Dokumentuaren akzioak
Kabalkadak Lasan, harro-harro plazaren erdian dantzan

Luzaideko Bolant Egunak fama handiena bildu badu ere, badira eredu horretako Kabalkadei eusten dieten bestelako herriak ere, Lasa (Nafarroa Beherea) kasu. Ibilbide luzeko ospakizuna dugu gainera, 2024. urtean ospatu baitute Lasako Kabalkadaren 55. urteurrena. Urtemuga horren kariz, ikus-entzunezko dokumentala ondu dute Lasar-Xoriak taldeko kideek, Kanalduden ikusgai dena. 47 minutuko dokumentaletik pasarte interesgarri batzuk ekarri dizkizuegu hona.
1969an lehen Kabalkada
Lehenagoko zaharrei galdetuz berpiztu zuten Kabalkada lasarrek duela 55 urte. Alta, bazen aurrekaririk. Xabier Itzainak bildua du 1612an Xaribari bat egin zela bertan, eta hildako bat ere egon zela horren ondorioz. Gugandik hurbilago, Bigarren Mundu Gerratetik landa, egin zuten halakorik ere lehenagoko gazteek. Gizonezkoek bakarrik orduko hartan. Denbora baten buruan herriko hiru gazte, Eñaut Xubialdekoa, Mixel Salaberrikoa eta Beñat Etxebestekoa, elkartu ziren eta Kabalkada berriz emateko ideia berpiztu zuten. Hartara, 1969ko irailean plazaratu zuten aro berriko lehen Lasako kabalkada.
40 bat gazte elkartu ziren xede horrekin. Bolantez gain, Gorriak baziren, Zapurrak, Zigantepekoak, Makilaria, Xahakolariak eta Jauna eta Andrea. Dantzariak trebatzen hasi ziren lehenbizi. Dantza-jauziak urraska dantzatzen hasi ziren hastapenean. Geroago Marmisol izeneko uhartearrarekin, antrexatak egiten ikasita, Euskaldunak eta Sorginak ere ematen hasi ziren. Beñat Galtxetaburu izan zuten soinulari.
Lasako Kabalkadak, 1994. urtean
Emazteak ere hastapenetik dantzari
Gerra denborarekin alderatuta, oraingoan bai, emakumeek ere parte hartu zuten, 6 orotara. Horietako bi arnegitarrak. Hastapenean dantzarik sinpleenak ematen zituzten, dantza-jauziak eta kadrilleak. 1997ra arte gizonezkoek bakarrik eman zituzten Euskaldunak eta Sorginak. Ondoko urtean emakumezkoak ere hasi ziren. Germain Idiartek, hastapeneko dantzarietarik batek, oroitzapen goxoak gorde ditu dantzari garaiaz.
Kabalkada maite nuen biziki, elkarren arteko giroa, duela 55 urte lehenbiziko entrenamenduak. Pasatzen genuen denbora biziki goxoa. Alegerak ginen. Zenbait aldiz egiten genituelarik pettoak —akatsak— ostiko txikiak izaten genituen. Bai, bai, egia!. Gaizki itzultzen ginelarik-eta. Baina irri egiten genuen. Gero gu ez ginen anitz denboraz izan, lanean ari behar baikinen izan eta ez baikenuen beti baimena izaten.
Emendatuz joan den taldea
Poliki-poliki herritar gehiagori dantzan erakusten hasi ziren. Jean Pierre Eskoz-ek akordeoiarekin gidatzen zituen errepikak, besteek dantza-pikoak erakusten zituzten bitartean. Arropak ere aberasten joan ziren denborarekin. Hastapenean galtza eta ator xuriarekin dantzatu ziren bolantak. Geroago heldu ziren xingolak. 1970an lasarrak Baionara joan ziren dantzatzera. Bertan bildutako sosak dantza jantzi gehiago egiteko baliatu zituzten. Hor ere emakumezkoen lana, funtsezkoa izan zen, Jean Pierre Eskoz-en hitzetan:
Dendariak —jostunak— baziren, bai. Xubialdesa hori eta gero Lazgoiti bazen hemen dendaria, Huarten, izigarrikoa. Harek baditu eginak kostuma horietarik beztitzen. Gero etxeetan ere egiten zuten emaztekiek, anitzek. Xubialdesa zenak eta ene emazteak ere egiten zituen. Guaurenak guk egiten genituen. Bada lana xingola ttipi horiek iltzatzen, bada lana!
Zirtzilen arrastoak
Kabalkada deitzen diote Lasako bolant-festari baina ohiko Kabalkadetan ez bezala, zirtzilik ez da izan bertan. Hala ere, zirtzil-jokoaren arrastoak bai antzeman daitezke Lasan —Luzaiden Axe eta Tupinarekin nola—. Izan ere, ziminokerietan ari izan denik ez da falta izan Lasan 55 urte hauetan. Hala kontatu du Dominique Iriberri lehen Jaun eta Andere bikote hartako arizaleetako batek.
