Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Herri inauteriak Naiz irratian 3: Iturengo joaldunak

Dokumentuaren akzioak

Herri inauteriak Naiz irratian 3: Iturengo joaldunak

Herri inauteriak Naiz irratian 3: Iturengo joaldunak

Iturengo inauteriak, 2016. urtean. Argazkia: Maite Irizar

Inauteri ezagunik bada Euskal Herrian, horiek dira, besteak beste, Ituren eta Zubietako joaldunen inguruan ospatzen direnak. Sarri estereotipatuak, inauteriak astelehen eta astearteko jaiegun famatuak baino askoz ere gehiago direla dio Mikel Olazar Iturengo joaldunak, Naiz irratiko inauteriei buruzko podcastetako batean. Eta horrekin batera, inauteriak askatasunez ospatzeko mehatxuez ere ohartarazi gaitu.

Beste elementu bat izan dena ere, nolabait ere mugatzailea (...) kanpoko jendearen presentzia. Azkenean, gu oso herritarrak gara, gauza asko egiteko ez daukagu inolako arazorik, eta gu ohitu izan gara. (...) Baina zer gertatzen da orain? Badaude kontzeptu asko, animalien zerak, animalismoa eta halako mugimenduak horiek ikusten dutela nolabaiteko ikararekin eta kexak eta iritsi izan dira urte batzuetan.

Kanpoko jende horiek ez dute, beharbada, gakoak dena ulertzeko zer ikusten duten egun hartan, bai, eta, gainera, hor joko bat sortu da azkeneko urteetan. Kanpotik etorritako pertsona horiek, askok hiritarrak direnek, naturarekin lotura gutxi dutenez, (...) gure partetik ere bai izan dena azken urteetan, guk beldur horrekin ere jokatu izan dugula, askotan bromatik, askotan zirikatzeko helburuarekin. Baina bai, hor sortu da harreman bat kanpoko figura horrekin, hiritarra den horrekin pixka bat zirikatzeko, eta horrek ekarri du, nolabait ere konflikto puntu bat.

Mozorro / Zomorro

Inauteriaren zio nagusietako ziriaren heina topatzea bada, joko horretan ari direla iturendarrak ere. Naturarekiko harremana aipatu du Olazarrek eta ildo horretan, mozorrotzeak zomorro bilakatzearekin duen harremanaz jabe dira iturendarrak, jantziak, ezinbestean, aldatuz badoaz ere.

Mozorrotze hori orain aldatu da. Orain ikusten ditugun mozorroak, asko modernoak direnak, maskarak izaten dira, landutako jantziak edo gaurkotasunarekin lotutako gaiak. Eta ikusten ditugu Tolosako inauterietan edo ondoko herrietan. Baina, berez, jatorriz mozorroa zomorro hitzetik heldu da, eta hori plagekin, izurriteekin dago lotuta, eta horrekin batera joaldunak egiten duten dantza hori. Soinu hori. Lurra ernatzeko erritu bat da. Orduan, mozorro hori batzuetan bai, jarraitzen da nolabait ere esentzia hori errespetatuz. Eta zomorro irudikapen hori edo naturarekin lotutako mozorro politak ikusten dira, oso landuak.

Joaldunen dantza

Dantzan egitea bada gorputza erritmo jakin baten arabera mugitzea, joaldunek joareak joarazteko zango eta gerri mugimendu berezko hori egiten dutenean dantzan ari direla iruditu izan zaigu batzuoi orain arte. Eta poza hartu dugu entzutean joaldunendako haien pauso berezi hori ere dantza egitea dela.

Azken batean, pentsatu behar da kanpotik ikusten denean, ikusten dena da prozesio bat, ilaran doazen bikoteak hor soinua ateratzen. Baina, azken batean, hori dantza bat bezala da. Hor pauso bat dago, hor badago jarraitu beharreko erritmo bat, eta hor behar da mugimendu egokia egin. Azkenean, nik dantza bat dela esaten dut, baina erritu bat da azkenean. Eta erritu batek ere eskatzen du, nolabait ere, jarraitzea arautxo batzuk, eta hori ikastea ez da erraza.

Eskola, plazan

Izan ere, nola ikasten du joaldun batek joareak jotzen? Dantza talde batean nola entseguak antolatzen ote dituzte? Mikel Olazarrek azaldu digunez, kalea eta plaza bera dute eskola.

Bereziki inauteriak dira transmisio horretarako momenturik inportanteena, baina, esan bezala, joareak igotzen dira urtean, errango nuke bost-sei aldiz: badugu joaldunen eguna, irailean. Errege bezperan jotzen ditugu. Orain urtarrilaren 5ean, adibidez, zerbait esateagatik. Badituzu hor hiru egun, hor egoten diren momentu batzuk non joareak igotzeko orduan egunak aproposak izaten diren haurrek, jende gazteak, ez dakienak, joareak jarri eta probatzeko. Azkenean, hor ez da egoten jendea kaleetan zain nola jotzen duzun. (...) Orduan jotzen da, dibertimenduz ere bai. Eta momentu guzti horiek oso inportanteak izaten dira, zeren herriko haurrek, herriko gazteek, baita kanpotik etorritakoek eta ikasi nahi dutenek ere, hau da, herrian errotu direnek ere joareak jotzeko ikasteko momentu hori dutelako.

2024-01-28-Ituren-joaldunak-mozorroak_Maite-Irizar
Iturengo joaldun eta mozorro gaztetxoak. 2024-01-28. Argazkia: Maite Irizar

Inauterien antolaketaren alde ezezagunago baina ezinago interesgarri horren zirrikitutxoa zabaldu digu Mikel Olazarrek eta barrura sartzeko tentaldiari ezin eusti. Izan ere inauteriek irauten duten zazpi egunetan hamabost otordu egiten dituzte iturendarrek eta horiek nola antolatzen eta kudeatzen dituzten azaldu digu Olazarrek.

Hamabost otordu denera gosari, bazkari eta afari kontuan hartuta. Orduan, zer gertatzen da? Gazte batzuk gazte nagusi deitzen diogu guk horiek urte batzuetan arduratzen dira inauteriaren antolaketaz, eta egiten dutena da herriko baserritar bati aratxearen enkargua egiten diote, erosketak, sukaldariak kontratatu... Zeren han goian ere sukalde bat dago. Orduan, horiek egiten dutena da hori dena antolatu eta gero, inauteriek irauten duten bitartean, herritar guztiek eta bai hurbileko jendeak egin dezaketena da herriko ganbarara joan eta otorduak elkarrekin egin. Orduan, hamabost otordu bai egiten dira elkarrekin. Horregatik esaten dugu herriko ospakizun bat dela eta herritik bizitzen dena. (...)  7. egunean, egiten duguna da bazkaria, eta bazkari horri deitzen diogu kontuen eguna.(...)  egiten dena, azken batean da gastu guztiak herritar guztien artean banatu, ze, azkenean, horixe, herritarrek antolatutako zerbait ere da.  

Esan bezala, Iturengo inauteriek 7 egun irauten dute, eta ez dira mugatzen ezagunagoak diren asteleheneko eta astearteko egun horietara. Hain zuzen Mikel Olazarren azken gonbidapena horixe da, masifikatuago dauden egunetan bisita egin beharrean, esaterako, igandez, hurbiltzea Itureneko inauteriak ezagutzera.

Herri inauteriak Naiz irratian:
Ituren, Zubieta eta Aurtitzeko inauteria; ikusgarriak ez dezala erritua itzali

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.