Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Papax Fagoaga, mutil-dantzaria 1970 hamarkadatik: 'Dantzara atera nintzenean Maurizio ez zen gelditzera ausartu'

Dokumentuaren akzioak

Papax Fagoaga, mutil-dantzaria 1970 hamarkadatik: 'Dantzara atera nintzenean Maurizio ez zen gelditzera ausartu'

Papax Fagoaga, mutil-dantzaria 1970 hamarkadatik: 'Dantzara atera nintzenean Maurizio ez zen gelditzera ausartu'

Mutil-dantza Erratzuko plazan, 1970ko hamarkadan. Argazkia: Juan San Martin

Elkarrizketa ilustratzeko erabili dugun argazki nagusia 1970ko hamarkadan hartua da. Erratzuko plaza festetarako apaindua ageri da, ezpelez atonduriko ohiko eszenatokiarekin eta etxetik etxera zintzilik, dilindan dauden xingolekin. Urrunean bi soinulari agertzen dira, Maurizio Elizalde txistuan eta Felix Iriarte atabalean. Plaza erdian hamar bat mutil-dantzari, dantzan, eta ororen buru, emakumezkoa dirudiena. Batek eta bertzek erran digutenarengatik Papax Fagoaga (Erratzu, 1955) izan daiteke lehen dantzari hori.

Emakumezkoak ez direla dantzatu izan kontatu digute eta errelato horrekin hausten duen adibideetako bat da Papaxena. Berarekin solastu nahi izan dugu.

Papax, kontaiguzu zerbait zure bizitzari buruz.

Erratzun sortu nintzen, Baztanen, 1955ean. Momentu honetan 69 urte ditut, 70 egiteko. Etxebeltzea etxean sortu nintzen. Armagintzako kaboen jauregia da. Tira, hori da gutxienekoa. Nire gurasoak nekazariak ziren. Sei anai-arreba izan gara, horietan ni bosgarrena. Gure gurasoak nahiko onak edo majoak izan ziren eta ikasketak eman zizkiguten denoi. Nik Iruñean ikasi nuen barneko ikasle gisa Santo Angel eskolan. Hura salbuespena zen herrian. Elizondon izan zen gure aurretik ikastera atera zen bertze taldetxo bat, baina agian nire ahizpa nagusia izan zen ikasketa nagusiak egin zituen lehenbiziko nesketakoa. Gaur egun erabat aldatu da hori, badira baliabideak, bertze mentalitate bat, orokortu da ikastea eta pozten naiz. Eta ez dakit kanpoan ikasteak eragina izanen ote zuen, baina gazte garaian hobe moldatu nintzen mutikoekin neskatikoekin baino. Gero zuzenbidea ikasi nuen, arlo horretan lan egin dut administrazio publikoan, udaletxeko idazkaria izan naiz eta gaur egun erretretan naiz eta lasai bizi naiz.

Pentsaera zabalekoak izan zenituen gurasoak, beraz.

Zentzu horretan, bai. Gure ama Baztangoa izanda ere Iruñean bizitua zen. Aitarengandik oso ezberdina zen politikoki eta guzti. Gero elkartu ziren eta berdin pentsatzen zuten. Aita ere irekia zen. Bizimodu bat eman ziguten. Zeren adibidez, garaian, neskak sasoia egitera joaten ziren Iparraldera. Bidarrain, Urepelen… hotelak baziren eta hara joaten ziren lanera udako sasoian. Harraskaren gibelean ematen zuten uda osoa. Halako batean amari erran nion ez nuela ikasi nahi eta erran zidan: 'Zuk ikus! Ez baduzu ikasi nahi, ez zara hemen egonen. Bidaliko zaitut sasoia egitera!' Jesus! Hori entzun nuenean! Bidaliko nau, ez nau bidaliko? Bueno, bueno, liburuak hartu eta ikastera!

Eta etxean zer harreman izan duzue dantzarekin, musikarekin, kantuarekin?