Gu ginen Jaun-Andere. Ezarri ginen ni emaztez beztiturik, eta hura —Bettan Karrikaburu— gizon beztiturik, eta Kabalkadan dantzarien gibelean ginen. Nahi zuten irri egin jendeak eta gu ez ginen jenatuak irri egin zezaten, zeren eta ez zen deus seriorik. (...) Bi urtez egin genuen hori ene oroitean. Lehen urtean Jaun-Andere beraz, eta ondoko urtean berriz. Eñaut Xubialdekoa orduan Mera zen, Lasako Mera eta gure aitzindarietarik bat. Eta esan zigun: - Zuek joan den urtean irri eginarazi zenuten eta aurten jarriko zireztea berriz? - Zendako ez? Baina zaude, ni bakarrik ez nauzu aski. Behar diot ene lagunari galdegin ea disponible den. Horrela partitu ginen, Bettan ikustera joan nintzen eta esan nion: Gutaz gustatuak dituk eta berriz egin behar diagu aurten. Akort hiza? Hura ere gogoz, urtero eginen diagu! Beti ere, bigarren urtean egin genuen berriz Jaun eta Andere. Eta jin zitzaigun ideia zozoa. Etxekandere zahar bati erran nion: zuk fortunaz ez duzu izanen ohako zahar bat? (...) Esplikatu nion nola Lasan berriz Jaun-Anderetako galdeginak ginen eta bigarren urtea zela eta nahi geniola publikoari erakutsi bigarren urterako haurra egin genuela eta hartarako behar nuela ohako zaharra. - Har ezak! Nihauk hartu nuen graner zaharretik eta hura bizkarrean joan nintzen etxera. Jin zelarik eguna, Jaun eta Andere, gu gure karrosarekilan eta karrosaren barnean pupeta ezarri genuen. Eta egin genuen plazako itzulia. Segur, oroit naiz horretaz, jendeak irri egin zuen, guri baino gehiago ohakoari. Baina bon, gu kontent ginen irri eginarazteaz.
Plazan dantzatzea ohoregarri
Dominique Iriberri eta Bettan Karrikabururendako plaza bete jende irri eginaraztea gozagarria zen bezala, urteen poderioz dantzariendako ere berezi bilakatu da Lasako Kabalkada eguna. Herriko plazan herria dantzan ordezkatzea ohore handia izan dela azaldu du Marie Agnes Gorostiage dantzari eta irakasleak.
Ttipi-ttipitik Kabalkadan, plazan sartzea dantzari bezala beztiturik zen ohore bat. Eta memento berean plazer bat, hor izatea, herritarren aitzinean dantzatzea… hori zen… ez zen huts egiten ahal eta behar nituen denak ikasi. Orduan ikasi nuen denboran Jean Pierre Eskoz Lakelekurekin, hura akordeonean, Xubialdeko Ferranddo Etxart, izan dena auzapez herri honetan, eta harekin urratsak ikasi. Eta gero, ja, harro-harro plazaren erdian… Nik ez dakit nondik behar den hori esplikatu norbaiti, baina iduri du txertatua bezala, ohore hori, plazaren erdian dantza-jauziak ematea. Hori zen zerbait!
Belaunaldi berriek ere jaso dute herriko plazan dantzatzeak dakarren ohore horren nozioa. Dokumentala ikuste hutsez ageri da gazteak frantsesera lerratzen direla gero eta gehiago Lasan ere, baina dantza atxikitzen dutela, haien gorputz hizkuntzan mintzatzeari eusten diotela oraindik. Michele Etxeberria eta Maite Harriet, frantsesez mintzo, horren lekuko:
Bi hilabetez badira errepikak astean behin. Ez da beti erraza. Polita da hor bederen elkartzen garelako. Bakoitzak gure bizia badugu eta momentua da elkartzeko. Badira Lasan sortuak direnak, eta beste nonbait bizi direnak baina haien haurrak ekartzen dituzte Lasara dantzatzera. Plazan zen nonbreak erakusten du familien atxikimendua.
Agian, dantzarako grinak, era egokian txirikordatuta, ekar dezake ahozko hizkuntzaren biziberritzea Lasan ere. Herri-indarrik ez da falta, Marie Agnes Gorostiagek ohartarazten duenez. Kabalkada egunean Lasa guztia biltzen da plazara.
Nork erran zuen? Dantza da lotura bat, herritarren artean plazan egiten dena eta bizi den gauza bat. Hori dudarik gabe. Beraz, zer ekartzen duen? Jadanik gure herri ttipietan elkarretaratzea. Gaurko plaza, ez da plaza anitzetan horrelako jenderik. Etxe guztietarik jendea bada hor. Etxe guztietarik badira haurrak dantzan ari direnak, aita-amak, den-denak hor gira. Beraz, denak plazarat ekartzen ditu Dantza-jauziak.
Lasa, herri bat dantzan!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Aritz Ibañez Lusarreta
Iruñea (1979)
Iruñeko Duguna dantza taldeko dantzaria 11 urte nituenez geroztik. Donostiako Argia taldean ere aritzen naiz dantzan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako eta Andoaingo Santa Kruzeko ezpata-dantzarien kofradiako kide ere banaiz.
Dantzen bricolagean trebatzen: Iruñeko dantzarien errepertorioa + Iruinkokoa
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean