Trokeo-dantzak Done Saturdi egunez, urteari amaiera emateko
Gure dantza denboraldi "ofiziala" azaroaren 29an, Done Saturdi egunarekin bukatzen ohi da eta 2019an hala izan da. Egun horretan izan dugu urteko azken dantza emanaldia. Goiz eguzkitsu eta epela. Beste aldi batzuetako elur eta zero azpiko tenperaturen arrastorik ez. Aitzakirik gabea, beraz. Alde zaharreko burgu frankoetatik promenatu, hamaiketakoan indarrak hartu eta udal plazako gure emanaldirako prestatu gara.
Malabarismo jokoak dantzarako zerrendak atontzeko garaian, irailan heldu zaigun dantzari labealdi berriarekin horrenbeste lagun baikara. Zorioneko buruhausteak!! Hiru trokeo-dantza egin behar ditugu, beraz... 3 dantzari zortzikote!
Ohiturak doi bat aldatzeko, arku-dantza eman dugu aurrenik eta ezbeharrik gabe joan da!
Dantzari zortzikotea aldatu eta ezpata eta brokelen dantza dantzatu dugu ondotik, tartean Saioa eta Haizea debutariak!
Eta amaitzeko zinta-dantza, urte osoan zehar txirikordatutakoak destxirikordatzen bukatzeko. Honako honetan ere dantzari batzuk lehenbiziko aldiz aritu dira udal plazan, Bittori eta Jone, esaterako. Xingolak lotzea eta deslotzea lortu dugu, beraz, xedea beteta!

Ander Lukin eta Jesus Caso-ren argazkiak ederrak dira ederrak direnez, baina mugimendua emanen bagenie? Hortxe Mattin Larreak hartutako bideo irudiak:
2020an gehiago!