Axeri artean,...
80-90. hamarkaden arteko zubian izanen zen. Nik 9-10 urte izanen nituen eta artean, Iruñeko udal ikastolako eskolaz kanpoko jardueretan ematen nituen nire lehen dantza pausoak (7 urterekin hasi nintzen).
San Fermin-en aurreko peñen egunaren ospakizunen artean gurasoei batek deitu zien arreta. Iruñeko Labrit pilotalekuan Argia dantza taldearen ikuskizuna: Zortziko. Eta hura ikustera joan ginen. Modu ikusgarrian hasten zen ikuskizuna. Suzko herensuge batek argitzen zuen ilunpetan zegoen agertokia. Ni haurra nintzen eta horrek inpresionatu ninduen gehien.
Hura izan zen Argia dantza taldearekin izandako lehen harremana.
Ondotik, gehiago heldu dira. Gure taldearen eginkizunak bideratzeko ardura egokitu zitzaidalarik, erreferentzia bila hasi behar, eta Argia iruditu zitzaidan gauzak ongi egin zitezkeenaren eredu. Haien emanaldien bideoak erabili izan ditut gure dantzariak xaxatu eta motibatzeko.
Ondoren, Auritz-eko ingurutxoaren aurkezpena egitera gonbidatu gintuztenean, Juan Antonio Urbeltz ezagutu genuen eta berarekin ikasi genuen ingurutxoa. Irradaka ikasi genuen gero, Goenan, Marian Arregi-rekin. Geroago Gipuzkoako eta Zuberoako dantzen ikastaroak, Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal-ekin.
2006an ikusi nuen bigarren aldiz zuzenean Argia dantza taldea dantzan (pekataria ni!). Kezka dantza taldeko Ane Sarasketa gurekin ensaiatzen hasi zen eta bera izan zen gerora lotura lanak egin zituena, besteak-beste (ohorezko bazkide izendatuko zaitugu, Ane!). Emanaldi hura Sestaon izan zen, eman zuten azken Pas de Basque. Inbidiaz, Almute-dantza eta enparauak ikusten gozatu nuen.
Igandean, Arriagan, Sestaon inbidiaz begiratzen nituen haiekin dantzatzeko plazerra izanen dut: Gari, Jokin, Mikel, Josu, Unai, Jon, eta enparauak. Gainera besoak zabalik hartu gaituzte. Dantzari horiekin dantzatzea, haiengandik ikastea, ikuskizunaren sortze prozesuan parte hartzea, oparia izan da niretzat. Eta opariak eskertu behar dira, beraz,...
Mila esker denoi opari eder honengatik!!!