Biba Xune!!!!
Gaurkoan ez nator dantzaz hitzegitera. Lehen banuen bestelako gaien inguruan solasteko beste txoko bat, baina hau da gelditzen zaidan bakarra eta barkatuko nauzue.
Larunbatean Gartxot, Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren animaziozko filma ikusten izan nintzen. Dagoeneko banuen ikus eta senti nezakeenaren susmo bat, lehendik egindako laburmetraia ezagutzen bainuen. Zeharo hunkitu ninduen filmak. Asisko Urmenetak esana zuen, gaztetan (gazteagotan) Arturo Kanpion-en kontakizuna irakurtzeaz bukatu zuenean halako zirrara bat nabaritu zuela barruan. Kontakizun horretan oinarritutako film laburrak ere zirrara hori barreia zezan lortu zuten autore biek. 
Filma luzeak laburmetraiaren zirrara hori handiagotu egiten duela gaineratuko nuke. Oso ongi dago egina, gustu eta maitasun handiarekin, bistan da. Marrazkiak, musika, bikoizleak, euskeraren trataera... xehetasun guztiak daude oso zainduta. Baina nolakotasunei baino "Gartxot"-ek kontatzen duen istorioaren funtsari, mamiari erreparatu nahiko nioke.
XII. mendean, Conques-eko fraideak Orreagan kokatu eta inguruetan eman ziren bizi-ohituren aldaketen inguruko testigantza da Itzaltzuko bardoaren kontakizuna. Norberaren identidadearen eta hizkuntzaren bazterketa bortxatuaren testigantza hain zuzen: Latina eta euskeraren arteko talka, Orreagako gudari buruzko fraide frantziarren idearioaren inposaketa, norkbere tradizioen eta kanpotik indarrez ezarri nahi izandakoen arteko lehia...
XII. mendean kokatua dago "Gartxot" baina erabat gaurkoak egiten zaizkigu kontzeptu horiek, XXI. mendeko gure Nafarroan behintzat.
Esaterako, adibide gisa, filmean Orreagako fraideek Zaraitzuko biztanleei jatekoa nola kentzen dieten agertzen da, haien izaera eta hizkuntzari uko egin diezaioten mehatsu praktiko gisa. 9 menderen ondotik, Nafarroako Gobernuan dauden politikariek jatekoa ukatzen jarraitzen diete euskeraz lan egin nahi duten hedabideei.
Asiskok esan bezala, hizkuntza baten galera ez da boligrafo baten galera bezala gertatzen. Ezinbestean behar du kanpoko indar zirikatzaile bat.
9 mende pasa dira. Gure hizkuntzaren eta izaeraren kontrako 9 jazarpen mende. Eta niretzat miraria da, benetan (ikertu beharrekoa ere akaso), holako 9 menderen ondotik, nola jarraitzen duen bizirik, harnasestuka bada ere, gure hizkuntzak eta bere inguruko nortasun kolektiboak.
"Gartxot" filmean bada pertsonaia bat, esperantzara kondenatzen gaituena ezinbestean, Xune. Bere gain geratzen dira Gartxot eta Mikelot-ek islatzen dituzten baloreen errelebua. Bistan da Xunek bere lana behar bezala bete zuela XII. mendeko Itzaltzun, baita gerora heldutako gisa horretako beste hamaika ataketan ere, eta oraindik ere egin beharko duela, beste hamaiketan ere. Ez dazagun etsi...
Biba Gartxot eta biba Xune!!!!
Gartxot trailerra from Somuga on Vimeo.