Dantzaren orainaz eta geroaz gogoetatxo bat
Azken egunotan buruan bueltaka izan ditudan zenbait ideia ordenatzeko modua besterik ez da sarrera hau, baina besteekin ere partekatu nahi nituen, eta beraz, blogean plazaratu. Desordenatua izanen da testua agian, edo ideien arteko zalantzazko loturak izanen dira, nondik hasi ere ez dakit ongi, baina tira...
Aspaldiko tendentzia da baina azken denboretan oraindik errotuago ez ote dagoen, ikuskizun sortzaile abiatzen diren dantza taldeen mugimendu hori. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan indar handi bat du, baina Bidasoaz honataragoko lurraldeetan ere bota du erroa tendentziak. Molde berezi bateko ikuskizunak izaten dira gainera, traola hauek lagun dituztenak: #berritzaile, #kontzeptu, #moderno, #istorio, #komunikatu #koreografoa. Beste arte espresio batzuekin eta dantzaren beste genero batzuekin uztartzen da horietan dantza tradizionala, jantzi eta doinu ez-ohikoez lagunduta, ikus-entzunezko baliabideekin batera, zenbaitetan.
Bide hori bilakatu da dantza talde askoren funtzio, bizi eta helburu. Eta pena hartzen dut.
Aurrekoan irakurri nion Kalakan taldearekin Maddona laguntzen mundua ezker eskuin korritu zuen Thierry Biscary-ri, Pop kantari famatuaren ikuskizunak 2 orduko argi, dir-dir eta ilusio ikuskizunak zirela, baina benetazko emoziorik ez zutela sortzen finean.
Eta zer zaila emozioak sortzea…
Dantza legoai metaforikoa da eta azken aldian usu erabiltzen da istorio literalak kontatzeko. Horrek dantzak emozionatzeko duen gaitasunaren parte handia ebasten dio. Gorago deskribatutakoen gisako ikuskizunekin hori bera gertatzen zait, ikusgarriak dira bai (batzuk), nahi beste argi, baliabide eta unean-uneko indarra izan dezakete, baina hortik haratago zer?
Niretako beste zerbait sendoago baten beharra du dantza tradizional deitzen dugun horrek eta dantzariak berak.
Dantzaren mundua korridore baten gisara irudikatuko nuke nik, alde batean zein bestean hamarnaka ate eta ate bakoitzean, dantza sistema ezberdinen izena (ingurutxoak, dantza-jauziak, dantza preklasikoak, soka-dantzak, ezpata-dantzak, trokeo-dantzak, bikote-dantzak, dantza-lotuak, kontra-dantzak…) eta argazki bat. Ate horietako bakoitza zabalduz gero, mundu oso bat bilatuko dugu eta bertan nahi bezainbeste sakontzeko aukera izanen dugu, gure paseatzeko gogoaren arabera.
Aitzitik, atean dagoen argazkiari erreparatuta, barruan dagoena ezagutuko dugula uste badugu, horra gure akatsa! Areago, argazki soil horiekin colage bat egiten badugu. Denborapasa gisa ongi egon daiteke, baina dantza tradizionala zaindu eta hurrengo belaunaldiari emateko ardura gure bizkarren gainean dugu, lagunok!
Xabier Silveirak irabazi du berriki 2013ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta garaipenaren biharamunean etorkizunari buruz galdetu dio Jon Artanok. Urak bere bidera (bere neurrira) bueltatu diren etorkizuna imajinatzen du Silveirak, horrenbeste argi eta fokorik gabe, neurriz kanpoko handi-nahikeririk gabe, bertsolari bikotea unitate izanen duen sistema batera, hiriko bertsolari ilustratuari eman zaion gainbalorearen hautsa pixka bat harrotzen lortuko duen bertsolaritza.
Dantzariok ere hasi beharko ginateke gure alorraren etorkizun horretan pentsatzen.