Dantzari-dantza Iruñeko dantzarien topaketan
Iruñeko dantzarion VII. topaketa antolatua izan da aurten, joandako ekainaren 15ean. Auzoetako festetan egin ohi dugu Iruñeko dantza talde ezberdinen arteko emanaldi komun hau eta aurtengoa Azpilagaña auzoan izan da. Ortzadar, Oberena, Eluntze, Muthiko Alaiak, Iruña taldea, Basakaitzek eta guk parte hartu dugu aurtengoan.
Durangaldeko Dantzari-dantzako zikloa prestatzen aritu gara ikasturte honetan eta bagenuen plazara ateratzeko gogoa. Denbora mugatua genuenez, Ezpata-joko nagusia, Launango eta Txontxongilo eman ditugu, lehenbizi Migel Astrain kalearen ondoko plazatxo batean, eta ondotik, jadanik gainontzeko dantzari guztiekin batera, Pedro Aranaz karrikak egiten duen enparantzatxoan. Ordukoak dira ondoko argazkiak, Hasier Morenok hartutakoak:



