Dokumentuaren akzioak
XXII Folklore Jardunaldiak
XXII. Folklore
Jardunaldiak
Iruñea, 2006ko azaroaren
15-18
Kantua: Tradizioa eta herri-adierazpena
Folklore Jardunaldien aurreko 21 edizioetan kultura tradizionalaren hainbat alorrekin loturiko ikerketan aritu gara. Baina horien guztien artean kantua bazterturik geratu zaigu,
beste gai batzuen bidez bertara hurbildu bagara ere. Adierazpen mota horri adjektibo bat ematea zaila da oso, eta hori izan da, agian, kantua ez lantzeko arrazoia. Kultura tradizionalaren alor guztiei, baita kulturari berari ere, herrikoi edo tradizional adjektiboa ematea zalantzazkoa da, eta zalantza hori, kantuaren kasuan, bereziki gatazkatsua zaigu. Harreman dikotomikoa sortu da, eta bertan kantuaren bi adierazpenak aurrez aurre geratu dira. Baina, agian, egokiagoa litzateke kantua dualtasun moduan ulertzea, bi adierazpen horiek elkar harremanetan utziz. Masa hedabideen sorrerarekin batera, mundu osoan kultura saltzen aritzen diren enpresak ezarri dira, eta horrek kultura herrikoia eta tradizionala bereizi ditu, edo, hobe esanda, aurretik zegoen bereizketa areagotu egin du, eta orain bereizketa hori gaindiezina ematen du.
Aurreko edizioetan egungo teknologia beste eredu batzuk, mundua ikusteko beste modu batzuk, arriskuan jartzeko gai dela ikusteko aukera izan genuen, kultur eduki jakin batzuen mesederako. Ikusi genuen, baita ere, kultur edukien ahozko transmisioa askoz ere indar handiagoa duten bitarteko batzuekin lehiatu behar dela. Aldaketa horiek kulturaren alor guztiei eragiten diete eta, arestian esan bezala, horren aurrean kantua bereziki ahula da.
Hortaz, Folklore Jardunaldien aurtengo edizioan kantu herrikoiaren eta tradizionalaren arteko arazoaren ikerketa proposatuko dugu. Eta kantu tradizionalen corpusari buruz dugun irudia azken mendeotan bildutako kantutegiek helarazitako hori denez, interesgarria iruditu zaigu honakoa aztertzea: kantutegiak, kantutegiak eratzeko oinarriak, bildutako materialak, musika akademikoari arrotz zaizkion tonu erregistroak, materialen filogenesia, gaur egun duten eragina. Gainera, eta kultura tradizionalaren genesiaren eta transmisioaren bideak erabat aldatu direnez, garrantzitsua da honakoa ikertzea; kantua zein eremu eta garaitan eman den ?eta gaur egun zeinetan ematen den?, kantu herrikoiaren eta tradizionalaren artean sortzen diren harremanak, birfolklorizazioa egiteko hezkuntza curriculumek duten garrantzia, kantari tradizionalek duten eragina errepertorioak gordetzen eta eguneratzen eta teknologia berrien erabilera kantuak gordetzeko eta hedatzeko. Eta alderdi horietatik eta zerrendatu ezin diren beste horietatik haratago, kantuak osatzen duen materia gabeko kultur ondarea dugu, kantatzeko jarduera bera, kantua, Pirinioen bi aldeetan dantzan eta kantuan jarraitzen duen herri baten nortasunaren ezaugarri.
