Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Nire sinadura

Dokumentuaren akzioak

Nire sinadura

2023/10/30 10:25
Nire sinadura

Argazkia: Sinadurak - Bideografik

Bideografik ekoiztetxeak Sinadurak izeneko proiektua ekoitzi eta elikatzen du. Haien esanetan, kultur adierazpenerako espazio da, gure lurraldearen potentzial artistikoa agerraraztea helburu duena. Disziplina artistiko edo kulturalen batean ari den lagun bat hautatu eta bere ibilbidea eta bere pentsamendua laburbiltzen duten bideoek osatzen dute saila. Bideo ez oso luzeak dira, beraz ezin ikaragarri sakondu, baina estetikoki oso zaindu eta ederrak izaten dira.

Horietako batean parte hartzeko proposamena izan dut eta urriko arratsalde euritsu batean elkartu gara Gaztelu plazako Iruña kafetegian Txarli, Eukeni eta hiruok. Galdera zabalek, euri giroak, hotzak, kale erdian bakarrik dantzan aritu beharrak burua nahastu didate eta bukaerarako ez nekien oso ongi zer erantzun dudan ere, baina Bideofrafikekoek oso lan txukuna egin dute pasarte esanguratsuenak hautatuz eta artez harilkatuz. Hau izan da emaitza:

Zer ez nuen esan, zer esan nuen eta nola esanen nukeen!

Dantzan ari naizenean sentitzen dudan gozamena eta ebasiorako nola balio didan azpimarratu dut hasteko. Bideoan ezin dena sartu, baina gozamen hori partekatua denean, nola biderkatzen den ere erantzun dut. Partekatze gozagarri horrek sareak elikatzen dituela eta komunitateen ehuntzean ere zer nolako ekarpena izan dezakeen bota diet. 

Nire dantza gogoak nondik ote datozen galdetuta, kontatu diet familian dantzaririk izan ez badugu ere, osaba-izebak oso musikazale izan ditudala eta bat Iruñeko udaleko txistulari izan zela, bestea Iruñeko erraldoieko gaitari, beste bi Xut fanfarreko kide... eta folklore giro hori eta Iruñeko festen imaginarioa oso present izan dela gure etxean eta halako sentimentuzko zilbor-heste batek lotzen nauela oraindik ere dantzan egitera. 

Euskal dantza euskararen baliokide dantzatua dela erakutsi digutela xehetu dut gero eta tradizioa nola ulertzen dudan azaltzen saiatu naiz. Norberaren bizitzan bezala, ohitura, egiteko molde, balore batzuk... jasotzen ditugula familiarengandik oinordekotzan eta gero, gure kontu, modu autonomoagoan bestelako ezagutza batzuk pilatzen goazela, irakurriz, hartu-emanetan, ikusiz, ariz... eta horrekin guztiarekin orain, momentuan zer egitea deliberatzen dugun, hori dela tradizioa, afera garaikide bat, alegia. Ez dut esan, baina orain esaten dut, hizkuntza koreografiko guztiek —baita garaikide edo moderno deitzen ditugun horiek ere— haien tradizioa dutela berdin-berdin eta hartara, eztabaida ez dela moderno edo tradizional, baizik eta zein estetika, edo zein hizkuntza hautatzen ari garen gure ibilbidea egiteko. 

Azkenik, Dugunako entsaiora gerturatu gara eta han transmisioari buruz aritu gara. Iruñea bezalako hiri batean, garai batean edo herrietan gertatzen ziren/diren transmisio moldeak erabat ordezkatuak direla esan dut, baina gure errepiketan saiatzen garela molde horiek, modu batean, erreplikatzen. Gazteei saiatzen garela azaltzen zer egin izan dugun gure taldean, zer egiten dugun orain, eta zergatik egiten dugun. Eta tradizioa kontu malgua dela eta mimetikoki errepika ditzakegula gauza batzuk, edo zergatik ez, errotik aldatu edo/eta gauza batzuk errepikatu eta besteak eraitsi eta aldatu, edo modu leunean moldatu! Eta hori guztia dela tradizioa!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.