Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan

Orain arteko ekarpenak

Lekeitio: San Pedro 2020 Kaxarranka Asier Uskolaren oinetan

2020/07/10

2003. urtetik dantzatzen du Kaxarranka Lekeition Asier Uskolak. 34 urtez dantzatu zuen Pedro Murelagaren eskutik jaso zuen erreleboa. Uskolak 18. aldiz dantzatu du aurten, adin nagusitasuna beraz dantzan. Kaxarranka nola dantzatzen den azalduz tutoriala grabatzeko eskaera egin diogu, baina erantzun digu berak nola dantzatzen duen azalduko digula, ez "kaxarrankaren tutoriala". Izan ere, kaxarrankak, beste dantza batzuk bezala, badu egitura bat, baina horren baitan, dantzari bakoitzak bere interpretazio pertsonala egiten duela defendatzen du Uskolak, eta berak dantzatzen duen modua ez dela kaxarranka egiteko modu bakarra, Asier Uskolaren dantzatzeko modua baizik. Hona ba kaxarranka Asier Uskolaren oinetan. Irudiak: Idoia Lahidalga, Lekeitioko Udala. Edizioa: Idoia Lahidalga, Kaxarranka Asier Uskolaren oinetan, Lekeitio, 2020-06-29.

Santurik gabeko Tuterako Alde Zaharreko Paloteadoa

2020/07/09

Hiru urte dira Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa kaleratu zutela. Aurten ezin izan dute bere horretan plazaratu, baina ez pentsa Alde Zaharreko auzokideak geldirik geratu direnik: "Hemen gaituzue berriz, Entzun Tuterako herria: Paloteaua ez du akatuko Covid hemeretziak". Aurtengoan bideotxo bat pr...

Gehiago irakurri

Iruñea: San Fermin 2020 makila handiena

2020/07/09

Aurtengo Iruñeko Sanferminak bertan behera geratu badira ere, Dugunako dantzariek eta gaiteroek ez dute uztailaren 7ko egun berezia dantzatu eta jo gabe pasatzen utzi nahi izan. Trokeo-dantzak ematen dituzte Sanfermin egunez eta dantza sorta horretako makil-handienaren grabazioa sareratu dute, joandako uztailaren 7an. "Iruñeko ferietan" kantu-doinu ezagunak laguntzen du dantza hau eta sanferminetako haien bi dantzaldietan eman ohi dute Iruñeko udal plazan. Honakoan, Berueteko ostatu aurreko enparantzan egin dute dantzaldia, ikuslerik gabe eta maskarak aurpegian. Irudiak: Santi eta Mikel Legaristi. Muntaia: Iñaki Tristan. Makil handiena, San Fermin, Duguna, Iruñea, 2020-07-07.

Tutera: Alde Zaharreko paloteado konfinatua 2020

2020/07/06

Tuterako Alde Zaharrean ezin izan dute paloteadorik eman aurtengoan, baina bideo hau prestatu dute dantza zatitxo batzuekin eta propio sortutako bertsoekin. 2018an estreinatu zuten Alde Zaharreko paloteadoa eta aurten hirugarren aldiz plazaratzekoak ziren. Prestaketen erdi-erdian harrapatu ditu konfinamenduak, ondorioz bertan behera gelditu dira entseguak eta azken emaitza ezin izan da eskaini kalean. Hala ere, azken momentuan zati txiki bat grabatzera animatu dira. Maskarak soinean dituztela, Padre Baztan parkean egin dute grabaketa ikuslerik gabe. Entseatu ere egin gabe dantzatu dutela azaldu digute, bertsoak pare bat egun lehenago prestatu eta erdi inprobisatu dute dena. Karrika-dantza, palitroke eta zinta-dantzaren zatiak dantzatu dituzte. Grabaketa ekainaren 27ko arratsaldeko 20:00etan argitaratu eta zabaldu dute, berez paloteadoa kaleratuko luketen egunean eta orduan. Irudiak: Paloteado Tutera, Sergio Miramon. Itzulpena: Dantzan.eus. Tuterako Alde Zaharreko paloteado konfinatua, Tutera, 2020-06-27.

