Dantzaren Tourra!
Euskadi Irratia entzuten ari nintzen atzo arratsaldez, Segurako sueltoko txapelketari buruzko informazioa ematen hasi zirenean. Uste dut inoiz ez naizela txapelketa hauen zale izan (orain behintzat ez naiz), baina berria dantzari buruzkoa zela-eta entzuten jarraitu nuen.
Txapelketaren aurkezpeneko pasarteak aireratu zituzten eta EDBko ordezkarien eta Segurako Udaleko kideen ahoetatik entzun ahal izan nituenen artean, 2 esaldik deitu zidaten arreta (egunkaritik hitzez hitz hartuak):
Mikel Areizagak adierazi zuenez, Euskal Herriko Dantza Txapelketak "maila gorena lortu du eta hori mantentzea izaten da helburua". "Dantzarien Tourra izaten da", gaineratu zuen. Era berean, Segura "erreferentzia" bihurtu dela aipatu zuen Joxe Juan Ugaldek, "dantzaren katedrala" delako.
"Dantzarien Tourra" eta "Dantzaren katedrala". Lakastak esanen lukeen bezala, to eta no!.
Bada nik baino txapelketen kritika zentzuzkogoak egiten duenik. Baina ez da egungo kontua soilik. Paper batzuen artean lardaskan, 1971an Lucile Armstrong folklore-adituak Iruñean botatako hitz hauek topatu ditut: "Los concursos de danzas adulteran las formas primitivas puras".
Purutasuna zer ote den, horretan sartu gabe, gaur egun txapelketei egiten zaien kritikaren funts bera topa dezakegu hitz horietan.
Badakizue beraz, igande honetan "Dantzaren Tourra" Seguran. Gregariook ez dugu parte hartuko.