-06-29_EHZ-01
Argazkia: Guillaume Fauveau

 

Eta gaita doinu apainduekin ekin diegu Trokeo-dantzei. Karrika-ingurua, makil-txikienak, makil-handiena, arku-dantza, ezpata-brokelena eta zinta-dantza, Trokeo-dantza guzti guztiak eman ditugu, jendearen berotasunak eguerdiko tenperatura handia ahantziarazi digunez gero.

2025-06-29_EHZ-02
Argazkia: Guillaume Fauveau

2025-06-29_EHZ-03
Argazkia: Joseba Arginzoniz

Behin izerdi egiten hasita, nola ez dugu ba soka-dantza ere emanen, jendearekin partekatzeko gainera! Itziar Gonzalezek egin ditu aurresku lanak eta Mikel Tristanek atzeskuarenak. Tartean beste hogeitaka dantzari. Soka-dantzako parte guztiak eman-eta, publikoko jendea gonbidatu dugu dantzara, ingurutxoa fandangoa eta arin-arinarengatik ordezkatuz —ikusleak anima zitezen errezagoa izanen zelakoan—. Bai to eta no! Ingurua Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantzariz lepo betea bazen ere, kosta zaigu dantzari guztiendako bikotea lortzen. Baina dantzatu gara sueltoan eta baita plazer hartu ere! (Batez ere behin bukatuta ura edan ahal izan dugunean).

2025-06-29_EHZ-04
Argazkia: Joseba Arginzoniz

2025-06-29_EHZ-05
Argazkia: Ekhiotz Arbe

2025-06-29_EHZ-06
Argazkia: Ekhiotz Arbe

Zorabioren bat gora-behera amaitu ditugu San Fermin aitzineko lanak. Egunaldi ederra pasa dugu Arberatzen, nahi baino goizago itzuli behar izan dugun arren. Asteburuko beroketa lan hauekin beraz, Iruñeko festetarako prest gara!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.