Dokumentuaren akzioak
Beasaindarrak ziren dantzariak
Beasaingo dantzari-txikiak jardunean, Donibane Lohizune, 1897. Egile ezezaguna [Iturria: Baionako Euskal Museoa].
Joan den martxoaren 13an dantzan.com atarian argitaratu zuten argazki zahar hau, Brokel-dantza bat Arrasaten 1845 urtean albistearen osagarri. Baionako Euskal Museoan jasota zegoela azaltzen zuen. Lehen kolpetik eman zigun atentzioa. Dantzari horien janzkera gure Loinazko dantzarien berbera da, galtza zuri belaun arterainokoak, eta batez ere, jaka edo “txaketila” motz horiek oso bereizgarriak ditugulako gure herriko dantzarietan. Argazkiaren datuak eskatu genizkion orduan Oier Araolaza adiskideari, eta nahasiak zirela esan zigun. Argazkia 1900 inguruan Baxenabarren ateratakoa eta zuberotar dantzari batzuena izan zitekeela, baina bere ustez, Gipuzkoa edo Bizkaikoa izateko itxura handiagoa zuela.
Guk berehala lotu genuen Xabier Itçaina iparraldeko folklorezaleari orain urte batzuk jasoa genion aipamen batekin, mende sasoi hartan beasaindar dantzariek Lapurdin egina omen zuten dantza erakustaldiren batekin, hain zuzen ere.
Bi hari mutur hauek lotzeko egin dugun azterketaren berri jaso dugu egun hauetan ospatzen ari garen Beasaingo Jaiak tarteko, urtero argitaratzen den Beasain Jaietan aldizkariaren artikulu honetan.
Argazkiaren atzealdean agertzen den etxeari esker, ekitaldiaren kokapena baieztatzeko modua izan genuen. Gaur egun, inguru guztia oso eraldatua dagoen arren, etxe hori ia bere horretan mantentzen da La Corderie kalean, Donibaneko Kasinoaren ondoan dauden Maurice Ravel plaza eta Martin de Sopite kalearen tarte horretan.
Datari dagokionez, urte haietako Eskualduna aldizkariak eskaintzen dizkigun kronika zehatzei esker jakin ahal izan dugu, 1897ko Donibane Lohizuneko Euskal Jaietan beasaindar dantzariak izan zirela bertan:
«...les danses héroiques et traditionelles du Pays Basque-espagnol ont eu leur succès habituel, non-seulement avec les jeunes gens de Beasain qui figuraient au programme...».
Jai horien esku-egitarauak erakusten digu abuztuaren 15ean «...Exécution de la danse national Aurrescu...» egitekoak zirela, eta abuztuaren 16an berriz, «...Danses heroïques et traditionnelles du Pays Basque-espagnol...». Biak ala bietan ere «...exécutées par les jeunes danseurs de Beasain...» zehazten du. Dokumentu horretan bertan, dantzen deskribapen labur bat egiten da. "Aurrescu" atalean ohiko soka-dantzaren atalak azaltzen dira, eta "danses heroïques" delakoan, brokel-dantzen sailean erabiltzen diren erremintak aipatzen dira -ezpatak, brokelak, makilak eta zahagiak- besteak beste.
Jakin badakigu, Beasaingo udal-aktei esker, 1896tik aurrera herriko dantzarien irakaslea Justo Irastortza “Morroko” ordiziar dantza-maisua izan zela. Garaitsu horretan, Iztueta eta Olano zaldibitar dantzari ospetsuen jarraitzaileetako bat da Justo, Jose Lorentzo Pujana ezagunagoarekin batera. Oso litekeena da beraz, argazkietan agertzen den buruzagi edo “kapitaina”, Justo Irastortza dantza-maisua izatea.
Halaber, argazkian agertzen diren txistulariak beasaindarrak izan daitezkeela pentsatzen laguntzen digute Beasaingo Musikak liburuan jasotzen diren datuek. Urte horiexetan osatu baitzen Beasaingo lehen udal danbolinteroen banda ofiziala. Lehen danbolintero Joan Viktor Zabalo-zuazola Rezusta zen eta 1894an, Udalak beste bi lagun ere bil zitzala eskatu zion, 1. txistulariaz, 2. txistulariaz eta atabalariaz osatutako banda formala egiteko asmoz.
Orain arte ezagutzen genuenagatik, beasaindar dantzarien ohiko errepertorioa osatzen zuten Loinazko ezpata-dantzak (San Martin Loinazkoaren prozesioarekin batera egiten dena) eta soka-dantzak, baina ez geneukan brokel-dantzen ziklokoak Beasainen sekula ikasi zituztela esateko daturik.
Berez balio handikoa deritzogun argazki honi esker, berri guzti hauek ezagutu ditugu eta bere horretan ezagutzera eman nahi izan ditugu, duten interesagatik. Hala ere, gure asmotan dago, datu guzti hauek osatu eta aurrerago, ekarpen osoagoa egin ahal izatea, ondo bidean.
Eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu dantzan.com atariari eta Oier Araolazari, Baionako Euskal Museoari (Elisabeth eta Audrey) eta Beasain Jaietan aldizkarikoei, eskainitako laguntzagatik.
Joxalberto Andres Zurutuza
Mikel Sarriegi Etxezarreta
Dokumentuaren akzioak