Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak XXIII. Folklore Jardunaldiak. Ondorioak

Dokumentuaren akzioak

XXIII. Folklore Jardunaldiak. Ondorioak

Folklorearen inguruan lanean dabiltzan zientzi-elkarteari eta elkarte ezberdinei egindako deialdian “Folklorearen Erakundeak” gaiari esanahi zabala eman nahi izan zitzaion, folklorezale soiletik hasita Etnografi Museo edo Unibertsitaterainoko adituek parte hartzeko aukera izan zezaten. Handinahietatik urrunduz, Ortzadar Elkarteak alor horretako ordezkariekin egitaraua zehartu zuen.

Eta heldu da unea, behin Jardunaldiak burututa, ondorioak plazaratzeko. Erakunde batzuren falta nabaria izanik, izandako parte-hartzea agitz positibotzat ematen dugu. Unerik gozoenak bizi ez dituen Folklorea bezalako gai bati buruz entzun, ikasi eta aritzeko bataz besteko 40-50 pertsona bertaratzeari merezimendua aitortu beharra dago. Ezagupenak jendartaratzeko hurbildu direnen
maila ezaguturik, eta aurkeztutako lanen ildoen egokitasuna kontutan harturik, ez da harritzekoa.

Harreman gatazkatsuak

Folklorearen Erakundeen eta folklorearen arteko harremana gatazkatsua dela argi dago, gutxienez: Susana Irigarai, “Julio Caro Baroja” Etnografia Museoko zuzendari denak  eta Aitzpea Leizaola, EHUko Antropologia irakaleak, jardunaldietako lehen hizlariak entzun eta gero, aurreko baieztapena berretsi egiten da. Gatazkatsua da, folklorea zabala delako berez, adierazpen material eta inmaterialak dauzkalako, jadanekotasuna galduta isolatu edo museoratu daitezkeen adierazpenak eta modu honetan jaso ezin direnak dituelako. Gatazkatsua da, folklorea bizirik dagoen zerbait delako, aldakorra; folklorea ez da maiz agertzen zaizkigun  adierazpen zaharkitu eta esklerosidunen nahas-mahasiak. Kultur adierazpen askoren egoerek ere, iragana eta etorkizunaren erdi-bidean daudenak, ez dute irakasle edo ikerlaririk erakartzen, gaur egungo jendarte-ikerketek bezala. Eta guzti honi erakundeen muga ekonomikoak gehitu beharko diogu, ikerketa lanetan eta inbertsiorako orduan bide zehatz batzuk jorratzera behartzen duena. Ezin ahaztu, ezta ere, folklorea ikasgai den aldetik, eta jardunaldiotan bistako izan zen bezela, erabat gutxietsia dagoela, modernitateak eta bere ikurrek positibotasuna metatzen duten uneotan.

Folklorearen gutxiestea beste ikasgaiekiko duen hondar kutsuan nabari dugu. Hari honi jarraituz, E. Xabier Dueñasek, Eusko Ikaskuntzako Folklore Sailaren lehendakariak, folklore adieraren bilakaera zein izan den ekarri zigun gogora, XIX. mendeko erdi aldetik gaur arte, eta Euskal Herrian bereziki. Eusko Ikaskuntza eredugarria da beraz aipatu bilakaera gauzatzeko: folklore hitzaren jatorritik (herri jakinduria) Sail bat izatera, Musika edo Antropologia Sailetatik desberdindua. Folklorea beraz, gainontzeko sailak arduratzen ez diren gaietaz osaturik dago –dantza tradizionala, kantua, musika eta instrumentu jakin batzuk, janzkera…) edo, gai hauetara murriztua dago agian.

Iturrietara bueltatu

Testuinguru honetan kokaturik dabiltza folklorea ikasten edo mantentzen duten erakundeak, beraz. Hortaz harritzekoa da Joan Mari Beltranen ekimena herri musikari eta herri musika-tresnei txokoa zabalduz, Herri Musikaren Txokoa, alegia. Folklorearen ikerketari emandako bizi oso baten ondorioa dugu, joan den mendeko 60. hamarkadatik hasita –Oteiza folklore munduan agertu eta Argia dantza taldeen ikasbide aldaketaren aintzindari bihurtu zenean-. Euskal kulturaren alor guzietan eman zen aldaketa: tradiziora eta tradizioaren iturrietara bueltatu beharra zegoen.

Argi eta garbia eman zen aldaketa hau dantza taldeetan. Hirugarren egunean hizlari izan ziren Oier Araolazaren –dantzaria eta dantzan.com web orrialdearen sustatzailea- eta Mikel Aranbururen –folklorista- arabera, Euskal Herriko dantza talde gehientsuenek dantzak ikertzeari edo ikerketa taldeak eratzearo ekin zioten. Egia esan, emaitza ugaririk ez zen lortu, oinarri teoriko ahulak eta bitarteko eta heziketa eskasak zirela eta. Boluntarismoa da, beraz, dantza taldeen jokabideen definizioetako bat, eta era berean, gabetasunen oinarri bat: profesionaltasun falta baino profesionalen eza.

Erronka berriak

Jardunaldietan plazaratutako gaiak eta aldeak askoz gehiago izan ziren; folklorearen erakundeen aktibitateari buruzko sortu ziren galdera eta erronkak dira, ordea, interesgarriena deritzoguna. Erakunde handien, profesional eta amateurren aktibitateen arteko koordinazioa; azken erakunde hauen heziketa eta definizio beharra; jendarteak balioa hautematea; Kultura Tradizionalaren irakaskuntzaren normalizazioa; erronka berriak Jardunaldien osteko egunetarako,  foro edo Jardunaldi berrietarako galderak.

Jardunaldi hauei bukaera emateko burututako afari-dantzaldiak ere merezi du balorazio honetan hitz batzuk: tradizioak badu bere inguru propioa,  zentzuz eta balioaz jantzi egingo den testuingurua. Dantza tradizionala garrantzitsua izango den leku eta denbora bat sortzearen beharrak garamatza afari-dantzaldia egitera; autore batzuk “kronotopo” bat sortzea diotena, dantza tradionalaren kronotopoa. Partehartze handiarekin izan zen -120 pertsonetik gora- eta Tapia eta Leturiaren lana ezinbestekoa izan zen hiru ordu luzeko dantzaldia arrakastatsutzat emateko

Eta bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu hogeitahiru urteotan ORTZADAR ELKATEARI laguntza eskeini dioten erakundeei (Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua). Bide batez ere, Descalzos 72 ko udal langileei eskertzen diegu urtez urte eskaintzen diguten arretagatik; esker mila hizlariei, denbora premiarekin ere, kalitate handiko lanak eskaini baitigute; esker mila aunitz ere jardunaldiotan entzule izan direnei, Kultur Tradizionalaren ikasketa eta hedapenarekiko duten fideltasunagatik. Azkenik, gure eskerrik beroenak Nafarroako herrietatik eta beste herrialdetatik etorri eta eztabaidak aberastu zituztenei.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.