Gora Euskadi txistulari!
Aurrekoan, interneten eman ohi ditudan murgilaldi horietako batean, argazki hau topatu nuen. Olentzero itxura duen txistulari hori nire osaba da, Andoni. Bere garaian, 70. hamarkadan Iruñeko udal-txistularia izan zen, virtuoso bat. Fundamento handirik gabeko virtuosoa, hori bai, eta sartu eta gutxira utzi zuen udal banda.
Argazki honetan ere agertzen da (ezkerretik hasita hirugarrena):
Andoni osaba udal txistularia izan zen. Mitxel osaba gaiteroa. Asiako erreginaren (nire goiko logoan agertzen denaren, alegia, nik orain dantzatzen dudan erreginaren) dantzei urtetan musika jarri izan zien. Mirentxu eta Txaro izebak udal dantza taldeko fanfarrean (Xut fanfarre famatuan) biolinjole izan ziren (las Ibañez).
Hortik, eta batez ere, gurasoek finkarazi zidaten zaletasunetik datorkit dantzarako eta musikarako gogoa. Eta zinez eskertzen diet denei zaletasun hori piztu izana!
Gero, askok ez dute ulertzen zergatik gauden harro, dantzari izateaz gain, Iruñeko udal-dantzari izateaz, dauzkagun mandatariak izanda ere. Izan ere, San Ferminetako prozesioetan haiekin batera ateratzen gara. Baina niri kasu honetan politikak ez dit axola, niretzat udal-dantzari izatea familia giroko zerbait da, eta hori baino, norberaren sentimenduak baino lotura handiagorik ez dago.
Osabaren argazkia topatu ondoren jabetu nintzen Nafarroako txuntxuneroek badutela argazki bilduma ederra flickr-en. Denboran atzera egitea eragin dit eta zoragarria izan da! Hor topatua da argazki hau ere:
Nondik gatozen gogoratzea ezinbestekoa da, baina,... nola pasatzen den denbora, alajaina!!!!!