Donibane Lohizunen, heldu eta gazte
Besta Berri egunez, ekainaren 3arekin aurten, Donibane Lohizunera abiatu gara, autobusa bete dantzari, txiki nahiz heldu. Begiraleak taldeko lagunek Udaberria Dantzan jaialdia antolatu dute beste behin eta gu gonbidatu, Gasteizeko Jare, Añorgako Arkaitz, Ezpeizeko Xiberoko Jauna, Erandioko Trabudu eta Bidarraiko dantza taldeekin batera.
Goizean, heldu bezain laster, karrika-ingurua eta txikien taldeen dantza emanaldia. Gureek soka-dantza prestatu dute eta hainbat lagun atera dituzte dantzara.

Dantzari gazte asko ekarri ditugu helduen taldean ere eta haiek ere atera ditugu dantzara goizeko emanaldian. Sanferminetako trokeo-dantzetako makil-txikiena eta makil-handiena eman ditugu 2 zortzikotetan.
Bazkalondoan talde nagusion emanaldia. Gu azkenaurrekoak gara dantzan eta beraz ia bi ordu ditugu gure txanda heldu aurretik. Denbora egiteko Leon Gambettaren karrikatik karrikadantzan abiatu gara gora eta behera, aspertu eta eskolaren plazan pausatzera eseri garen arte. Euri xorta batzuk ere bota ditu, baina azkenean eutsi dio. Eta ia 18:30ak pasata zirenean heldu da gure txanda. Betraoiarena, Arri-arri mandoko, Iruñeko ferietan eta Ama begira zazu eman ditugu.
Egun luze bezain goxoaren zaporearekin itzuli gara Iruñera.