Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ortzadar Euskal Folklore Elkartea

Orain arteko ekarpenak

Folklore jardunaldien deialdia

2002/04/18

Iruñeko Ortzadar taldea "Folklore eta kultura tradizionalaren gaineko jardunaldien" edizio berriaren prestaketan dihardu. Oraingoan sareak eskeintzen digun aukera baliatu nahi dugu aurtengo jardunaldietan hizpide izanen ditugun gaien ingurukoak zabaltzeko.

Gehiago irakurri

Orain arteko erantzunak

Ortzadar Euskal Folklore Elkartea on Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

2024/04/17

Donibane Garazin errefuxiatu gisa egondako hegoaldetarrek ez zuten soilik beren dantzak mantendu eta dantza taldeak antolatu. Bere eragina nabarmena izan zen Nafarroa Beherean sortu ziren taldeetan. 2023an Iruñeko Ortzadar Elkarteak antolatu zituen Jardunaldietan, Jojo Bidart eta Antton Luku Baxe Nafarroako dantzaren egoeraz (iraganaz, orainaz eta etorkizunaz) aritu ziren. Biak ibiliak dira Baigorri eta Donibane Garaziko dantza taldeetan. Honela azaltzen zuen Bidartek Baigorriko «Arrola» taldearen sorrera-giro hura:
 
<i>Arrola dantza taldea agertzen da lehen aldikotz 1942an Baigorriko kermeza batean gerlako presoen aldeko ikusgarri baten emaiteko, Bizkaiko dantzak emanez. Hori ulertzeko aipatu behar da 36ko gerlatik, edo landa, ihes egin zuten hegoaldeko eskualdunen eragina Iparraldean... Baxe Nafarroan sortuko diren dantza taldeen kafira izan zen Hazparneko eskola, han ari baitziren Roblestiarrak, bereziki Koldo Robles «Koldobika» dantza erakutsiko duena. Preseski hango eskolan zen Baigorriko gazte bat, Domingo Martiarena Artxanxurikoa. Han ikasi zituen dantza, gustukoak izanik, erakutsi zituen bere adineko herriko laguneri. Baigorriko hamar bat mutiko bildu ziren Domingoren inguruan, horietan ene aita, eta ikasi dantza horiek (Bizkaikoak) eman zituzten 1942an Baigorriko kermezan gerlako presoen alde. Errepikak musikarik gabe egiten zituzten, airea kantatuz, eta ikusgarriarentzat Baigorrin bizi zen Pako Larrañaga atabalaria aritu zen eta ezagutzen zituzten Michel Labéguerie eta Mattin Zubieta Kanboarrak etorrarazi zituzten (J. Bidart). </i>

Garazi aldean egoera berdintsu. Lukurentzat errefuxiatuek eragin zuten efektua sekulakoa izan zen:

<i>Garaztarrak taldea 1955an sortu zen apez gazte baten eskutik, Jean Hirigoyen, Garazi aldeko semea, dantzarekin lotura bat ukanen zuena bai seminarioan (Arnegiko Camino eta Hazparneko Jean Hiriart Urrutyrekin) bai eta ere aintzineko urtetan Hazparneko kolegioan, 1940 urte inguruan, Koldo Robles Arangiz han zegoelarik. Lehen harremanak xixtuarekin aita Hilario Olazaranekin ukan zituzkelarik (Baztanetik etorri fraile Lizarratarrak formatuko baititu hainbat xixtulari: Michel Labéguerie, Donetch apeza, Jean Nesprias…). Jean Hirigoyen Garazin izendatua den apez gazteak Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzak erakutsiko ditu Garaztarrak taldeko gazteeri.</i>

Dantzari errefuxiatu horien eragin «sekulako» harek, 70ko hamarkada arte iraun zuen Nafarroa Beherean. Turismoaren gorakada eta bere desirak asetzeko erabiliko dira ere euskal dantzak. Euskal dantzak bai, baina hegoaldekoak:

<i>Memento hortan, udan, alokatzen zuten etxe guziak, logelak edo apartamenduak hilabete guzirako uztailan eta hilabete guzirako agorrilan. Behar ziren dantzariak udako. Behar ziren izigarri fite eta Banako eta ez dakit zer, eta zangoa altxatu goiti…» (Luku). </i>

Hamarkada horren bigarren aldian Antton Lukuk Mixel Aurnaga ezagutu zuen Donibane Garazin:

<i>hasten gira ibiltzen inguruan: Luzaiderat, Arnegirat eta... han bizi ziren kabalkadak, ez zen gure dantza. Nik hemezortzi urte, Mixel Aurnaguek hamabost. Beraz, oso-oso gazte ginen eta ez ginuen sobera konprenditzen, salbu Aurnaguek (A. Luku). </i>

Hurrengo urtean Fauxtinen eguna egin zen (zeinean Ortzadarrek parte hartu baitzuen) eta hor hasten da errefuxiatuen garaitik zetorren ohiturazko errepertorio horretaz hausnarketa eta apurtzea. Honela azaldu zuen Lukuk:

<i>azken finean, bazen kontradikzio haundi bat. Nonbait, bazen dantza bat, hor dantzatzen ginuena eta bazen beste dantza bat, herrietan oso bizi zena eta euskaraz transmititzen zena. Eta gurea ez (A. Luku).</i>
Ortzadar Euskal Folklore Elkartea

Ortzadar Euskal Folklore Elkartea