Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Iruñeko Baltasar dela eta...

Dokumentuaren akzioak

Iruñeko Baltasar dela eta...

2013/12/28 11:45
Iruñean, badira urte batzuk jada, kalaka handi-samarra izaten dugu errege bezpera heldu ahala, Baltasarren kolorea dela eta.

Oier Araolazak ere idatzi zuen duela 5 urte gai honi buruz, eta beraz, bistan da gai orokortua dela Baltasar beltz edo belztuaren arteko dilema. Baina Iruñeko kasuak baditu zenbait baldintza berezi.

Izan ere, Iruñean Baltasarrena egin izan du azken 30 urteotan Fernando Lizaur jaunak, Errege magoen kabalkadaren elkarteko presidentea denak. Baltasar erregearen postu hori eremu itxia izateak min ematen dio, antza denez, iruindar askori eta Lizaurri Baltasarren jabetza kentzeko lanean ari dira duela zenbait urte.

Lan zail horretan (Lizaur tematua baitago postuari eusten, elkarteko presidente denez) azken amarrua izan da pertsona beltzen eskubidea aldarrikatzea Baltasarren papera egiteko. Nire ustez mesede txikia egiten zaie etorkinen eskubideei, bi iritzi kontrajarrien kasketaldiarekin nahastuz. Zeren irudi luke beltz koloreko pertsonen Baltasar izateko eskubidea aldarrikatzen dela, zertarako eta Lizaur bere postutik kentzeko. Eta niretako bi debate ezberdin dira.

Hasteko, esan dezadan, niri ere iruditzen zaidala aski loria izan duela Lizaur jaunak 30 urtez eta badela garaia Baltasarren postua beste norbaiti uzteko. Baina ez edozer preziotan, eta azken hau azalduko dut.

Arestian aipatutako Oier Araolazaren artikuloan zera irakurri dezakegu:

"Beltz autentikoaren aldeko aldarrikapenak lehendik zetozen. Azken urteotan, Baltasarren aurpegi kolorearen faltsutasuna salatu da zenbait herritan: “Margotuta dagoela antzematen da! Hobe litzateke benetako beltza jartzea”.  Badirudi Baltasarren beltztasun jatorrizkoa aldarrikatzen dutenek itsu-itsuan sinesten dutela Santa Klausen bizar zuriaren sortze naturalean"

Eta:

"Folkloreak ez ditu natur zientziek balioesteko moduko egitateak bilatzen, iruditeria propioa du eta mitoekin jolastuz gure kultur tradizioarekin bat egiteko aukera ematen digu. Baltasar beltza da, baina ez Afrikatik etorri zaizkigun lagunen tankerakoa, gure irudimen kolektiboak eraikitako "beltza" baizik. Baltasarren belztasuna kulturala da, ez fisikoa.

Baltasarren larru beltza, Meltxorren bizarra, Gasparren koroa edo pajeen arropak bezain faltsua zein egiazkoa da".

Azken egun hauetan eztabaida pare bat izan ditut gai honen inguruan eta argudio horiek emanda jaso ditudan erantzunetako batzuk izan dira: "logikak agintzen du", "haurrak ez dira tontoak, konturatu egiten dira", eta halakoak.

Lehenengo argudioari, berriz ere Oier-en hitzegin erantzunen nioke: "Iruditeria mitikoak ihes egiten dio egiantzekotasunari, baina horrek ez dio benetakotasunik kentzen".

Bigarrenarekin ados, haurrak ez dira tontoak! Baina nik Baltasar belztua ezagutu izan dut beti eta beltza zela sinetsi!

Beraz, Lizaur Baltasar postutik kentzearekin ados nengoke, baina beste trikimailuren bat erabilita. Izan ere, etorkinak integratzeko errege magoen kabalkadan Baltasarren postua betetzea modu eraginkorra iruditzen bazaigu, ni ere ados (nahiz iruditzen zaidan aldarrikapen hori bigarren mailan geratzen ari dela Iruñean, asmo nagusia Lizaurri postua kentzea baita. Nik ez nuke etorkinen eskubideekin jolas eginen). Baina, eskubideez ari bagara benetan, izan dezatela eskubidea baita Gaspar eta Meltxorrena egiteko ere (baita Olentzerorena egiteko ere, zergatik ez!), edo bestela utz diezaiogun etorkinen eskubideak bezalako gauza serio bat axolagabe erabiltzeari. 

Zeren berdintasunaren izenean beltz batek beltzarena bakarrik egiten ahal badu, eta zuri batek zuriarena, ondorioezta genezake emakumeak emakumearena jokatu beharko lukeela eta abar. Aldrebeskeri galanta!

Nik ez nuke inolako arazorik Gaspar, Meltxor eta Baltasar, hiruak, beltz balira (eta emazte, nahi balute) beste garai batzuetan hiruak zuri izan diren gisan!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.