Dokumentuaren akzioak
Maskarada berriak, betiko maskaradak

Udaberri zaporeko urtarrila honek utzi digun asteburuetako bat probestu dut, Muskildin, Sohüta-Hokiko gazteek atondutako maskaradak ikustera joateko.
Emanaldiak hasi aitzineko elkarrizketek ikusmina sortu zidaten: Xorrotxik ez zela izanen eta haien ordez artzaintsa eta axuriak plazaratuko zituztela, Buhameen ordez Buhaminek jokatuko zutela eszena hori, Kherestuen ofizioa goizera pasako zutela...
Ikusmin horrek janda hurbildu nintzen Muskildiko arrabotira. Lehen begi kolpean ez lirateke aldaketa ikaragarriak ere, baina ikusgarriak aurrera egin ahala sorpresaz beteriko maskaradak ikusten ari ginela konturatu ginen. Saiatuko naiz (sobera) spoilerrik egin gabe, sorpresa horiek aletzen:
Kherestuen ofizioa goizera pasa izanak, Xorrotxik ez egoteak eta Buhameen tokia Buhaminek hartzeak, arratsaldeko emanaldi erabat berria ekarri zuen. Ohikoak izaten diren ofizioetatik Marexelena eta Kauterena bakarrik! - ezin maskaradak Zamaltzain, Kabana eta Pitxurik gabe imajinatu-. Pikutara Manexaren gidako 7. puntua!
Hala, sorpresak tantaka agertzen hasi ziren:
Hasteko Xorrotxik ez, eta beraz, ofizioak beste lagun batzuek aurkeztu zituzten.
Buhaminen taldea nortasun handikoa, umorez bete bezain basak, aldarrikapen irmoekin, freskoak!. Zenbait zalantza etorri zitzaikidan burura hala ere: genero bereizketa argi hori beharrezkoa ote zen, umore kolpeak gehienetan generoaren ingurukoak izatea hain zuzen eta Buhameek egin ohi duten ezpaten dantza ordezkatua behar ote zuen. Zalantzatxoak.
Artzaintsen ofizioa ere berria baina betikoa, Buhaminenean bezala, hartzaren partaidetzarekin eta haize boladatxo freskoa berdin.
Azpimarratzekoa iruditzen zait ere aitzindarien lan txukuna. Talde eder eta homogeneoa aurtengoa!
Eta hala ere, aldaketak-aldaketa, betiko maskaradak ikusi genituen sentsazioarekin itzuli ginen Manexeneara.
Kabanak bere predikuan bota zuen aspaldiko maskaradarik tristeenak direla aurtengoak. Egi borobilak maite ditu Kabanak, baina honakoan, ez kasurik egin!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Aritz Ibañez Lusarreta
Iruñea (1979)
Iruñeko Duguna dantza taldean hasi nintzen dantzan 11 bat urterekin eta hor jarraitzen dut dantzan eta musikan. Donostiako Argia taldean ere aritzen naiz dantzan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako eta Andoaingo Santa Kruzeko ezpata-dantzarien kofradiako kide ere banaiz, ohore handiz.
Jasotako azken erantzunak
- Pierre Latasa Goya on Lotuneak: Sorginak, Satanak, Dumollet jauna eta haurren lauhazka 2016/10/30
- Aritz Ibañez Lusarreta on Bidador pastorala: auzolanean uxatu dugu betiko agorraldia 2016/03/31
- Oier Araolaza on Bidador pastorala: auzolanean uxatu dugu betiko agorraldia 2016/03/31
- Aritz Ibañez Lusarreta on Iruñeko Baltasar: korapilatutako mataza 2016/01/04
- Xabier Etxabe on Iruñeko Baltasar: korapilatutako mataza 2016/01/04
- Aritz Ibañez Lusarreta on Plazako dantzen sukarra Iruñea aldean 2015/03/10
- HERRIXA DANTZAN on Plazako dantzen sukarra Iruñea aldean 2015/03/10
- Aritz Ibañez Lusarreta on Dantzaz eta politikaz 2015/01/14
- Aritz Ibañez Lusarreta on Dantzaz eta politikaz 2015/01/14
- Patxi Montero on Dantzaz eta politikaz 2015/01/14