Ufa! Gure aitak kristorena. Gure aita zen kantaria, pilotari ona… Iparraldean ere ezaguna zen. Ahal zuen eta ibiltzen zen. Kantaria, super ona. Gu oso txarrak. Mutil-dantzaria ere, ona; Baina etxean nik baizik ez nituen ikasi. Gure etxean atera gara denak aldrebesekoak, horretan. Ez kantatu, ez dantzatu, ez pilotan. Beno, anai bat pilotan aritu zen momentu batean, baina gutxi. Etxean bazen horrelako giroa, eta gero, euskaldun giroa topera. Gure etxean debekatuta genuen erdaraz solas egitea.

Papax Fagoaga 01
Papax Fagoaga. Argazkia: Aritz Ibañez

Eta badakizu aitak mutil-dantzak non ikasiko zituen?

Ideiarik ez. Plazan pentsatzen dut. Bai, orduan plazan zen, baina gizonak bakarrik ateratzen ziren. Plazara joaten ginen ikustera, baina txikitan, ikusteak aspertzen ninduen. Gero hamazortzi bat urterekin buruari pixka bat eragin eta pentsatu nuen: 'zer ari gara hemen begiratzen?' Eta orduan eman nuen dantzara ateratzeko pauso hori.

Eta nola, noiz eta norekin ikasi zenuen zuk dantzan?

Xumuxurekin ikasi nuen, Jose Miguel Barberenarekin. Haien etxearen izena Xumuxua da, eta orduan beti Xumuxu izan da guretako. Horrek dantzatzen zituen arras-arras ongi eta bazekizkien mutil-dantza denak. Eta hasi zen erakusten herrian nahi zuenari, ikasteko plazerarengatik. Eta arras laguna nuen. Eta dut. Ni baino urte bat zaharragoa da. Kintakoak gara kasik eta horrek ere badu ikustekorik. Erran zidan: 'Etorri lasai!' Lagun arteko kontua izan zen, baziren bertze batzuk ere, baina irakaslea, Xumuxu. Berak ikusten zuen, nik uste, beheiti zihoala mutil-dantza. Eta pentsatu zuen: 'behar dugu erakutsi jendeari'. Eta ni hor sartu nintzen. Udan zehar ikasi nuen. Garaian Iruñean nintzen, eta herrira itzulita, Xumuxu etxeko larrainean. Hamazazpi bat urte izanen nituen. Lau katu izaten ginen, mutikoak eta ni. Ez zen zerbait finkatua, ez zegoen arautua, lagunen arteko kontua izan zen. Ikasi eta berehala atera nintzen plazara. Hasi nintzen herrian dantzatzen eta urtetan, ni bakar-bakarrik Erratzun dantzatu naiz. Erratzutik kanpo ez nintzen atrebitzen ere. Arizkunera joaten banintzen aterako ninduten... Ez dut jakin nahi ere! Orduan probokazio hori ez dut ere sekula egin. Hala ere, behin Erratzun batek erran zidan kasualitatez, arizkundarra, Erratzun bizi dena—: 'Hau mutil-dantza da!' Erran nion: 'Eta?' Dantzatu beitartean erran nion: 'ni Erratzukoa naiz eta zu ez, beraz, badakizu; zoaz zure herrira dantzatzera!' Gainera Xumuxu eta haiekin, okurritu ere ni lerrotik ateratzea: 'Zu hemen, gurekin!' Gero, segitu nuen eta hasi zen jende gehiago. Xumuxuren arrebak-eta. Lehenbiziko pauso hura ematea ez nuen zail ikusi. Eta zegoen Maurizio txistua jotzen! Mauriziok ez zuen inondik ere espero ni hasiko nintzela plazan dantzan. Bere ustez zen transmisiorako.

Hori esan zizun Mauriziok?

