Dokumentuaren akzioak
Duguna - Iruñeko dantzarion izenaz eta izanaz

Jadanik hilabete batzuk joan dira Duguna - Iruñeko dantzariak gure dantza taldearen 75. urteurreneko zirimola otzandu zenetik. Azken hilabeteak dezente lasaiagoak izan ditugu eta patxada horretatik, iaz gure urteurrena zeharkatu zuen gaietako bati jarri nahi nioke arreta.
Izan baita gure dantza taldearen urteurrenaren benetakotasuna zalantzan jarri duenik ere. Iruñeko Udal dantza taldea eta Duguna gauza bera ote dira? Edo bi talde ezberdin dira? Hala balitz esan liteke Dugunak 75 urte betetzen dituela? Lerro hauen bitartez afera honi argi pixka bat ematen saiatuko naiz.
Duguna, izen zaharra
1949ko urrian hartu zuen Iruñeko Udalak dantza talde propioa sortzeko deliberoa. Presazko sortzea izan zen, izan ere, hilabete t’erdi geroago, 1949ko azaroaren 29an egin baitzuen debuta talde gazteñoak. Tarte horretan dantzariak erreklutatu, jantziak diseinatu eta josi eta lehen dantza-urrats sinple batzuk ikasi behar izan zituzten.
Udalak Iruñeko beste dantza talde batzuen eskaintzak izan zituen, Udal dantza taldearen funtzioak betetzeko. Udalbatzak errefusatu zituen. Nagusiki Udalaren ardurapekoa izanen zen taldea nahi zuen eta Iruñeko Orfeoiari eman zion taldeaz arduratzeko manua.
Sansaturnino egun hartarako ikasitako urrats urri horien ondotik etorri zen Iruñeko Udal dantza taldearen errepertorio ikasketa. Azkar eta ongi ikasi omen zuten. 1951. urtean Duguna izeneko ikuskizunean bildu zituzten ordura arte ikasitakoak. Euskal Herriko hiriburu gehientsuenak kurritu zituen eta son handiko ikuskizuna izan zen. Horrenbeste, ezen, ikuskizunaren sonak taldeari ere horrela —Duguna— deitzea ekarri zuen berehalaxe.
Ikus dezagun adibide hau, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-eko buletinaren 1951ko kaierretik.
...agrupación artística Iruñense ‘Duguna’. Este grupo... Zertaz ari da hor? Ikuskizunari buruz? Dantza taldeari buruz? Zalantza bera esanguratsua da bere horretan. Antonio Maria Labayen idazlea ikuskizunari buruz ari dela ondorioztatu dezakegu lerroetan behera egiten badugu, baina duda izan dugu.
Izen dantzak jarraipena izan zuen.
1952ko uztaileko azken eta abuztuko lehen egunetan Euskal Astea ospatu zuten Donostian. Diario Vascok antolatzen omen zituen jaialdi haiek. Abuztuaren 3an orgen desfilea eta folklore jaialdia antolatu zuten. Horretan parte hartu zuten honako dantza taldeek: Goizaldi, Dindirri, Mauleko dantzariek eta Iruñeko Udal dantza taldeak.
Por la tarde, a las cuatro, comenzará desde la plaza del 18 de julio el espectacular desfile de las gurdiyas con sus séquitos, con los grupos de danza, chistus, dulzaineros y el sorprendente “Bautizo de Hernani”, para dirigirse a la plaza de toros, donde se celebrará el fantástico Festival Folclórico Vasco, que dará comienzo a las cinco de la tarde, y en el que además de la presentación de las gurdiyas de Navarra, Álava y Guipuzcoa, actuarán los grupos de danzaris del Ayuntamiento de Pamplona, el Dindirri de Bilbao, el souletino de Mauleón, el Goizaldi y Schola Cantorum de San Sebastián…
Iruñeko Udal dantzari taldea. Ados.
1952ko abuztuaren 3a igandea izan zen. Astelehenarekin egunkariak ez zuen alerik karrikaratu eta horregatik, abuztuaren 5eko aleak dakar emanaldiaren kronika.
