Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Birsortu da Iruñea eta nire dantza grina!

Dokumentuaren akzioak

Birsortu da Iruñea eta nire dantza grina!

2013/07/15 11:35

Bukatu dira San Ferminak eta triste gaude iruindar gehienok (Saloura joan ez garenok behinik-behin). Eta bestondoa uste baino txikiagoa dela probestuz, irakurtzeko ahalmena ez zait desagertu eta pasa diren bestei buruz irakurtzen daramat goiza. Tartean, berriz jo dut Jose Angel Irigarayk Ortzadarren hirugarren Sukil argitalpenean idazten dituenetara (Sanfermiñak, erritozko jaiak; kaosaren besta).

Erraldoiekin eta erraldoirik gabe dantzan pasa izan ditut azken urteotako San Ferminak eta horiei buruz Irigarayk esaten dituenak ekarriko ditut hona, atrebentziaz, biziki ikuspuntu interesgarria delakoan:

Erraldoi eta kilikiei buruz dio:

"Beste ospakizun berezi eta nabarmena zigante eta kilikien konpartsa da. Horiek ere egunero hirian barnako ibilbide desberdinak eginez Iruñea guztia kurritzen dute, erritozko sakralizazionearen antzekoa garatuz. Bertan erraldoiak - bost axola zeintzuk diren konkretuki irudikatuak- behialako arbasoak dirateke; hasmentako adimenarentzat -haurrarena eta gizartearena- erraldoi eredu gisa agertzen dira, jaietan egunero karrikaz karrika dantzan hirian erritozko babesa dute hedatzen, doinu zaharrak lagun eta pertsonaia bereziek inguraturik: zaldikoak, kilikiak, buruhandiak eta musikalariak. (...)

Pertsonaia horiek, gainerat, ziganteen laguntzaile eta zaindari izan ezezik beste eginkizuna dutenak dira: mutiko eta neskatilen gibeletik eman maskuriz -hots, larruz (iniziatikoa) - jo beharrez. Erran nahi baita haiek hauek deituz eta zirikatuz eta hauek haiek izituz eta joaz beste iniziazionezko erritoa garatzen da, gizartearen mitozko sortzaile eta zaindariaren inguruan."

San Ferminetako prozesioa agintarien, elizaren eta elitearen ekitaldi gisa ikusten dute ez batek edo bik, baina Irigarayk askoz ikuspuntu aberats eta ederragoa ematen du San Ferminen segizioaren inguruan:

"Konpartsa hori San Fermin eguneko prozesioan ere joan ohi da; itxuraz azaltzen den baino haratago doan ospakizuna.

Ene aburuz, barnago eta sakonago dago oinarriturik kanpoko adierazpenek erakusten dutena baino. Hori ere ospakizun sakratua da, baina ez egungo erlisionezko zentzuaren karietarat bakarrik (San Fermin, eliza eta beste agintariak), sakonki dantzan kontzepzione sakratuarentzat ere baizik. San Fermin egungo erlisionezko ikusmoldeen araberako eredu bat bilakatu da; harekiko debozione, atxekimendua, atabikoa da, behialako sineste eta konportamenduetan oinarritua eta arketipoarekin zerikus eta lotura duena. Horregatik, prozesionea hiritar-erlisionezko ospakizun bat baino askoz ere gehiago da. Nik erranen nuke eredu berriaren inguruan dena dela biltzen batasunean (arketipo zaharra itzaina/artzaina/(h)artza bera, lurrarekiko zentzuaz "beztua", hortik kolorea, Garesen bezala: "Santiago beltxa"), baina gizaeraren bikoiztasuna azalduz eta adieraziz: gibelean diakroniaz kanpoko adierazle, sinkroniazko zentzu sakartua dutenak (erraldoiak, zaldikoak, kilikiak, musikalariak - herri musikalariak -, dantzariak eta beste); aitzinean, mugan bailitzen, musika banda, ordenaren mezulari eta, bergisan, kaosarekiko erakarpen oldarrak ditukeena; erdian, zaintzalez inguraturik, suerte guztiko agintariak, hots, diakronia edo "ordena"; San Ferminen irudia ere horiekin batera doa. Eta elizara iristerakoan "ordena" sartuko da, hura ordenaren egoitza bat baita; "Kaos"-a, aldiz, ez, berezko duen espazioan da geldituko, karrikan. Gero, elizkizunak bururatzearekin, lagungoa martxan emanen da berriz katedralaraino, doinuak eta dantzak alaiki nahasirik. Han hareago nahasten dira, bereziki "Maria" ezkilnagusiaren azpian gertatzen den "unetxoan". Eta hunela osatzen da antropologikoki mintzatuz, liburu idekitzat har daitekeen ospakizun berezia: arketipoaren eredu berria den San Ferminen inguruan izaeraren bi alderdiek - kaos eta ordena, sinkronia eta diakronia- ludikoki eta jaigiroan, dotore eta ospez bizitzen eta osatzen dutena".

Finitzeko:

"Denbora sakratuaren aldia hastearekin, Georges Balandier-i jarraituz, gizartea erritozko garaian murgiltzearekin eta jatorrizko kaosaren antzeko egoera gertatzearekin, jaia gizartearen eraberritze, iraunarazte eta tinkatzeko bide-era-ospakizun nagusienetakoa bilakatzen da. Gizarteak bere iturburu eta egiturak eraberritzen ditu, bai eta munduan kokatzeko era eta irudikatzen den mundua ere."

Beraz, 9 besta egun hauen ondotik iruindar jendartea birsortu egin da beste urte batez eta berarekin, ekitaldi zoragarri horietan dantzatzeko nire grina ere!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.