Jakin zuenean ikasten ari nintzela, alabantzak egin zizkidan: 'Zeinen ongi! Zure aita zeinen ongi dantzatzen zen! 'Aita ibili baitzen Baztango taldean. Garai batean izan zen talde bat, eta hura han egon zen sartua. Ibili ziren Bartzelonan eta ez dakit non gehiago. Mauriziok jakin zuenean ikasten ari nintzela, erran zidan: 'zeinen ongi, umeak izaten dituzunean, transmisiorako'. Segitu nuen ikasten eta plazan ikusi ninduenean, ez zen gelditu! Baten batek erran zidan: 'Ez da ausartu, zarelako Joxeren alaba'. Ba begira, berdin zait! Aprobetxatuko dut aitaren izena. Behar dira gauza batzuk aprobetxatu. Herrian ez zen igual izatea etxe batekoa edo ez dakit zer bordetakoa. Tontakeria da, baina bueno, ez zen gelditu. Elizondon bai gelditu zen, ondotik, Baztandarren Biltzarrean. Elizondon ere izan ziren bertze batzuk emakumeak sartu-eta jotzeari utzi ziotenak. Duda nuen Mauriziok zer eginen zuen, baina lehen aldi hartan gelditu ez zenez, ondokoetan ere ez zen gelditu. Felix [Iriarte] atabalaria aldiz, maitagarria zen. Berarengatik lasai asko dantzatuko genuen. Mauriziok utzi zuenean Javier Larralde hasi zen eta harekin ez zuen arazorik izan inork ere. Nahi zuenak dantzatzen ahal zuen han.

1929an Bartzelonara joandako mutil-dantzariak
1929an Bartzelonara joandako mutil-dantzari eta txistulariak: 1- Joxe Fagoaga (Erratzu), 2- Francisco Lazaro (Elizondo), 3- Justo Etxandi (Elbete), 4- Bitoriano Lazkano, 5- Manuel Arburua (Elizondo), 6- (...), 7- Antonio Elizalde Iriarte, 8- Jose Telletxea (Erratzu), 9- Manuen Jaurena Bidegain, 10- Tomas Garaioa (Elizondo), 11- Saturnino Arriada Agirre, 12- teofilo Idoate Gamio, 13- Matias Mendikoa Iriberri, 14- Elias Sanzberro Landa

Gero ere bertze gauza bat ere. Nire garaian ere, hemezortzi bat urterekin, herriko bestak antolatzeko ordaintzen zen gazte saria. Eta orduan bakarrik ematen zuten mutikoek, neskek ez. Eta gu ailegatu ginenean, baina nola, guk ere eman behar dugu, ez? Hori izan zen bertze gauza bat eta lortu genuen ordaintzea. Emakume gisa on banaiz ordaintzeko, ja baditut eskubide denak. Eta horrek ere indartu ninduen. Eta geroztik neskek ere ordaindu dute kuota hori.

Erratzun noiz dantzatzen zenituzten mutil-dantzak?

Beti bestetan. Herriko bestetan, egunero. Orduan izaten ziren afal aitzinean. Eta gaur egun ere bai, baina oroitzen naiz lehen zela ilunabar aldera. Ikustera joaten ginen. Eta gero ohorezko mutil-dantza izaten zen San Pedro egunez, meza nagusien ondotik, eguerdian, beraz, herriko plazan ere. Etortzen zen Baztango alkatea, zinegotziren bat, erretorea, ez dakit nor, badakit nor… Orduan gizonak ateratzen ziren hobekiago jantziak, boneta kendu, agurtu... Orain bertze modu batera da, zeren hasteko, mezara ere ez gara joaten aspalditik, baina dantza egiten dugu, ohorezko modu batera.

Gogoan duzu dantzatu zinen lehen aldia?

Lehen aldia garbiki ez, baina sentsazioa bai. San Pedro egunez izanen zen, naski, eguerdian. Ausarta nintzen horretan. Emakumearen eskubideak garbi nituen, erran bezala, kuota ere hasi ginen ordaintzen. Gauza horiek arras-arras garbi nituen. Norbaitek ni handik ateratzeko beharko zuten dantzaldia gelditu. Kaskagogorra naiz. Horretan sartzen banaiz, sartzen naiz, baina ondorio guztiekin. Eta gero, banuen babesa, nire adineko mutilena, Xumuxurena-eta. Herriko jendeak ez zuen nirekin deus izan, onartu ninduten. Igual kontra zegoena isildu zen, ez zuen aipatu deus ere kontra zegoenik esateko. Garaiko gutxik segitzen dugu dantzan. Nik militantziagatik jarraitu dut. Eta segitzen dut. Erratzun beti eta noizbehinka baita Arizkunen ere, ahal denetik.