Todos los grupos de danzaris llamaron poderosamente la atención. Los navarros del Duguna con sus llamativas vestimentas acapararon todas las miradas. Excepcional la danza de Ochagavía. Es un cuadro vistoso y muy espectacular. El conjunto navarro gustó sobremanera, eso se oía por todas partes. Bailaron mucho y bien los del Dindirri…
Iruñeko Udal dantzari taldea eta Duguna, dantza talde berari deitzeko bi izen. Zenbaitetan bat egin eta izen bakarra osatu dutenak. 1952ko abuztuaren 26ko Diario Vascotik, honakoa ere:
Gran Gala de Arte Vasco en honor al Cuerpo Diplomático en el Gran Kursaal, con la actuación del grupo souletino de Mauleón; grupo Duguna del Ayuntamiento de Pamplona; Dindirri de Bilbao: Goizaldi y Schola Cantorum de San Sebastián y el coro de Maitea.
1953an Duguna ikusgarria egiteari utzi zitzaion eta beraz taldea izen horrekin identifikatzeko ohitura ere ahulduz joan zen, baina dantzaren munduko jende batek hamarkadetan jarraitu zuen taldeari Duguna deitzen. Esaterako, Juan Antonio Urbeltzek baieztatu digu 1960. hamarkadan Duguna izenarekin ezagutzen zutela taldea.
Maria Teresa Mansok Iruñeko Udal dantza taldeko dantzari sortzaileetarik bat, 2015ean egin genion elkarrizketan ere Duguna deitu zion bere dantza taldeari .—ausarkeria eta guzti—.
Dugunarekin hamaika emanaldi partekatu zituen Bilboko Dindirri dantza taldeko dantzari izan zen Iñaki Irigoienek. Berak, 2013an, Dantzan.eus webgunean argitaratutako elkarrizketan argi dio Iruñeko Udal dantza taldeari Duguna deitzen ziotela.
Gaztedi taldean ibilitako Txomin Unzaluk ere hainbat emanaldi partekatu zituen garaiko euskal dantza talde esanguratsuekin eta Gipuzkoako Goizaldi eta Nafarroa garaiko Duguna aipatzen ditu, besteak beste.
Berehala jarraituko dugu historiaren hari honekin, baina barkatuko didazue parentesi txikia.
Iruñeko dantzariak
Zenbaitetan aurpegiratu izan digute ere “Iruñeko dantzariak” abizena erabiltzea, Duguna izenaren gibelean. “Ez zarete Iruñeko dantzari bakarrak!”. Argi dugu ezetz, baina uste dugu izen batek ez duela beste batzuen izana baldintzatzen. Beste dantza talde askotan baitaude mutiko alaiak, esaterako —uler bedi txantxa—. Abizen hau ere ez dugu kapritxoz erabiltzen. Gure taldeari deitzeko askotan ibili izan du prentsak, Iruñeko hainbat alkatek, eta beste zenbait euskarrik ere, taldearen sorreratik beretik eta gaur egun arte.
Iruñeko Udal dantzari taldea eta Duguna, txanpon beraren bi aldeak, beraz. Duguna - Iruñeko dantzariak izenak, taldeari deitzeko erabili izan diren manera ezberdinak eta taldearen izateko arrazoi bera —Iruñeko zeremonial ofizialetan dantzatzea— bateratzen ditu.
Tira, arestiko hariari segiz. 1950. hamarkadan utzi dugu afera. Taldeak bere ibilbideari jarraitu zion ondoko hamarkadetan. Iruñean zituen betebeharrei, atzerrian Iruñearen irudia zabaltzeko ardura ere gaineratu zitzaion. Beti Udalaren gerizpean, diktadurapeko garai haietan horrek ekar zezakeen guztiarekin.
Behin Franco zenduta, 1977an Iruñeko Udalak ikurrina eskegi zuen Herriko-etxeko balkotik. Hori ikusita, dantzariek erabaki zuten, haien parte hartze ofizialetan ikurrina eta Nafarroako banderak ere erabiliko zituztela, ohiko dantza taldearen banderarekin batera. Horrek 11 urteren buruan, Udalak dantza taldea inexistentetzat jotzea ekarriko zuen.