Lanen aurkezpena
Jardunaldiak antolatzen dituen batzordeak txosten nagusi batzuk eskatu ditu, baina gainera interesik duen orori gonbitea egin nahi dio bere lanak, argitaratu gabekoak, aurkez ditzan. Egileek uztailaren 31 baino lehen bidali beharko dute proposatutako lanaren izenburua eta laburpen txiki bat. Gainera, egilearen edo egileen izenak, lanbidea edota titulazioa eta harremanetarako datuak (helbidea, telefono zenbakia, faxa, helbide elektronikoa) erantsi beharko dira. Behin betiko testua urriaren 15a baino lehen bidali beharko da euskarri informatikoan (Word bertsioan), eta gehienez ere 15 orrialde izan beharko ditu. Horrekin batera 15/20 lerroko laburpen txikia bidali beharko da, testuan erabilitakoa ez den beste bi hizkuntzatan. Batzorde zientifiko batek lanak baloratuko ditu eta proposatutako gaiari egokitzen zaizkion erabakiko du, lana onartzeko eta ondoren argitaratzeko aukera izateko. Jardunaldiak Iruñean izango dira 2006ko azaroaren 16, 17 eta 18an, eta publikoarentzako zabalik izango dira. Horretarako izena ematen ahalko da Jardunaldietako Idazkaritzara joz.
Ortzadar kultur Elkartea Iruñean sortu zen 1974an herri musika eta dantza talde gisa, eta kultura tradizionalaren ikerketa eta zabalkundea izan ditu helburu nagusi. 30 urte hauetan dantza eta musika ikuskizunen alorrean etengabeko jarduera izateaz gain, 1984. urteaz geroztik, folklorezale eta ikerlarientzat urteroko jardunaldiak antolatu ditu. 1995ean gure argitalpen ildoa ireki genuen aipatu jardunaldietan aurkeztutako lan garrantzitsuenak argitaratuz, besteak beste. Elkarte askea da gurea, irabazi-asmorik batere gabe, orain dela 20 urte baino gehiago Iruñeko Udalarekin eta Nafar Gobernuko “Vianako Printzea” Erakundearekin lankidetza akordioak dituena. Halaber, Eusko Ikaskuntzako eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kide da.
Folklore Jardunaldiak
Jardunaldien helburu nagusia Kultura Tradizionalaren alderdi guztien ikerketan sakondu eta hura zabaltzea da, eta aldi berean, ikerkuntza eta azterketa horiek aurkeztu eta eztabaidatzeko batzar edo topaketa batzuk eskaintzea. Ortzadarren Folklore Jardunaldiek zientzialarien artean eta gai hauetan zaletuak direnengan ospea eta izen ona lortu dute aurkeztutako lanen jarraikortasun eta mailarengatik. Edizio bakoitzean gai bakarreko ikerketa egiten da, azpimarragarri dira adibidez, honakoak: Gizarte dantzak, Festa tradizionala eta hiri kultura, Folklorea eta herrien nortasuna, Emakumea kultura tradizionalean, Mito, erritu eta sineskeriak, Herri sendagintza, Janzkera, Ahozko transmisioa, Materiagabeko ondare kulturala Jatorrizko eraikuntza...
Partaide gehienak gure ingurune geografikotik badatoz ere, beste herrialdeetako partaidetza ere izan dugu, hala nola, Aragoi, Katalunia, Gaztela eta Kanariar uharteak. Partaideen zerrenda luzean beren lan zientifikoari esker izen eta ospe handiko jendea aurkitzen ahal dugu, bai eta ikertzaile gazteak ere. Jardunaldietan aurkeztu diren lanak Eusko Ikaskuntzako Folklore Saileko hirugarren liburukian argitaratu dira, 1986 eta 1993 bitartean “Vianako Printzea” Erakundeko Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoetan, eta ondoren, SUKIL, kultura tradizionalaren gaineko koadernoak-en lau aleetan, Ortzadarrek berak argitaratuak 1995tik aitzina. Datozen jardunaldietan aurkeztuko diren lanak erredakzio batzordeak hautatuko ditu, eta Sukilen bosgarren liburukian bilduko.
Jardunaldien
Idazkaritza
Descalzos kalea, 65
behea
31001
Iruñea
Tfnoa / faxa 948 223
107
Email. ortzadar@ortzadar.org
Web. www.ortzadar.org
Dokumentuaren akzioak