Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Artedrama artefakto politiko gisa: Iholdiko 1974ko toberak

Dokumentuaren akzioak

Artedrama artefakto politiko gisa: Iholdiko 1974ko toberak

Artedrama artefakto politiko gisa: Iholdiko 1974ko toberak

Iholdiko herritarrak borrokan, 1974ko abenduaren 29ko Toberen aurretik. Argazkia: Ezkermila.eus

Duela hilabete eskas, 1974ko Iholdiko tobera sonatuaren 50. urteurrena bete da. Herrian obratu nahi zuten proiektu turistiko laku artifizial bat eraikitzea baten kontrako antzerki, dantza eta bertso jokoa antolatu zuten iholdiar gazteek eta tentsio handia bizi izan zen herrian, abenduaren 29ko hitzorduan. Mustra oztopatzen saiatu ziren hainbat herritar, kolpeak izan ziren tartean, baina tobera egin, egin zuten. Ziliport kolektiboaren bidez jaso dugu honen berri (Twiterren, Telegramen, Instagramen, edo Tik-Token)

Kabalkada eta Toberen berpiztea 1970ko hamarkadan

Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herrietan herritarren portaera desegokiak plaza zabalean epaitzeko erabili izan diren antzerki satiriko moldeak izan dira toberak. Mandatarien arabera, salaketa potoloegiak eta jokabide immoralak gertatzen ohi ziren antzezpen horietan, eta hartara XX. mendeko lehen herenean bertan behera geratu ziren haien manera klasikoan, bederen. Hurrengo hamarkadetan izan ziren saiakeratxoak, baina aurrekoen mamirik gabekoak: dantzetan oinarrituak, fikziozko protagonistekin eta gehiago ikuskizunera emanak.

Baigorriko toberak, 1976
Baigorriko toberak, 1976 urtean. Argazkia: EKE


1960-1970ko hamarkadetan, aldiz, abertzaletasunaren loraldia gertatu zen Iparraldeko euskal herrietan. Enbataren aldizkaria sortu zen, eta horrekin gazteriaren parte handi baten politizatzea etorri zen. Seaska, Iparraldeko ikastolen mugimendua ere orduan sortu zuten eta irakinaldi politiko eta kultural betea heldu zen herri askotara. Gazteak dantzan, bertsotan edo antzerkian engaiatu ziren eta haien ideiak gizarteratzeko erreminta egoki gisa ikusi zuten diziplina artistiko horiek guztiak biltzen dituen artedrama satirikoa.

 

Laku artifizial bat herriko errotariaren kaltetan

1970ekotik hamarkada batzuk joan bazaizkigu ere, Iholdiko toberako gaia, puri-purian da gaur ere: Turistifikazioa vs tokian tokiko bizibideak. Peio Berterretx antzerkigile eta ikerlariak hala azaltzen du iholdiarren kontakizuna bere Master bukaerako lanean: 

Laku artifizial baten eraikitzea zuen proiektutzat herriko etxeak, promotore pribatuek gidaturik. Baina horretarako eiherazaina (errotazaina) bere lurretatik kanporatu behar zuten. Herriko etxearen proiektuak erresistentzia aurkitu zuen bere parean, herriko gazteriaren parte baten partetik, kanpotik jin abertzale batzuek lagundurik. Luzaz gudu judizial hartatik urrun egon zen populakuntza emeki-emeki bitan zatitu zen. Alde batetik, herriko etxearen proiektuaren alde zirenak, diru sartze bat bezala ikusten zutenak eta bestalde aurka zirenak, “dena turismoa” politikaren kontra zirenak. Lehenago aipatu bezala, Iparraldeko gizartean abertzale ideiak hedatuak ziren eta borroka ezberdinetan engaiatzen ziren militanteak. Iholdiren kasuan, gazteria izan da herrian bertan ideia horien motore. 

Iholdin garaian antzerki talde bat bazen eta euskal dantzak ikasten zituzten herriko elkarte baten animatzailearekin. Eiherazainak bizi duen egoeraren aitzinean, Iholdiko gazteriak bere elkartasuna erakutsi nahi du. Herrian egoera astuntzen da eta animatzaileak, Jean- Pierre Arangoitzek, tobera baten muntatzea proposatzen du. Gazteria tobera baten muntaketarentzat animatzen da. Taldea hogeita hamar bat gaztez osatua zen, gehienak iholditarrak.

