Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Lotuneak: Sorginak, Satanak, Dumollet jauna eta haurren lauhazka

Dokumentuaren akzioak

Lotuneak: Sorginak, Satanak, Dumollet jauna eta haurren lauhazka

Garai batean Lotuneak izeneko post serie bat argitaratu nuen, beste herri batzuetan ere topatu izan ditudan hainbat euskal doinu tradizional bilduz (Ferreries-eko jaleoa eta Cortes-eko jota, The Galway piper - La Matelote - Matelota, Ekialdeko arin-arinak, Okzitaniako inauterietatik San Ferminetara). Aspaldian deus publikatu gabe eta agian gure lotunerik lotuneena ekarriko dut gaur hona.

Izen misteriotsuak ditu Nafarroa Behereko eta Zuberoko dantza tradizioetako doinu ezagunenetako batek: Sorginak batean, Satan-dantza bestean. 

Sorginak izeneko dantza Faustin Bentaberri izpurar dantza-maisu eta musikariak atondu zuen 1927an Londreseko Albert Hall antzoki famatuan bere dantzariekin eskaini zuten emanaldirako. Horren argi ez dagoena da, dantzarako musika doinuak nondik hautatu ote zituen. Sorginak-en lehen melodia Lauetan-erdizka izeneko jauziaren iguala da eta geroxeagokoak, kontra-dantza ezberdinetatik hartu ote zituen iradokitzen digu Jean Michel Guilcherrek La tradition de danse en Béarn et pays basque français bere liburu famatuan (loturan V'là ce que c'est qu' d'aller au bois entzun dezakegu, geroxeago ere aipatuko ditugun atzerki komikoetako beste kantu bat).

Zuberoako aldaira, pastoraletan ikusten dugu normalean, Satanek dantzaturik, nahiz eta aitzindarien taldeek ere dantzatu ohi duten (Maskaradetatik kanpoko emanaldietan gehiago, esanen nuke).

Entzun dezagun Sorginak, Lauetan erdizka edo Satan dantzaren melodia famatu hori, beraz, Ramuntcho Orkestra-ren bertsioan, kasu honetan:

Duela 20 bat urte Eurodisneyn pasa nuen asteburu bat Burlatako Larratz dantza taldeko lagunekin. Arratsean, eguna iluntzen ari zelarik, ohikoak dituzten desfile disdiratsu horietako bat egin zuten hainbat orga eta Disney faktoriako pertsonaia nagusiekin. Dena zen argi, kolore eta musika. Halako batean hau entzun nuen bozgorailuetatik:  

Eta flipatu nuen noski!

Gerora ohartu naiz Sorginak, Lauetan erdizka edo Satan dantza horien doinua Piotr Ilich Tchaikovsky-ren Itxaur hauskailua balleteko Haurren lauhazka-ren eszenan entzun dezakegula, gauza jakin samarra dela. 

Normalean hemen bukatuko nuke gaurko sarrera hau, baina... Iaz Euskalerria irratiko Irrintzi plaza saioan hamabostean behineko kolaborazioa egin nuen denboran zehar bildu ditudan lotune hauek ezagutaraziz. Koldo Aiestaran lagunak programa horiek entzun eta Iparla elkartean hitzalditxo bat ematea proposatu zidan. Hori prestatzen ibili naiz azken egun hauetan eta lotune horien nondik norakoak pixka bat ilustratu nahiean, informazio bila jo nuen Jon Iruretagoienarengana. Berak aipatu zidan gure gaurko doinu protagonista Frantziako abesti batean ere topa dezakegula, berriz ere Guilcher-ek aipatzen duenez. Kantu honetantxe:

 

Jaun Dumollet nor ote zen jakiteko internetera jo eta peskiza horretan Marc-Antoine-Madeleine Desáugiers-ekin egin dut topo. Musikari frantsesa 1772 eta 1827 bitartean bizi izan zen eta piano irakasle, orkesta zuzendari eta modako antzoki txikien ikuskizunetarako kantu-egile aritu zen, tartean Pariseko Théàtre du Vaudeville-ko zuzendari ere izan zelarik. Berak idatzi zuen Bon voyaje Monsieur Dumollet kantua -bere ezagunena- Le Départ pour Saint-Malo vaudeville-rako, 1809an - doinua bere asmakuntza ote den, nik ez nuke lepoa jokatuko-.

Théàtre du Vaudeville horretatik zabaldu ote zen doinua europako lau kornerretara? Euskal Herrira, Errusiara eta...

...Dunkerque-ko inauterietara?

 

Edo Eskoziara?

Nork daki!

 

Dokumentuaren akzioak

2016/11/04 11:52
Bikaina egiten duzun konparazionea, biziki interesgarria!
2016/11/07 12:11
Mila esker Pierre! Politak izaten dira horrelako koinzidentziak, bai!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.