Dokumentuaren akzioak
Arrateko Amaren dantzak. XXI, menderako tradizio bat
Aurreko mezuan esan bezala, Oier Araolaza-k 2 zatitan banatu zuen azaroaren 18-ko bere jarduna. Mezu honetan bigarren hitzaldiko edukiak laburtzen saiatuko naiz.
Jakinen duzuenez, duela 2 urte tradizio berri bat abiatu zuen Eibarko Kezka dantza taldeak: Arrateko Amaren dantzak. Dantza hauek ez dira asmakuntza hutsa, baizik eta prozesu landu baten ondorio. Hitzaldiaren funtsa prozesu horren berri ematea izan zen.
ARRATEKO AMAREN DANTZAK. XXI. MENDERAKO TRADIZIO BAT.
Bidegurutzean
Eibarko Kezka dantza taldeak, gure inguruko beste talde askotxok bezala, ia Euskal Herri osoko dantzak eskaintzen aritu da azken 50 bat urtetan Egindako lan horrek zer fruitu eman ote duen galdetu zioten halako batean haien buruei.
- Zein da taldearen nortasuna?
- Zer aportatzen dugu dantzaren munduan?
- Zein funtzio izan behar genuke?
Talde askori gertatzen zaie hau bera. Zuzendaritzek (eta dantzariek ere kasu askotan) ziklo motzak izaten dituzte taldeetan, emanaldi gutxi dago azkenaldian,...
Hala ere, badira nortasun propioa duten taldeak, eta honelako arazoetatik libre daudenak:
- Errepertorio komunean maila oso altua duten taldeak.
- Espezializatutakoak (herrialde bateko dantzetan, esaterako).
- Sormenerako dohainak dituztenak.
- Eta BATEZ ERE: errepertorio propio eta berezia dutenak.
Kezkakoek buruari eragin zioten berriz. Maila alturik ez omen zuten. Ezaugarri berezirik ere ez. Ezta sormenerako dohainik ere. Errepertorio propiorik ere ez zuten. Beraz, etiketa bila hasi ziren. Konturatu ziren dantza tradizionalaren nolabaiteko iratzartzea gertatzen ari zela eta tokian-tokiko dantzak berreskuratzen ari zirela han-hemenka. Hartara 2 erabaki hartu zituzten:
- Eibar (haien herria) hartuko zuten helburu.
- Errepertorio propioa landuko zuten.
Hartara, lanean jarri ziren. Lehen pausoa nolako dantzak sortuko zituzten erabakitzea izan zen. Argi zuten ez zutela marteko dantzarik nahi. Inguruan bazuten jarraitzeko eredurik:
- Argia dantza taldea. Argia dantza taldea sustraien berreskuraketa sakona egina zuen eta material horrekin proposamen interesgarriak plazaratuak.
- Iruñeko San Lorenzo-ko dantzak. Eibarkoek buruan zuten eredua islatuta ikusi zuten iruindarrengan.
Dantzaren testuingurua (zer jai egunetan txertatu) hautatzen asmatzearen garrantziaz ere ohartu ziren Kezkakoak.
Ideia horiek guztiak buruan, nolako dantzak eginen zituzten erabakitzeari ekin zioten.
- Argi zuten dantza tradizionalak egin nahi zituztela (baina hori esatea deus ez esatea bezala izan daiteke).
- Hartara: zer da tradizioa?
"Ordenu garaikidea berretsi edo zalantzan jartzeko prozesu aktiboa". (Virginia Maquieira) |
Tradizioa ez da irudi estatikoa. Zer da orduan tradizioa? Tradizioa rollo bat da. Ez gaizki pentsa. Tradizioa pelikula rollo bat bezalakoa dela esan nahi baita: elkarren ondoko bi fotograma konparatuta ez dago ezberdintasunik, baina tartean 20 fotograma dituzten 2 irudi begiratu ezkero, nabaritzen da aldea. Hau da, tradizioa etengabe aldatzen ari da nahiz eta gu ez konturatu.
Baina tradizio berria egitea zilegi al da? Bateragarri al dira tradizio eta berri hitzak? Baditugu hainbat adibide:
- Legazpiko Ezpata-dantza: 1958. urteaz geroztik, 25 urtez egon zen dantzatu gabe. 25 urtez geldi egon den tradizio hori, garai bateko tradizio ber-bera izanen al da? Argazki zaharrekin alderaratuta izan da aldaketarik: dantzariek abarkak daramatzate orain, adibidez (60-70. hamarkadetako modaren ondorio). Legazpin gertatu dena tradizio baten jarraipena izan da, baina baita, neurri batean, tradizio berri baten sortzea.
- Lapurdiko inauteria: Ia hutsetik sortu zuten duela 30 bat urte eta orain 20 herritan baino gehiagotan egiten dute. 25 urtetan sustraituta dauden dantzak dira.
- Gauza bera gertatu da beste dantza eta tradizio batzuekin. Hutsetik sortuak izan dira: Erriberako paloteadoak, Luzaideko hainbat dantza, Jaurrieta, Zangoza-ko dantzak,... Berregin egin dira: Markina, Tolosa, Debako,... dantzak.
Hau guztia kontuan hartuta, lan buzoa jarri eta brikolaje koreografikoari ekin zioten Kezka-ko dantzariek. Hau da jarritu zuten prozesua:
- Ereduak hautatu,
- Horien osagai komunak identifikatu (dantza motak, urratsak, aldairak, mugimendu koreografikoak, doinuak, jantziak,...),
- Konbinatu,
- eta horiekin guztiekin tradizio propioa osatu.
Goraxeago ere aipatu dugu tradizioarendako seaska egokia bilatzeak, tradizioak berak bezainbesteko garrantzia izaten duela gehienetan. Tradizioak sustraiak botako ditu, baldin eta lur egokian landatuta badago. Hala, eibartarrak dantzendako seaska bila hasi ziren. Hainbat buelta eman ondoren, erantzuna muturren aurrean zutela konturatu ziren: Arrateko Amaren erromeria (irailak 8). Egun horrek baldintza guztiak betetzen zituen:
- Eibar eta eskualdeak bat egiten duten eguna da.
- Tradizio, kanta eta ospakizun ezberdinen sorburu izandakoa.
- Egun horretan dantzateko ohitura izan da (Oier-ek erantzunetan zuzendu bezala datu hauek ez dira Arrate egunarekin lotutakoak, Eibarren dantzaren inguruan bildutako datu esanguratsu batzuk baino):
- 1708: "Troquedo de danzantes"
- 1744: Ezpata-dantza
- 1828: Fernando VII-aren bisitan, "Veinte danzantes de espadas de los más diestros".
Dantzen osagaiak:
- "W" edo "V" tankerako Ezpata-dantza.
- "W"a-aren atzetik ezpata-txikiak.
- Zintzarria (beste leku batzuetan "degollau" izenez ezagutua)
- Parrilla: buruzagia goratu.
- Makila txikiak.
Jantziei dagokienez, gona erabiltzea erabaki zuten. Modu honetan emakumezkoek eta gizonek erabiltzea "deigarri" suertatuko ez litzatekeen jantzia osatuko lukete (tradizio hau XXI. mendeko tradizioa izaki). Genero bereizketarik gabeko dantzariek parte hartuko lukete horrela tradizio berri honetan. Ondaretik abiatuz, gaur egungo balioak aplikatuta.
Informazio gehiago eta hobea, hemen.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aritz Ibañez Lusarreta
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
Zorionak eta eskerrikasko.