Bi emanaldi berezi, asteburuan
Gure ahalmen eta gaitasunen arabera, xeheki antolatua genuen gure 75. urteurreneko programazioa. Baina gainezka egin digu godaletak. Txupinazoa botatzeko ohoreak ekartzen dituen betebeharrak, eta beste erakundeen gonbidapen xirimiriak gure konfort zonatik atera gaituzte azken asteotan. Gauza ederrak direnez gero ez gara kexatzen hasiko. Xirimiriaren azpian dantzatzen moldatu behar.
Hartara, heldu den asteburuan bi emanaldi berezi izanen ditugu. Horietarik lehenengoa, larunbat gauean (22:00) Pamplonesa musika banda eta Iruñeko gaiteroekin batera. Kontzertu dantzatua eginen dugu Iruñeko Ziudadelan.
Iruñeko gaiteroekin batera Sanferminetako trokeo-dantzak emanen ditugu lehenik. Pamplonesa musika bandak estetika berezia emanen die ohiko doinuei, eta estrainekoz, dantza guztiak emanen ditugu bandak lagunduta, Jesus Garisoainek egindako konponketei esker. Ondotik, solstizioa ospatzen ari garenez gero, San Juan bezperako soka-dantza eginen dugu, Dugunako txistulariekin eta Pamplonesarekin batera. Ikusle ariko diren lagunak, dantzara gonbidatuko ditugu azken partean. Eta bukatzeko erromeria bat bilakatuko dugu dantzaldia. Aiko taldearen Bantzaldiko zenbait ale emanen ditu Pamplonesak (baltsak, pasodobleak, dantza-jauziak, fandango eta arin-arinak) eta animatuko diren lagun guztiekin batera, dantzarako plaza partekatuko dugu.
Igandean, aldiz, 19:30etan eta Santa Ana plazan, San Juan bezperako soka-dantza emanen dugu, azken urteotan ohi dugun bezala. Aurten ere ohorezko gonbidatu bereziak izanen ditugu. Izan ere, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko lagunak ere ospakizunetan dira. 50. urteurrena ospatzen ari dira aurten eta mende erdi honetan egindako ibilbidea eta ekarpen aberats eta oparoa aitortu eta eskertu nahi diegu dantzan.
Ortzadarreko lagunekin batera, bertara hurbildu nahi duten guztiek ere izanen dute gurekin dantzatzeko aukera.
Hartara, asteburuko hitzorduak hauexek:
- Pamplonesa eta Dugunarekin dantzan (kontzertu dantzatua)
2024-06-22
22:00
Ziudadelan
- San Juan bezperako soka-dantza
2024-06-23
19:30
Santa Ana plazan