200 dantzarik osatutako sokarekin itxi dugu 75. urteurrena
Emanaldiak, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, erakusketak, musika, bertsoa, dantza, gitarrak, kobreak, txistuak, gaitak, lagungoa, txupinazoa... ia denetarik izan duen urteurren bati amaiera eman diogu 2024ko azaroaren 29an, San Saturnino egunarekin.
Goibelxka iratzarri da eguna, eta euri zerbait ere bota du egun hastapenean. Baina segizioa abiatzerako, atertu du, alde zaharreko karriketako harlauzak bustirik badira ere. Ez da hotzegi, baina goizeko freskurak iratzartzen lagundu digu. Hamaiketakoak jarri du lan horretan azken alea. Prest gara dantzarako beraz. Iruñeko Udaletxera heldu garenean, Udal Korporazioari arkua egin eta berehala, Domingera jota dantzatu dugu Iruñeko erraldoi eta kilikiekin batera.
Ziztuan arropaz aldatu eta ohi bezala, trokeo-dantzak emateko prestatu gara, erraldoiek beste balts bat ematen duten denboran. Hiru dantza eman ditugu. Xenpelarrena makil-txikiena, Ama begira zazu brokel eta ezpata-dantza eta Pinpirin eta florian arku-dantza.
Trokeo-dantzak bukatu ditugunerako prest dira Burguen plazako arkupeetan soka-dantzan parte hartuko duten berrehundik gora dantzariak. Gehien-gehientsuenak Dugunako dantzariak eta musikariak, egungoak edo beteranoak. Baina gure urteurreneko lerroburutzat Adaiskidantzan hartu baitugu, adiskideak ere ezin falta.
Taldeko txistulariek alkate soinuaren doinua abiatu dutenean, ekin dio Udal plazatik Gazteluko plazarainoko ibilbideari Ane Zabala aurreskuak.
Gazteluko plazara heldu eta berriz ere Iruñeko Orfeoiaren egoitzaren parean atondu dugu puntu erdi itxurako taldea. Orduan Ane Zabala aitzineskuak eta Itziar Gonzalez gibeleskuak belauntxingoa dantzatu dute buruz-buru agur gisa —diosal zentzuan baino, despedida gisa gehiago—.
Belauntxingoaren ondotik, soka desegin eta taldeka antolatu gara fandangoa eta arin-arina dantzatzeko. Batetik, Dugunako zazpi hamarkadetako dantzari eta musikari beterano eta gazteak.
Eta esan bezala, gonbidatuak.
Iruñeko Orfeoikoak:
La Pamplonesa musika bandakoak:
Karrikirikoak:
Labakoak:
Eta Zaldiko Maldiko eta Euskaldunon Biltokikoak:
Karrikainguruan amaitu dugu Gazteluko plazakoa. Bazkaltzera joan aitzin, talde argazkia egin dugu Burguen plazan. Bazkal ondotik ere izan da zer dantzatu! Baina horiek gure oroimenean gordeko ditugu.