Bi hari korapilatu. Afera juridikoa eta afera politikoa
Has gaitezen afera juridikotik.
Dantza taldearen izaera juridikoa aldakorra izan da bere historia guztian zehar. Esan dugu jadanik, bere sorreran, Udalaren gerizpekoa bai, baina Iruñeko Orfeoiaren atal gisa funtzionatu zuela lehen hilabeteetan. Alta, 1950. urtean Udalaren Musika Patronatuaren —La Pamplonesa eta Udal txistulari eta gaitero bandak kudeatzen zituen patronatuaren— baitako izatera pasa zen dantza taldea.
Baina garaiak aldatzen doazenez gero, harreman juridikoak ere, berdin. Kontu korapilatsuak direnez, Miguel Angel Abarzuza, garaiko Udal idazkariari eskatu dizkiogu honi buruzko azalpenak, eta berak eman. Udal patronatuak taldeen eta Udalaren artean ezartzen zuen harremana oso lausoa zen eta garai berriek zehaztasun handiagoa eskatzen zuten. Zenbait galdera zeuden airean:
Udal ekitaldiren batean istripuren bat gertatuz gero, norena litzateke ardura? Udalarena? Taldeena? Patronatuko partaide ziren taldeetako kideek, funtzionario izateko eskubidea zuten?
1980ko hamarkadan gisa horretako kontuak txukuntzeari ekin zion Iruñeko Udalak eta hartu zuen erabakia zera izan zen: Udalaren Musika Patronatuko kide ziren talde guztiek kultura-elkarte independente izaera hartuko zuten, eta kontratu bidezko harremana lotuko zuten Udalarekin etorkizunean.
Hala gertatu zen Pamplonesa musika bandarekin 1986/87an. Udalarekin zuen harreman organikoa eten eta elkarte zibil bilakatu zen. 30 urterako hitzarmena sinatu zuen Iruñeko Udalarekin.
Berdin gertatu zen Iruñeko Udal gaiteroekin (1986) Iruñeko Udal txistulariekin (1987), Iruñeko Udal dantzariekin (1988-06-22) eta erraldoien konpartsarekin (1997).
Honaino afera juridikoa. Goazen, beraz, afera politikoarekin.
Aipatu dugu jadanik 1977an, Iruñeko Udalak Herriko-etxeko balkoian ikurrina hedatu zuela eta hartara, Udal dantzariek erabaki zuten haien emanaldi ofizialetan ere ikurrina aterako zutela, Nafarroako bandera eta dantzarien bandera propioarekin batera. Balkoiko ikurrinak ez zuen askorik iraun. 1982an Nafarroako Gobernuak Foru Hobekuntzaren legea onartu zuen eta bertan zehaztu zuen zeintzuk izanen ziren etorkizunean Nafarroako sinbolo ofizialak. Iruñeko Udalak, jadanik aitzinetik (1981-12-10) hartua zuen bandera ofizialei buruzko erabakia. Ikurrina ez zen horietako bat eta hartara, erabiltzeari utzi zioten. 1982ko azaroaren 17an akordio horrek dantzariei ere eraginen ziela erabaki zuen Udalak, baina dantzariek muzin egin eta ikurrina erabiltzen jarraitu zuten.
1982an berean adierazi zuen Iruñeko Udalak bere lehen kexua, arrazoi horrengatik. Kexu horiek kasik urtero errepikatu ziren 1988ra arte. Aurreko urtean UPNk lortua zuen Iruñeko alkatetza —PSNk zuen ordura arte— eta gertaerak azkartu ziren.
