Dokumentuaren akzioak
Tamainaz ikusgarriena
Irailaren 13an Igartzako dantzarien Kofradiak urteroko agerraldia egingo du. Orain arteko ikusgarrienetakoa izango dela esan dezakegu dagoeneko: kofrade kopuruz jendetsuena izango delako, eta gonbidatuak bereziki handiak direlako, dantzari erraldoiak baitira denak.
Ezpata-dantzarien segizioa bereziki luzea gertatuko da, 70 dantzariz osatua izango baita. Buruzagia, zaldikoa, banderariak, dantzari azkendariak, Loinazko dantzari txiki eta musikariez gain, ezpata luzeko dantzariek lau ilarako segizio luzea osatuko dute.
Talde handi honen lagungarri, aurten dantzari berezi batzuk gonbidatu ditugu. Mota askotako erraldoiak daude Euskal Herriko herri gehienetan jaiak eta ospakizunak alaitu eta apaintzen dituztenak. Pertsonai desberdinak irudikatzen dituzte, eta tartean-tartean, badira dantzarien pertsonaiak ere. Urrutira joan gabe, Beasaingo erraldoien konpartsak erraldoi bikote berria plazaratu zuen joan den maiatzean: Jone, San Joan Esku-dantzako neskatxa dantzaria eta Mattin, Igartzako ezpata-dantzaria.
Bi erraldoi hauek dantzariak direnez, gurekin batera lanean jarri nahi ditugu, eta beste bi herritako erraldoi lagunekin osatu diegu taldea. Areatzatik etorriko dira Txistulari erraldoia eta Arratiako dantzari bikotea osatzen duten panpin erraldoiak. Eta Iruñeko Donibane auzotik datoz beste lau dantzari erraldoi, euskal folklorean oso ezagunak diren irudiekin: Otsagiko boboa, Luzaideko bolanta, Zubietako joalduna eta Zuberoako Kantiniersa. Guztira, 9 erraldoi dantzan, beraz.
Erraldoiak eta dantza
Orokorrean, Erraldoien jatorria non dagoen ez dago garbi. Badirudi Erdi Arotik ezagutzen direla eta batez ere Korpus-etako ospakizunekin batera zabaldu zirela XV. eta XVI. mendeetan zehar. Euskal Herrian lehen aipamenak Iruñekoak dira eta lehen garai haietan errege-erreginak (mundu osoko kontinenteen ordezkariak) eta nobleziako pertsonaiak irudikatzen zituzten batez ere. Geroago, herri mailako bestelako pertsonaia esanguratsuak gehitu izan dira konpartsa hauetara.
Azken hauen artean, aurki daitezke lekuan lekuko dantzariak edo musikari tradizionalak diren pertsonaiak ere. Eta gure herrian, Beasainen, aurten plazaratu dira bi erraldoi berri hauetakoak: Igartzako ezpata-dantzaria eta Sanjoanetako Esku-dantzako Neskatxa.
Usadioz, erraldoi guztiak dantzatzen dira. Jai egunetan magia bereziz apaintzen dituzte ospakizunak , mugimendu eta erritmo handiz, inspirazioa, inprobisazioa, arintasuna, dotorezia, armonia eta oreka izanik ezaugarri beharrezko batzuk. Irudi oso zurrunak izaganagatik, keinuen hizkera lantzera behartuta daude, koordinazioa, indar fisikoa eta sentsibilitate bereziekin batera.
Esan bezala, erraldoi guztiak dira “dantzariak”, baina gure kasu honetan, “Dantzariak” diren erraldoiak aurkeztuko ditugu, eta beren “dantzari” izaera goraipatzen saiatuko gara.
Erraldoiak ere dantzatuko al du ezpata-dantza?
Iazko urtean, dantzari berri bat gehitu genion gure kofradiari: zaldikoa. Pertsonai honek nahikoa abilezia erakutsi zuen eta Igartzako ezpata-dantza txukun dantzatzeko gauza zela baieztatu zigun. Jakina da erraldoiek ere denek dakitela dantzan, baltseoan eta bestelako plaza-dantzak egiten, batez ere. Baina irailaren 13an, Igartzako Mattin erraldoiari ezpata-dantza egiteko erronka botako diogu.
Ezpata-dantza entseatzen
Irailak 13an ikusiko dugu
Ohituraren arabera, 12:00etan puntu-puntuan abiatuko da Kofradiaren segizioa herriko plazatik eta 12:30ak inguruan dantzatuko dira ezpata-dantzak Igartzako multzoan.
Aurretik, Donibane eta Areatzako erraldoiak Beasaingo kaleetan zehar kalejira egingo dute. Baita arratsaldean ere, kofradiaren bazkari eta akta irakurketa ondoren, Igartzako auzoan bertako Jaien giroan, ibilalditxoa egingo dute, ondoren Jauregi ondoko zelaian erromeria ospatzeko.
Parte hartu nahi duzuen guztiei luzatzen dizuegu gonbidapena.
Hau da egunaren egitaraua:
10:30 Dantzari Erraldoien kalejira Igartzatik herriko plazara.
12:00 Bandera jasotzea Udaletxean.
12:05 Ezpata-dantzaren segizioa plazatik Igartzaraino, Dantzari Erraldoiak lagun.
12:30 Ezpata-dantzaren saioa Igartzan.
Erraldoien dantzak
13:30 Sagardoa kupeletik
14:30 Bazkaria Igartza Jauregian.
17:30 Dantzari Erraldoien kalejira Igartza auzoan
18:00 Erromeria Aiko taldearekin Igartza jauregian.
DANTZARI ERRALDOI GONBIDATUAK:
Beasaingo konpartsa (Gipuzkoa):
- Mattin: Igartzako ezpata-dantzaria
- Jone: San Joan neskatxen dantzaria
Iruñeako Donibane konpartsa (Nafarroa):
- Bolanta: Luzaideko inauteriko dantzaria
- Boboa: Otsagiko dantzaria
- Kantinera: Zuberoako maskaraden dantzaria
- Joalduna: Zubietako inauteria
Areatzako konpartsa (Bizkaia):
- Maddalen: Arratiako dantzaria
- Bartolo: Arratiako dantzaria
- Txistularia
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aurtzaka dantza taldea
Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab.
Aurtzaka dantza taldea
Garmendia Otaola 9
20200 Beasain
www.aurtzaka.com
aurtzaka@gmail.com
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Aurtzaka dantza taldea on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Oier Araolaza on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Agurtzane Agirre Mujika on Joseba 2014/11/08
- Emak Bakia Dantzan on Joseba 2014/11/08
- Jon Goya on Joseba 2014/11/08
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joseba 2014/11/08
- Izaskun Salazar on Joseba 2014/11/08
- Oier Araolaza on Joseba 2014/11/08
- Mikel Sarriegi on Joseba 2014/11/08