Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Nafarroako dantza tradizionalaren inbentarioa publikatu du Ortzadarrek sarean

Dokumentuaren akzioak

Nafarroako dantza tradizionalaren inbentarioa publikatu du Ortzadarrek sarean

500 bat dantza biltzen dira Ortzadar Elkarteak Nafarroako Dantza Tradizionalaren atlasaren atarian publikatu duen Inbentarioan. Materiagabeko ondarearen inbentario bat egiteko beharra 2005eko Nafarroako Kultura Ondarearen Legeak biltzen du bere baitan. Elkartearen sorrerako helburuekin bat, materiagabeko ondare atal honen inbentario-lana egitea erabaki zuen Ortzadarrek 40 urtetan zehar pilatu duen dantza tradizionalaren gaineko ikerkuntzan, sustapenean eta bizipen esperientzian oinarrituz. Dantzen zerrenda zehatz hau egiteko lehen urratsak 2008an izan ziren, ondotik eta jarraian, anbizio handiagoko proiektu bati ekiteko asmoz: “Nafarroako Dantza Tradizionalaren Behatokia”.

Inbentarioa Nafarroan dantzatzen diren dantza tradizionalen gaineko zerrenda da; batetik, oraino bizirik dirauten dantzak biltzen dira eta, bestetik, XIX. mende amaieratik galdu diren dantzak ekarri dira, izan ere, haien berri izate eta emate hutsa dantzaren alorrean berreskurapen, birsortze eta berrikuntza faktore bilaka baitaiteke. Era berean, hertsiki dantza tradizional deitzen ahal direnak aurki daitezke (gaur arte tradizioak ekarri baititu), bai eta garapen txikiko dantza berriak ere, tokian tokiko tradizioetan gizarteratze asmoarekin sortuak izan direlako edota, eskenatokien muga pasaturik honezkero, orain tradiziozko direlako.

Dantzak, gainerako materiagabeko ondarearekin, bizirik dirauenaren ezaugarriak konpartitzen ditu; aldakorra da, aberasten ahal da, endeka daiteke, desagertzen ahal da edo sortzen ahal da. Horregatik, Inbentarioa beti zabalik izanen da litezkeen inkorporazio berriak jasotzeko, edota egun bizirik diren dantzen galera egiaztatzeko.

Bigarren urratsa, abian baita hau ere, Dantza Tradizionalaren gaineko Atlasa da. Honek dantza bakoitzarendako fitxa bat dakar eta bertan, interesa duen orok, dantzak ikusi, ulertu edo ikasteko behar lituzkeen datu, argazki eta bideoak aurkituko ditu. Baliabide irekia da zabalkunderako, ikerketarako, ikasketarako baita, noski, parte hartzeko ere. Hainbat fitxa publikatu da jadanik, beste asko lanketa prozesuan dira. Atlasa proiektu kolaboratiboa da, zeinarekin gainera, Ortzadarrek, agente gehiagoren inplikazioa bilatu duen, bereziki, dantza tradizionalaren protagonista direnena, eta hartara, azken emaitza aberastuko dela aurreikus daiteke. Kolaborazio hau lortzeko, proiektuaren aurkezpen-bisitak egiten ari gara Folklorearen sostengatzaile eta sustatzaile diren entitate eta tokietan.

Atlasak kolaborazio bide ezberdinak dauzka. Lehena, dantzatlas atariaren bitartez, kolaborazioari eskainitako atal berezia prestatua baitugu. Gainera, Twitter eta Facebook kontuek laguntza emanen diezagukete, telefono zein beste edozein medioren bitartez edozein lagunek erregistratu nahiko lituzkeen dantza-manifestazioak denekin partekatzeko aukera baitu, proiektuaren sakontze-lanean lagunduz.

Azkenik, Nafarroako Dantza Tradizionalaren Atlasa Nafarroako Gobernuarentzat interes soziala duten proiektuen artean dagoela esan beharra dago, eta Mekna
izendapena
emana diola, Nafarroako mezenasgo kulturala sustatzen duena laguntza fiskalen bitartez.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.