Papax Fagoaga 02
Papax Fagoaga. Argazkia: Aritz Ibañez

Eta ezagutu izan duzu zure aurretik dantzan aritu izan den emakumezkorik?

Ez, ez. Guk Arizkungo kasua ezagutu dugu. Hango bestetara joaten ginen eta han, ez dakit jakinen zuten, baina ez zuten dantzatzen. Gero, Arizkunen dantzan hasi direnetik, orain hasi dira jende gaztetxoak, baina nire adineko jende denak, eta gazteagoak ere bai, ez dute hankarik sartzen plazan, emakumeak daudelako. Eta hori oraindik gogorragoa da. Elizondon berdin. Gaia ez dago oraindik konpondua.

Eta zu dantzan hasi zineneko garai hartatik zer aldatu da gaur egunera?

Ufa! Nik uste dut orain aise gehiago garela emakumeak gizonezkoak baino. Bai Erratzun, Elizondon... denetan! Aise gehiago emakumeak gizonezkoak baino. Entzun dudenez mutikoek ez dute dantzatu nahi. Ez mutil-dantzak, ezta bertze deus ere. Lehen edozein dantza taldetan ikusten zenituen mutikoak. Orain ez. Nire ustez segitu beharko lukete zeren, adibidez, mugimendu oso polita dago Baztanen: ikasi du jende pila batek, badira ikastaroak, badira gaztetxoak... Baina badira aise gehiago neskatikoak mutikoak baino. Eta Iruñean ere badago talde bat. Hilabetean behin elkartzen gara Oko plazan. Hemendik joaten naiz hilabetean behin. Arras talde polita da.

Sumatzen duzu emakumezkoak dantzara sartu direnetik mutil-dantzak ospea galdu duela?

Ez nuke erranen zeren gaur egun ere jende aunitzek dantzatzen du. Eta jende askok ikasi du, eta ongi!

Zenbat mutil-dantza ikasi dituzu?

Ikasi nituen denak. Zenbat dira? Hamabost inguru. Batzuetan, nola azkenekoak ez diren dantzatzen… Ez dira denak dantzatzen egunero. Orduan horiek pixka bat doaz ahazten. Niri izenik ez galdetu, ez dakit izen bat ere. Behar dut soinua entzun dantzan hasteko.

Eta Xumuxuko Jose Miguelek nola irakasten zituen mutil-dantzak?

Jose Miguelek oraindik baditu garai haietako apunteak. Berriz hasi baita dantzan, utzi baitzuen, eta erran zidan: hasi behar dut errepasatzen! Bera jartzen zen aitzinetik eta bide, aitzina-pasa, ezker batekin... Horrela! Musika kantatu eta zuzenean hasten ginen dantzan. Ikusiak nituen. Ikusiak, baina dantzatuak, behin ere! Bere gibeletik ikasi genituen. Behin bat edo bi ikasita, gainerakoak dira igual-igualak. Segidak bertze modu batera, baina da konbinaketa bat azkenean, ez? Nik uste Jose Migueli Mauriziok erakutsi zizkiola. Mauriziok, nik uste, garai haietan Elizondoko Antxitonea trinketean erakusten zituela, baina ez nago seguru.

Papax Fagoaga 03
Papax Fagoaga, mutil-dantzari 2017ko Erratzuko festetan. Irudia: Xaloa telebista

Lehen zeharka aipatu duzu, baina zergatik nahi zenuen dantzatu? Zerk egin zizun klik buruan?

Bada, emakumea naizelako! Garbi dut. Hori nuen garbi lehen eta orain. Ezin nuen ulertu nola emakumeok, herriko bestetan ezin genuen parte hartu dantza horietan. Ulertezina zitzaidan. Ikasten ari nintzen, ez nengoen harraska baten atzeko aldean eta jada unibertsitatean sartu nintzela, garbi nuen lana egingo nuela etxetik kanpo. Garbi nuen autonomoa izango nintzela. Independente. Txikitatik ere, anaiak beti ari ziren mahaian: -Ekarri ura! - Nola ekarri ura? Aski duzu zuk ekartzea, badituzu bi hanka eta bi esku, gu bezala! Txikitatik horrelako zalapartak anai-arreben artean. Eta azkenean ama altxatzen zen. - Hara! Azkenean ama, irudi du dela zuen neskato! Etxean horrela txikitatik, beraz eman kontu mutil-dantzekin!