Zumarraga: Santa Isabel 2020 ezpata-dantza konfinatua

2020/07/03

Antioko ermita inguruetan festa eta jenderik gabe dantzatu dute Zumarragako ezpata-dantzariek. Santa Isabel egunez izan ohi den jai eta jendetzarik ez da izan aurtengoan Antion. Dantzariak segizioan beharrean autobusez igo dira eta ermita barruan bakarrik dantzatu dute. Aurten ezpata-dantzaren zatitxo bat bakarrik plazaratu dute eta aurreskua bertan behera utzi dute. Jairik ez, baina meza ospatu da 120 bat pertsonako edukierara mugatuta. Adirane Peñagarikano azkendarietako batek arraroa eta hotza izan dela gaurkoa azaldu digu. Inoiz baino gutxiago entseatu dutela dio eta hori gorputzak igartzen duela. Sentsazio bereziekin, baina gustura agertu da. Dantzariak autobusetik jaitsi eta txistularien atzetik paseoan igo dira eskaileretan gora ermitako atariraino; atzetik korporazioko kideak zituztela. Horiek hamaketakoa egin dute eta berriro dantzariek lagundu diete ermitako atera. Ezpatekin egindako arku azpitik pasa dira udal ordezkariak elizara sartzeko eta atzetik baita dantzariak ere. Mezaren hasieran, Ama Birjinaren aurrean kapitainak eta hiru azkendariek beren puntuak dantzatu eta kanpora irten da ezpata-dantzari taldea. Irudiak: Idoia Lahidalga, Amaiur Aristi. Ezpata-dantza konfinatua, Zumarraga, Antio, 2020-07-02.

San Fermin dantzarik ez da izango aurten ez Lesakan ez Iruñean

2020/07/02

2020an Iruñean eta Lesakan ez da San Fermin festarik ospatuko, beraz, festetako dantzak ere bertan behera gelditu dira. Aurten ez da ezpata-dantzarik, ez zubigainekorik izango Lesakan, eta Iruñeko trokeo-dantzak ere ez dira dagozkion testuinguruan egingo, nahiz eta azken hauek ohiko festa eguteg...

Gehiago irakurri

Lekeitio: San Pedro 2020 kaxarranka eta eguzki-dantza konfinatuak

2020/06/30

San Pedro egun berezia ospatu dute Lekeition; leku aldaketa egin eta kofradian eta Abaroa parkean dantzatu dituzte kaxarranka eta eguzki-dantza. Sanpedropean, kofradiako patioan, egin dute goizeko ekitaldia eta kofradiako, udaleko eta elizako ordezkariak bertaratu dira. Gero, Abaroa parkean dantzatu dute. Eremu itxia da eta aurretik zozketaz sarrera egokitu zaien lekeitiarrak sartu ahal izan dira. Asier Uskola aritu da San Pedro egunean hemezortzigarrenez kutxaren gainean dantzan. Jarraian Etorkizuna dantza taldeko dantzariek eguzki-dantza egin dute. Kattalin eta Naia Aranzeta ahizpak aritu dira aurresku eta atzesku lanetan. Inoiz baino entsegu gutxiagorekin dantzatu behar izan dute eta herritarren berotasuna faltan bota dutela diote, baina dantzatu ahal izan dira eta gustura bukatu dute saioa. Irudiak: Idoia Lahidalga. San Pedro, kaxarranka eta eguzki-dantza konfinatuak, 2020-06-29.

Rafa Barraganen azken mutil-dantza

2020/06/29

Pasa den maiatzaren 27an hil da Rafa Barragan Collado, mutil-dantzari eta dantza-maisu baztandarra. Anaia Valentinek bezala, mutil-dantzetarako zaletasun handia erakutsi du Rafa Barraganek. Mutil-dantzen saioetan ohiko dantzaria, dantzarako eta mutil-dantzak irakasteko prest izaten zen beti, bai Baztanen bertan, bai Baztandik kanpo ere, Patxi Larralderekin batera eskainitako zenbait ikastarotan jardun baitzuen dantza-maisu. Rafa Barraganen azken mutil-dantza, 2020-06-29. 

Andoain: San Joan 2020 axeri-dantza egokitua

2020/06/26

Jokoak murriztuta eta moldatuta plazaratu dute aurtengo axeri-dantza Andoainen. Kalera irteteko aukera zutela ikusita, hiru taldetan banatu eta maskarak soinean ibili dira San Joan egunez Andoaingo kaletan axeri-dantzariak. Izaskun Beraza kapitainak azaldu digu beldur zirela jende gutxi animatuko ote zen, baina berrogei bat lagun elkartu dira eta oso pozik daude. Berazak talde bat gidatu du eta beste biak Bittor Uria eta Xato Irazuk. Joko batzuetan dantzarien arteko kontaktu handia izaten denez ez dituzte egin, soka-dantza ere aurtengoan ez dute dantzatu eta orratzaren jokoa adibidez moldatu egin dute egoerara. Irudiak: Amaiur Aristi. San Joan, axeri-dantza egokitua, Andoain, 2020-06-24.

 

Beasain: San Joan bezpera 2020 esku-dantza

2020/06/25

San Martin basilikan eta ikusleak mugatuta dantzatu da Beasainen San Joan bezperako esku-dantza. 2008an plazaratu zuten dantza eta urtetik urtera indarra hartzen joan dira San Joan bezperako errituak. Garazi Mujika eta Ane Mendizabal Aurtzaka dantza taldeko dantzariek azaldu dizkigute urteroko erritua eta aurtengo aldaketak. 13-14 urteko neskatoek goizean belar eta loreak biltzen dituzte buruko koroia egiteko eta denak batera apaintzen dira. Arratsaldean Igartzan dantzatzen dute eta ibaiko urarekin bustitzen dute aurpegia. Gauean Barrendaingo plazan aritzen dira dantzan sua piztu aurretik. Sua aurreko urtean erabilitako koroiekin pizten dute.

Aurten herrian ez da festa eta surik izan, baina dantzatu dute esku-dantza herritik aparte dagoen Loinazko San Martin ermitan. Dantza eta erritua laburtu behar izan dituzte eta maskarak soinean eta zapiekin lotuta dantzatu dira. Ikusleen sarrera ere mugatua izan da dantzari bakoitzeko bi gonbidaturekin. Egun berezia izan ohi da ekainaren 23a, lagunartean dantzan ematen diote urtaro berriari ongietorria eta aurtengoak aldaketak egin behar izan badituzte ere gustura bukatu dute saioa. Esan daiteke giro berezia sortu dela ermitaren atarian, batzuk “magikoa” izan dela era esan dute. Dantzarien familiartekoak eseri eta isiltasuna zen nagusi, nabarmena zen ezohiko egoera zela. Isiltasun hori segituan hautsi dute, ordea, dantzarien kantak eta musika alaiak.

Idiazabalgo Urtsuaranen Juan Garmendiak jaso zuen letra hau erabiltzen dute dantzariek sarreran:

“San Juan dala, San Juan dala zapatu arratsaldean.
Hamalau atso tronpeta jotzen zazpi astoren gaiñean.
Hiru ale ta gaztaina kaskalik ez, gaztañeri hontan sorginik ez.
Hemengo batek horko biri, balio badek etorriari!”

Irudiak: Amaiur Aristi. San Joan bezpera, Aurtzaka, esku-dantza, Beasain, 2020-06-23.

Orain arteko erantzunak

Dantzan on Non dantzatuko duzue uda honetan?

2015/07/29

Eskerrikasko Aurtzaka!

Bestalde, jakin dugunez Gaztedi danza taldea Italiara, Rimini jaialdirako joango da bertako foklore jaialdian parte hartzera uztailaren 31atik abuztuaren 8ra.

Joan hemen zuen irteeren berri uzten eta oporretatik bueltan jasoko ditugu denak albistean.

Ondo ibili!

Dantzan on Non dantzatuko duzue uda honetan?

2015/07/28

Mila esker Iker, jaso dugu zuena zerrendan. Eta ondo ibili!

Dantzan on Zein euskal dantza taldek dantzatu zuen Albert Hall-en 1967an?

2015/06/12

Eskerrikasko Etor! Alberto López Echevarrieta-ren "Ballets Olaeta" liburuan begiratu dugu eta ikusi dugu Olaeta balletak Estatu Batuetan ibili zirela biran 1967an. Londresko aipamenik ez dugu aurkitu. Ea bat edo beste konfirmatzeko modua egiten dugun.

Dantzan on Dantzabiz: Dantza Eskolara 2014 - Jauzika

2015/03/09

Eskerrik asko Arkaitz emandako informazio guztiagatik.

Dantzan on Inauteriak 2015 oinarrizko egutegia

2015/02/10

Kaixo Zaloa!
Ba segun noiz (goizez, arratsaldez, iluntzez, egun osoz), ze asmoz (ikusi, argazkiak egin, festan parte hartu...) eta norekin (helduak, umeekin...) joateko asmotan zareten. Inauteri asko nahiko intimoak eta barne kontsumokoak dira. Aldi berean horiek izan daitezke ederrenak... barrutik bizi dituztenentzat, baina kanpotik ikustera joateko ez dira errazak ez oso ikusgarriak (nonbaiten eseri eta entretenimendu bat espero duenarentzat).

Dantzan on Inauteriak 2015 oinarrizko egutegia

2015/01/20

Eskerrik asko Alain. Zuzendu dugu.

Dantzan on Inauteriak 2015 oinarrizko egutegia

2015/01/19

Eskerrik asko Iker.

Dantzan on San Bartolome de la Torre: Danza de las espadas

2014/12/06

Mila esker zuzenketarengatik Mikel! Ezpata-dantzako toki zehatzetan aritzen diren dantzarien izenak interesgarriak dira hemengoekin konparatzeko. Hemengo ezpata-dantzetan "guion" izendapena agertzen zaigu tarteka (Legazpin), edo maisu-zaharra ere bai (Xemeinen). Rabeoador-ik ez, baina hemen ezpata txikiekin aritzen direnei "azkendariak" esan izan zaie (taldearen bukaeran joaten direlako normalean).

Dantzan on Igdır: erreginak soka-dantzan

2014/12/05

Mila esker argibide guztiengatik Urtzi!
Dantzan

Dantzan

dantzan 2001. urtean sortu zen eta 2003tik dantzan.com dantza sustatu eta hedatzeko elkarteak kudeatzen du.


Babestu dantzan.com