Buñuel-endako gidoia
Duela hilabete edo, AEK-ren deia jaso genuen Korrika-ren bukaerako jai-egunean parte hartzeko (Apirilaren 1ean, Iruñean). Dantza saiotxo bat goizez eta beste bat arratsaldez, Iruñeko beste dantza talde batzuekin batera. Baietz erantzun genien, nola ez. Aste honetan, gauzak lotzeko garaia heltzen ari zen eta AEK-koen berririk gabe jarraitzen genuen. Haiekin berriz ere harremanetan jarri eta zera erantzun ziguten:
"... orain beste arazotxo batekin topo egin dugu. Dantza taldeekin harremana egiten hasi eta zein dantza talde zeuden esatean arazoak suertatu dira. Antza, eta ez dugu eztabaida horretan sartu nahi, zuek joanez gero besteak ez dira agertuko. Beraz, eta eskerrak aurretiaz emanez zuen prestutasunagatik, zuek ez parte hartzea hobetsi dugu Korrika jaiaren hobe beharrean."
Kontua da Iruñeko 3 taldek (Ortzadar, Iruña Taldea eta Muthiko Alaiak-ek) txantaia egin diotela AEK-ri, bide batez guri boikota egiteko, Iruñeko udalarekin dugun harremana dela-eta. "Duguna-k dantzatzen badu, guk ez dugu dantzatuko". Ez da lehen aldia. Sortzen Ikasbatuaz-ek urtero egiten duen euskal eskola publikoaren aldeko jaian, gure txikien taldeari (10 urte inguruko umetxoen taldeari) betoa jarri zioten talde horiek-beraiek duela ez asko. Enpin.
___________________________________________________
Gaur, lehendabiziko aldiz, entsaioa egin dut San Lorenzo-ko danzanteekin. San Lorenzoko danzanteena talde bitxia da. Ez da ohiko dantza taldea. Duela 10 urte sortu zen Iruña Taldea-ren 25. urteurrena ospatzeko (Aurten 35. dute, beraz, Zorionak!). Iruña Taldeko dantzari ohi-ek osatu zuten harako-hartan. Egun, Iruñeko dantza talde guztietako dantzari beteranoek parte hartzen dute (dugu) bertan (beno, ni beterano-beteranoa ez naiz). Duguna, Ortzadar, Oberena, Muthiko Alaiak eta nola ez, Iruña Taldeko dantzariak biltzen gara bertan.
Esan dudanez, ez da ohiko dantza taldea. Urtean 4tan edo egiten dute dantzan, entsaioak hilabetean behin izaten dira asko jota, eta ez dago entsaioa ulertzerik ondoko afaririk gabe. Iruñeko dantza talde guztietako dantzariak (beteranoak) lagun giroan dantzan, afaltzen, elkarbizitzen, inolako arazorik gabe.
___________________________________________________
Ez dut deus ere ulertzen