Iholdiko toberak. Eskuizkribua
Iholdiko toberen eskuizkribua. EKEren webgunetik

Euskal Kultur Erakundeak toberen testua du kontsultagarri bere webgunean eta bertan irakur daitekeenez, mandatarien jukutriak azaleratzen zituen testuak: Mera edo alkatearen solasaldiak apez, ostalari, eraikitzaile eta Kontseiluko kideekin. Lakuaren alde diren herritarren solasak, kontra daudenenak eta azken bi talde horien arteko amaierako borroka.

Esan beharra dago, goitik behera asmatu zutela tobera idazleek, antzerkian ez ezik, errealitatean ere borroka izan baitzen gertaeren egunean. 

Eguna bera bilakatu da tobera handi bat

1974ko abenduak 29. Goizeko seiak eta jadanik tentsio giro zerbait antzematen da Iholdiko karriketan. Hogei bat traktoreko segizio batek hartu berri du pilota plaza. Ahalik eta leku gehien okupatzeko noranzko guztietan aparkatu ondoren, ibilgailuen jabeek bertatik alde egin dute.

Ordu batzuk geroago gazte batzuk bildu dira leku berean, eta oholtza bat muntatzen hasi dira, soinu ekipo eta beste. Han, arratsaldean, denek espero dituzten toberak jokatu behar dituzte.

Gerta zitekeenaz jakitun, Herriko Etxeak debekatua du edozein agerpen egitea karrikan edo plazan. Apaiza ere lerrokatua da eta gazteei ukatu die parrokiako aretoa, entseguak egiteko. Indar dema. Herria bitan banatua da eta agerian geratuko da egunean zehar. 

15:00ak aldera hasi da jende samalda plazara biltzen, gazteak batez ere, asko, Ipar Euskal Herriko hainbat txokotatik helduak. Plazako beste aldean, alkatearen aldekoak bildu dira. Halako batean, goizean plazatutako traktoreetako bat gazteen kontra oldartu da. Beste bat ere geroago. Oihu eta irainak, tentsioa pil-pilean da. 

Antzezpenerako aurreikusitako ordua gerturatzen ari da. Alkate edo auzapezaren aldekoak azken maniobra egiten saiatu dira. Suhiltzaile batek ekarritako mangera baten laguntzaz, bildutako ikusleak ureztatzen hasi dira. Ur-zorrotada izoztuaren indarraz, oldarraldi orokorra. Auzapezaren aldekoak Herriko Etxean babestu dira, plaza libre utziz. Herriko ezkilek 16:00 orduen berri eman dutenean, gazteak dira plazaren jabe eta toberak hasteko moduan dira. Antzezpena oztopatu nahi zuten traktoreak inguratu den mila inguru jendearendako harmaila dira orain. Eta abiatu dira.

Iholdiko toberak. Kalapita
Herritarrak borrokan Iholdiko plazan. Argazkia: Ezkermila.eus


Aurkariek suhiltzaileen sirenari eraginez, jokoa oztopatzen saiatu dira berriz. Argindarra ere moztu dute, soinu ekipoa mututuz —baina baita sirena bera ere—. Azkenean, gazteek lortu dute tobera guztia ematen, eta Iholdiko errotaria atera da kontakizuneko garaile, egun guztian zehar herrian gertatu denaren metafora ezin egokiagoan. Auzapezak eta bere aldekoek barre artean utzi behar izan dute plaza. 

Bada libertimendu, tobera, maskarada eta halakoak folklorismo hustzat hartzen duenik —baita arizaleen artean ere, esan dezagun— baina gure kulturako adierazpen molde horiek funtzio soziala eta politikoa ere izan dezakete, horretara bideratuz gero. Iholdiko gertaera adibideko.

1975ean epaitegiek amore eman zuten eta errotaria bere lurretan geratu ahal izan zen. Google Maps-en sartu berri naiz eta ikusi dut lakua egin, egin zutela, baina ez dela inondik inora ere aurrekusitako makro-proiektu hura. Lakua putzua da gehiago. Toberei esker?

Iholdiko lakua
Iholdiko lakua. Irudia: Google Street View


Iturriak:


1) Peio Berterretxe (2024). Lekorneko kabalkada: euskara beste motibazioen artean. Memoire de Master Études Basques. Université Bordeaux Montaigne.

2) Ezkermila.eus. Le jour le plus long (Iholdi 1) / Aintzira proiektu baten gorabeherak (Iholdi 2) / Quelques réflexions autour de l'affaire ... (Iholdi 3)

3) Anbrox eta Fernand Franchisteguy, Jean-Baptiste Héguy. 1974ko toberak eta Iholdiko toberak (1908 eta 1974). Mintzoak.eus. Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren ataria.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.