Dokumentuaren akzioak
Dansàneu, Rubifolk eta Donostia 2016 hiru astetan
Aurtengo uda “estiu" izan da gure dantza taldearentzat. Hamabost egunen bueltan bi bider egon ginen harrera ezin hobea egin ziguten gure lagun kataluniarren herrialdean. Vall d’Àneun ospatzen den Dansáneu jai-azokan lehendabizi, eta Rubí-ko Rubifolk Nazioarteko Jaialdian ondoren.
RubiFolk Nazioartekoa
Erronka handia suposatzen zuen gonbidapena jaso genuen orain hilabete batzuk Katalunia aldetik: Bartzelona ondoan dagoen Rubi udalerrian ospatzen den Rubifolk Nazioarteko Jaialdian maila bikainekoak diren hiru dantza talderekin batera dantzatzekoa. Jaialdia uztailaren 6 eta 10 bitartean ospatu zen, eta bertan izan ginen Kubako Camagua Compañia de Danza, Kirgizistango Ak Maral, eta bertakoa den Esbart Dansaire de Rubí-rekin batera. Lehen bi taldeak Festivals du Sud zirkuituko partaideak dira eta Europan zehar egiten duten jiraren barruan izan ziren Rubin.
Bost egunez, beraiekin partekatu genituen harrerako familiak, dantza-tailerrak, cercavila edo kalejirak, otorduak, parrandak eta baita bukaerako dantza-jaialdia ere.
Jaialdiaren izena eta prestijioa handiak baldin badira, ez dira txikiagoa antolaketaz arduratzen den bertako taldearen historia eta kalitatea. Gozamena izan zen guretzako Katalunian ezinbesteko erreferente diren taldea eta taldeko bultzatzaile eta alma mater izandako familia bera ere zuzen-zuzenetik ezagutzea: Serra-Rubiotarrak. Pepa eta Isidrek, ibilbide luze eta emankorreko bikotea osatzen dute Kataluniako dantza tradizionalaren munduan, eta Jordi eta Miquel haien semeek jarraitzen dute taldearen ardurekin gaur egun.
Izan genuen aukera ederra Pepa eta Isidre-ren eskutik Esbart de Rubi taldearen historia ezagutzeko (1923an sortutako taldea da), Kataluniako folklore aberatsaz oinarrizko ikasgaiak jasotzeko eta bertako dantza tradizionalaren bilakaeraz solas egiteko. Aipagarria da, besteak beste, orain sei urte, Rubin inauguratu zela Kataluniako Dantza Tradizionalaren Zentroa: L’Espona. Gipuzkoako Dantzagunearen antzekoa izan daiteke, baina dantza tradizionalaren edukiekin soilik. Itxuraz, gaur egun, murrizketak tarteko, herrialde mailako proiektu gisa apalduta dago. Esbart dansairek eta herriko beste taldeek erabiltzen dute egun beren jardueratarako.
Iritsi bezain pronto hasi ginen “lanean”, gaueko festa zela-eta, taldeen arteko dantzak erakutsi eta ikasi bait genituen lehen harremanak sortzen joateko. Uztailak 8, ostiral arratsaldean talde guztiek aurkezpeneko cercavila egin genuen herriko kaleetan zehar. Segizioa Guardiet plaza dotorean bukatu zen eta guk Igartzako ezpata-dantza erakutsi genuen. Gauean gure dantza-ikuskizun nagusia eskaini genuen, Esvorell Popular taldearen saioaren ondoren: gure errepertorioko Goierriko dantzak izan ziren osagai nagusia, Zuberoako maskaraden zatitxo batez osatuta. Bitxikeria moduan, aipagarria da “taquilla inversa“ edo alderantzizko takilla sistema erabili zutela ikuskizunerako. Hau da, ikusleek saioaren bukaeran borondatez ordaindu zuten nahi zutena, edo zuzena zeritzotena. Itxura batean, gure emanaldia gustokoa izango zuten, sarrera bidezko iazko urteetako diru-bilketa berdindu bait zuten. RubiTV-k emandako albistea hemen.
Larunbata, lasaiago dagoeneko, herria ezagutu, atseden hartu, Museo Etnografikoa bisitatu (batzuk), bero demasari ahal zen moduan ihes egin, eta beste bi taldeen ikuskizuna disfrutatzeko erabili genuen. Uztailak 10, igande arratsaldean beste hiru taldeekin batera osatu genuen jaialdiaren itxierako emanaldia: brokel-dantzak, fandango eta arin-arinak, eta Luzaideko bolanten dantzekin.
Antolaketa bikaina dauka jaialdiak, eta aurten lehen aldia baldin bazuten ere, ederki moldatu da Esbart-eko lan-talde berria eginkizun honetan. Mila esker benetan Esbart-eko guztiei, haien etxeetan hartu gintuzten familia guztiei, Enric Monte eta Francesc Massanari hemen ikusten dituzuen beren argazki ederrengatik, eta modu berezi batean Mireia eta Jon lagunei!
RubiTV-k emandako albistea hemen
Dansàneu Pirinioetan
Patuak nahi izan zuen, bi aste lehenago, beste gonbidapen bati erantzunez, Lleidako Esterri d'Àneu-n ospatzen den Dansàneu Jaialdiko partaide ere izatea. Gure lagun Adrià Grandia-ri esker jaso genuen gonbidapena. Jaialdi honen sortzaile eta bultzatzaile nagusia, berriki zendutako Joan Serra dantzari eta koreografoa izan zela jakin genuen. Eta hara kasualitatea: Joan Serra, gero Rubin ezagutu genuen Peparen anaia zen!
Joan Serra-ren figura erreferente garrantzitsua da oso Katalunian. Besteak beste, aitortzen zaion zereginik garrantzitsuenetako bat, dantza nola ulertu, eta eskoletara eta hezkuntzara nola eramateari buruz egin zituen proposamenak dira. Bere ibilbide oparoaren abiapuntua dantza tradizionala izan zen (Ball de Gitanes delakoan aditua zen) eta kataluniar folklorean espezializatutako argitalpen ugariren egile den Grup El Sac taldeko sortzaileetakoa izan zen. Berari buruzko erreportai polita ikus daiteke hemen. Nabarmentzekoa da erreportaiaren bukaeran dantzaren hizkuntza eta nortasun nazionalari buruz egiten duen adierazpena, nolabait esatearren, berriki Oier Araolazak Amurrioko Jalgi jardunaldietan mahai gainean jarri zuen gai zinez interesgarria gogora ekartzen duena.
Guk Joan-en bi seme-alabak ezagutu genituen Vall d’Àneun, Joana eta Magi. Berauen taldearekin batera, “Esvorell” dantza ikuskizuna estreinatu zuten bertan. Ikuskizun honetan, beren hitzetan, saiatu dira: "a deformar la simbologia establerta de la cultura catalana trencant formes i significats per donar vida a l'acció primera i primària de la dansa, el ritual", eta horrela ikusi genituen tartean L’Hereu Riera Kristoren Gurutzeari dantzatzen (gure Txakolin-dantzaren bertsio kataluniarra), eta dantza tradizionalarekiko erreferentzia eta keinu etengabeak txertatzen, musikari hirukote zoragarri batek lagunduta. Lehen aipatu dugun patua tarteko, bi aste geroago Esvorell-eko lagunek gurekin dantzatu zuten Rubin beste behin. Serratar neba-arrebek interes handia erakutsi zuten gure dantzen inguruan, eta gogo handiz jarraitu zituzten gure emanaldiak.
Dansàneu jaialdia, azken urte askoan Kataluniako dantza-plaza garrantzitsua izaten ari da. Aurtengoa 25. urteurrena izanik, Pirineoetako herrialdeetako ordezkariak bildu nahi izan gintuzten: Val d’Aran, Aragoi, Katalunia eta Euskal Herria. Jaialdiak dantza tradizionala eta azken honetan oinarritutako dantza-espresio "garaikideak" lantzen ditu, eta interesgarria gertatu zen alor honetan Katalunian lantzen ari diren proposamenak ezagutzea. LleidaTVren erreportaia hemen eta zuzenean La Xarxa Tokiko Telebista Sareak eskaini zuen saioa hemen.
