Iruñeko Neska eta Mutil-nausiak
Azken asteotan Iruñeko auzoetako festak izan dira, txandaka, ia-ia San Ferminak heldu eta pixka bat lehexeagorarte. Duela zenbait urtetik hona Maiordomoen ohitura berreskuratu eta auzo horietako bakoitzean haien dantza egin ohi dute, garai batean bezala, festei hasiera emateko.
Txantreako jaien aitzin han eta hemen irakurri nuen maiordomoei maizter esaten zietela. Nondik heldu den ez dakit, baina akats larri samarra iruditu zitzaidan. Maizterrak etxe batean errentan bizi ziren pertsonak izaten ziren. Deus ez ikustekorik festak antolatzea xede zuten Maiordomo horiekin.
Akats hortaz ohartarazten saiatu nintzen, Maizter ez zela egokia, Maiordomo edo Danbolinausi erabili izan dela tradizionalki Nafarroan kargu hori izendatzeko, baina nago nire oihartzuna txiki samarra dela.
Igandean Arrotxapeko zubi ondoan karrikaratu genuen soka-dantzaren kari, Kike Diez de Ulzurrun kazetari eta itzultzaileak deitu ninduen (Euskalerria irratiaren hastapenetan Iruñerriko azken euskaldun-zaharrak elkarrizketatu izan zituen berak) eta esan zidan Iruñea eta Iruñerrian Mutil-nagusi (mutilnausi) edo Neska-nagusia (neskanausi) esaten zitzaiela gaztelerazko Mayordomoei.
Beraz hemendik aurrera badugu festei hasiera ematen dieten kargudun horiei izendatzeko modu egoki eta ederra: Neska-nausi eta Mutil-nausiak!