Dokumentuaren akzioak
Xabierko gazteluan, eskeletoak dantzan
Aspaldiko partez bisitatu dugu Xabierko gaztelua martxo hasieran. Ganbaraz ganbara, gurekin zetozen iparraldeko lagunei azaldu dizkiegu Xabierko Frantziskoren ibilerak, bere anaia Amaiurko gazteluaren defendatzaileetarik bat izan zela eta ohiko topikoak. Bapatean, burnizko hesiz itxitako kaperatxo batera heldu eta hara! Heriotzaren dantza!
Oier Araolazaren bitartez izan nuen horma-irudi bitxi honen berri duela lau bat urte eta hemen zerbait idaztekotan geratu nintzen. Gaur arte! Tira...
Xabierko gazteluko Kristo Santuaren dorreko kaperatxoan 8 eskeleto ageri dira keinu ezberdinak egiten, ohean dantzan emakume baten gainean, nolabaiteko dantza makabroan. «Facile cognoscit mundum qui cogitat moritorum» (Hilko dela badakienak errazki ezagutzen ditu munduaren engainuak) diote eskuetan dituzten pankarta modukoek. Esan bezala, ate txikia du kaperak, hesiz itxia gainera eta ez dago argazkiak egiteko angelu egokiegirik, beraz ezin argazkiz erakutsi begiz ikusitakoa.
XV. mende bukaera edo XVI. mende hasierakoak omen dira margoak. Denbora luzez ezkutuan egon ziren eta 1970eko hamarkadan atera zituzten berriz argitara, berritze lan batzuk tarteko. Oso horma-irudi bitxia eta bakana da. Europa osoan gisa honetako 50 bat margo baizik ez dago eta Euskal Herrian hau da bakarra (Iruñeko Santa Eulaliaren komentuan ere egon omen zen bat, baina 1521ean eraitsi zuten delako komentua, Gaztelak Nafarroa konkistatu eta gero).
Celia Rodriguez Pelaz-i irakurri diogun bezala, heriotzaren dantzen margo hauek ikonografia makabro zabalago baten parte izan ziren Erdi Arotik aitzina. Heriotzari eskainitako narrazioak, poesiak, antzerki lanak, margoak, eskulturak, grabatuak... ohikoak izan omen ziren garai hartan. Baita adierazpen korografiko moduan ere, gaur egun oraindik Kataluniako Verges herrian dantzatzen duten dantzaren gisakoak.
Molde honetako irudikapenetan, heriotzak dantzara gonbidatzen ohi zituen gizartearen estamentu ezberdinetako kideak, aberats zein txiroak, adierazteko denok etorkizun beltz bera dugula zain. Zuberotar kantuak dioen bezala: Hori bera da denen historia, herioak berdintzen handi-ttipiak...
Ez da lezio txarra Xabierko gazteluko kaperari begira ikas dezakeguna!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aritz Ibañez Lusarreta
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean