2011ko San Ferminetako peripeziak
Ta ia konturatu gabe, beste urte bat pasa da eta berriz heldu zaizkigu San Ferminak. Eta festaren eztandarekin batera dantzatzea egokitu zitzaigun beste urte batez ere.
Jaien bezperan Iruñea eta Iruñerriko dantza talde guztiok batera dantza egiten dugu Foruen plazan. Aurtengo prestatutako dantzak hauek izan ziren: Otsagabiko dantzak (Enperadorea, Katxutxa, Modorro, Jota eta Pañuelo-dantza), Matelota eta Tafallako jota. Ondoren, nahi zuen guztiak dantzatzeko zenbait jauzi eta Larrain-dantza jo zituzten Ortzadar-eko musikariek.


Hona hemen youtubera Diana Fernandez-ek igotako Otsagabiko dantzen parte bat.
- Uztailaren 6ko emanaldiko argazki sorta hemen ikus dezakezue. (Argazkiak: Aitor Razkin eta Aritz Ibañez)
Uztailaren 7a izaten da iruindar askorendako urteko egunik politenetakoa, San Fermin eguna. Prozesioa izaten da goizean goizik eta eguerdirarte eta bertan parte hartu ondoren, udal plazan dantzatzea egokitzen zaigu. Aurten Durangaldeko Dantzari-dantzako zenbait dantza eta Erregelak dantzatu genituen.


- Uztailaren 7ko prozesioko eta emanaldiko argazkiak hemen ikus ditzakezue. (Argazkiak: Akier Perkaz eta Aitor Razkin)
Eta ia konturatzerako, zortzi egun pasa eta uztailaren 14a, Zortziurrena. Egun horretan ere segizio txikiagoa izaten da, santurik gabe oraingoan, baina mezatik bueltan gainezka izaten da udal plaza. Aurten ere hala izan zen. Neskek kilikiekin batera eta erraldoiek inguratuta dantzatu zuten "La Dominguera" izeneko jota eta ondoren, neska eta mutilek batera, Lizarrako Larrain-dantza. Horrekin eman genien amaiera aurtengo San Ferminetako konpromezuei.

- Uztailaren 14ko argazkiak hemen ikusgai. (Argazkiak: Aitor Razkin eta Mikel Irure)
328 egun falta dira!