Herrian zer suposatzen dute mutil-dantzek?

Tira, ez ditugu hain mitifikatuta, para nada. Ez dut uste. Segitzen dugu egiten ohitura bezala, tradizio bezala. Bestetan fijo, baina badakizu gaur egun zer duen arrakasta gehiago mutil-dantzak baino? Hasten gara mutil-dantzarekin eta gero ni hor erretiratzen naiz. Zergatik segitzen dut nire militantziarekin, e!. Eta gero hasten dira gaita eta ez dakit zer, eta fandango. Horrek dauka arrakasta bat… Plaza ia eskas! Mutil-dantzetan jende gutiago aise. Garaian ez zen ez gaitarik, ez baltsik, ez horrelakorik. Zen mutil-dantza hutsa. Ez barka, ipurdi dantza ere egiten zen!

Eta zuk erakutsi diozu beste norbaiti dantzan?

Bai, nire ilobei. Eta heldu zen Xumuxuren iloba ere bai, baina horiek izan dira dantzariak eta horiek ikasten dituzte segituan. Nire borondatez erakutsi diet, baina etxekoei. Ahizpari ere erakutsi nion, baina mutil-dantza bat edo bi. Lagun batzuei ere erakusten saiatu nintzen, baina nahiko baldarrak ziren eta erran nien nirekin ez kontatzeko gehiago, karkarkar! Badugu adin bat. Orain gazteek egin behar dituzte gauzak, baina hara, baditut bi iloba, Ane eta Peio. Bada Peiok ez dakizki eta ez ditu ikasi nahi. Anek bai, denak. Hara nola segida dagoen gehiago nesketan. Ez dakit zergatik den hori eta ez dut jakin nahi ere!

Zein da zure mutil-dantza maitea?

Muxikoa. Politena niretako. Bi ardorekin xoratzen naiz, baina polita da, karkarkar! Eta herriko bestetan du peligro horrek, ze heltzen zara ardo batzuekin eta ostras, hainbertze buelta! Niretako da politena. Ez dakit zergatik, baina dantzatzeko politena iruditzen zait.

Bukatzeko, bada argazki famatu hori, zeinean agertzen den mutil-dantza bat Erratzun eta dantzaren buru, emakume bat. Diotenez zu zara.

[Argazkia hartu du eskutan]

Hau Erratzuko plaza da, baina gaur egun dena dago berritua eta horko etxe horretan dago Kastonea taberna eta jatetxea. Eta bai, esaten dute dantzari hori ni naizela, baina nik ez dakit ziur. Ez nintzen ni lehenbizikoa joatekoa lerroan, neska naizelako. Hauekin ez. Ez zitzaidan burutik pasatu ere izanen! Edo lehenbiziko zihoana atera ote zen? Baina harrituko nintzateke. Tankeraz, ileak… alde horretatik bai eta garai hartan Erratzun, ni baizik ez nintzen dantzan ari. Beraz, pertsona hori emakumea bada, ni izan naiteke.

 

*Post scriptum: Urteak ez badira, hilabeteak generamatzan sinetsita mutil-dantza horretako dantzari burua emakumezkoa zela. Elkarrizketa ilustratzeko argazki bila hasi garenean, kalitate hobeagokoak topatu ditugu eta konturatu gara ezetz. Ile mototxa uste genuena, urrunean den beste pertsona baten buru txikia dela, adibidez. Papaxi argazkia bidali diogu eta esan digu bere anaia Manueltxo dela argazkiko lehen dantzaria. Ez ginen horren erratuak —edo bai—, baina are politagoa begitandu zaigu oker batetik Papaxen istorio ederrera heldu izana!

Manueltxo Fagoaga mutil-dantzari Erratzun

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.