Jaialdian ezagutu genuen beste dantzari eskarmentudun bat, Tortosako Lo Planter dantza-eskolako Carme Balaguer izan zen. Talde honetako partaideekin dantza-tailer atsegina elkartrukatu genuen. Carmek aipatzen zuen 80ko hamarkadan jotak dantzatzea txantxa eta isekarako arrazoi zela euren herrian. Jaialdi honetan, aldiz, Sonia Gomez-en Avore ikuskizunean parte hartu zuen, jota horietxek bere horretan dantzatuz, inongo mespretxu eta gutxiespen sentsaziorik gabe.
Eguraldia lagun, dantza saio eta emanaldi guztiak kalean egiten dira, eta azken batean, asteburu polita izan zen paraje eder horretan pasa genuena. Mila esker Adrià, Rut eta bertako lagun guztiei!
Bake-Itunak eta Iztueta Ormaiztegin
Baina ez genuen atseden hartzeko beta handirik izan Kataluniatik itzuleran. Ia jarraian, Zumalakarregi Museoaren eskariz, Iztueta eta Bergarako Besarkadari buruzko dantza-saio eta hitzaldia eskaini genituen uztailaren 15ean Ormaiztegin.
Donostia 2016ren babesean antolatutako Bake-Itunak egitarauaren barruan, Zumalakarregi Museoak Bergarako Besarkadari buruzko erakusketa prestatu zuen uda honetan zehar jendaurrean egon zedin. Jakina da 1839. urtean eman zen besarkadaren hurrengo urteetako ospakizunetan, Juan Inazio Iztueta eta bere dantzariak izan zirela ospakizun horietako protagonista nagusienetakoak (ikus dantzan.eus).
Hau dela medio, Mikel Sarriegik hitzaldi labur bat eskaini zuen, Iztueta dantza-maisua eta garai hartako dantzen inguruan dakigunari buruz. Ondoren, gure taldeko brokel-dantzariok erakustaldi gidatu bat egin genuen 1840. urtean zaldibitar dantzariek dantzatu zituzten dantza horien berregite moduan. Horretarako erabili genituen garai hartako dokumentu grafiko eta idatziak, besteak beste, erakusketan bertan ikusgai zegoen 1840ko abuztuaren 31ko ospakizunetarako grabatua, eta egun bererako argitaratu zen dantzen esku-programa.
Zumalakarregi Museoak Erakusketa txiki baina oso txukun batean erakutsi zituen Iztuetaren Gipuzkoako Dantzen lehen edizioaren alea, Bergarako Besarkadaren ospakizunerako gastuen agiriak, Valverdek egindako Iztuetaren olio-erretratu ezaguna, etab. Polita gertatu zitzaigun tartetxo batez denboran atzera bidaiatze hori.
Musikariak ere, nola ez, XIX. mendeko itxura hura hartzen saiatu ziren.
Eskerrik asko Ane Arrieta eta Mikel Alberdiri eskainitako aukera honengatik! eta Angel Elorzari azken argazki eder hauengatik.
Ormaiztegiko saioari buruzko informazio gehiago, Goierriko Hitzan:
Argazki gehiago hemen
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aurtzaka dantza taldea
Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab.
Aurtzaka dantza taldea
Garmendia Otaola 9
20200 Beasain
www.aurtzaka.com
aurtzaka@gmail.com
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Aurtzaka dantza taldea on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Oier Araolaza on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Agurtzane Agirre Mujika on Joseba 2014/11/08
- Emak Bakia Dantzan on Joseba 2014/11/08
- Jon Goya on Joseba 2014/11/08
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joseba 2014/11/08
- Izaskun Salazar on Joseba 2014/11/08
- Oier Araolaza on Joseba 2014/11/08
- Mikel Sarriegi on Joseba 2014/11/08