Erraldoi erraldoiak
Izugarria da Iruñeko erraldoi eta kilikien iruindarrengan duten eragina. 1860. urtean egin zituen Tadeo Amorena arizkundarrak, egun hain ezagunak diren figurak. Beraz, 150 urte beteko dituzte erraldoiek aurki. Horrek esan nahi du iruindarrik zaharrenak ere jaso duela kilikien puxikakadarik eta ikusi dituela erraldoiak dantzan alde zaharreko karriketan.
Umeek beldurrez begiratzen diete, nerabeek aupari. Helduek gaztaroko oroitzapenek dakarten goxotasunarekin. Denek mirespenez.
Normalean, San Ferminetan, San Fermin txikitan eta San Saturnino egunean besterik ez dira haien logela ilunetik ateratzen, dantzara. Jendea beti haien esperoan dago, eta ateratzen diren aldioro ehunka lagun biltzen da inguruan. Askotan zaila egiten da pausoari jarraitzea, umeen gurditxo batekin tupust egin duzulako, bilobarekin doan aitona bidean gurutzatu zaizulako, argazkilariak argazkirik onena atera nahi duelako zure gonapean,...
Noizean behin, udalak ospe handiko bestelako ekitaldietan ere ateratzen ditu kalera.
Asteburu honetan autobus geltoki berria zabaldu dute Iruñean eta konpartsa izan da ekitaldietako protagonista. Erabaki populista samarra udalarena, inaugurazioa eta konpartsaren arrakasta lotuz, baina ezin ukatu beti dela gozatua erraldoiak dantzan ikustea, eta are gehiago erraldoiak dantzaraztea.
Larunbatean 10 mila lagun bildu ziren erraldoiak dantzan ikustera Iruñeko gotorleku ingurura.
Ez dut ezagutzen horrenbesteko ikuslerik duen dantza emanaldirik.