1988ko martxoaren 10eko Udalbatzarran Udalak dantza taldearen jarduna suspentsoan utzi zuen. Ezingo zuten emanaldirik edo eta errepikarik egin, Udalaren lokalik erabiltzea galarazi eta arropak erabiltzea ere debekatu zieten taldearendako araudi berria onartu artean. Eztabaida eta negoziaketaz betetako hilabeteak izan ziren ondokoak, baina ez zen akordiorik lotu. Uztailaren 5 arratsaldean —pentsa!— ezohiko Udalbatzarra deitu zuen Udalak, dantzarien gaia urgentziaz eztabaidatzeko. Ordurako, airean zebilen Udal talde zenbaiten asmoa, Udal dantza taldea desegitea, alegia. Hona HBko Elias Antonek Udalbatzar hartan esandakoa:
Dantzariak, ikurrina eta guzti agertu ziren uztailaren 7ko prozesiora eta segizio benetan tiraberatsua izan zen. Berandu abiatu zen, Javier Chorraut alkateak dantzarien buruzagiarekin liskarra izan zuen —alkatea buruzagi makila kentzen saiatu zitzaion Carlos Aleman dantzariari— eta karrikan dantzarien aldeko txaloak eta kontrako oihuak ozen entzun ziren.
Sanferminen ondotik ere jarrerak hurbiltzeko saiakerak izan baziren ere, ez zuten fruiturik eman eta 1988ko urriaren 14an, Iruñeko Udalak bere dantza taldea desegintzat jo zuen.
Hartara, dokumentazio honetatik zera ondoriozta dezakegu:
1- Iruñeko Udal dantza taldeak bere izaera juridikoa aldatu egin zuela 1988ko ekainaren 22an, kultura-elkarte bilakatuz eta Duguna izen zaharra hartuz.
2- Ondotik, 1988ko urriaren 14ean, Iruñeko Udalak, jadanik beste izaera juridikoa zuen Udal dantza taldea desegin zuen.
Bi dantza talde ala dantza talde bakarra?
Dugunaren artxiboetan aztarrika hasiko gara galdera honi erantzuteko. Izan ere, dantza taldeak kultura-elkarte izaera hartu zueneko estatutuek honakoa adierazten dute:
Dantzari talde “inexistentea” —aipatu dugu taldea desegiteko borondatearen mamua airean zela 1988 ekainerako— legeztatu egiten da, DUGUNA izen zaharrarekin.
Paragrafoak adierazten du estatutu horien xedea halako linbo batean zen Udal dantza taldearen egoera legeztatzea zela, eta beraz, talde berari buruz ari garela. Argiago adierazten du jarraidura hori, Udal dantzari izandako guztiei helarazi zieten honako beste dokumentuak:
Orriaren idazpuruan agertzen diren bi logotipoek adierazten dutenaz gain, testuak zera dio bere bigarren paragrafoan:
Guzti honengatik, betiko zenbait partaideren ideia, elkarte baten sortzea alegia, piztu egin da berriz, horretarako, zetorkiguna ikusi orduko, Legezko Elkargoa errejistratzean erabili genuen izena aprobetxatuz. Taldeak, betiko izena erabiliz funtzionatu arren, estaldura emanen dion izen legala “Duguna” izanen da (ez bait daiteke agertu “Iruñeko Udala” izendapean).
Izaera juridiko berria legeztatzean “Iruñeko Udalari” erreferentzia egin ahal izateko ezintasunak ekarri zuen beraz, Duguna izen zaharra berreskuratu izana. Ordutik, —1950. hamarkadatik aitzina gertatu bezala— dantza taldeari buruz solasteko bi izenak —Udal dantza taldea eta Duguna— erabili izan dira, berdin.
Oskorriren euskaldun berriaren baladak zioen: lau gauzak izen bat dute eta gauza batek lau izen. Gure taldearen historiaren zirimolak ere horretara eraman gaitu hainbat unetan, bi izen —baina izaera bakar bat— izatera.
Testuan bildutako dokumentazioak gure dantza taldearen izaerari buruzko edozein eztabaida argitu izana espero dut. Honenbestez, 75. urteurrena bezala, ondokoak ere gure ibilbide luzeaz jakitun eta fier ospatzen jarraituko ditugu.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Aritz Ibañez Lusarreta
Iruñea (1979)
Iruñeko Duguna dantza taldeko dantzaria 11 urte nituenez geroztik. Donostiako Argia taldean ere aritzen naiz dantzan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako eta Andoaingo Santa Kruzeko ezpata-dantzarien kofradiako kide ere banaiz.
Dantzen bricolagean trebatzen: Iruñeko dantzarien errepertorioa + Iruinkokoa
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean