Julen Agirre: “Euskaraz aritzea esaten dugunean ez da bakarrik hitz egitea”

2026/02/23
Julen Agirre: “Euskaraz aritzea esaten dugunean ez da bakarrik hitz egitea”

“Euskal dantza hezkuntza arautuan zergatik eta nik neuk nola txertatuko nukeen azaltzera etorri naiz”, horixe da Julen Agirrek Euskal Kulturaren Eragiletzako unibertsitate masterrean egin duen master amaierako lanaren abiapuntua, eta lan horretan jasotakoaren zertzelada batzuk azaldu ditu Dantzan topaketetan.

“Apur bat ulertu behar duguna da, gaur egun 6-16 urte bitarteko pertsona ororengana iristeko erreminta bakarrenetakoa hezkuntza dela”. Hortik tiraka, helburua litzateke euskal dantza hezkuntza arautura gerturatzea, “alde batetik ikaslearen ikasketa-prozesua bera aberasteko eta baita etorkizuneko euskaldun oso izango diren horiek euskal dantzaren alfabetizazio horretan txertatzeko”.

Dantza, lengoaia eta heziketa tresna

“Dantza litzateke pentsamendu eta sentimenduen adierazpen sinbolikoak gorpuzteko euskarri fisiko bat”; gorputza mugimenduan jartzean sortzen den lengoaiaz ari da, komunikatzeko, adimena garatzeko eta esploratzeko balio duena, eta gaineratu du euskaldunen kasuan gorputzetik irteten den lengoaia hori euskal dantza dela.

Ixone Aroma eta Julen Agirre, Dantzan Topaketak, 2025-11-22. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Oinarri horretatik abiatuta, dantzak haurrengan bete ditzakeen funtzioak aztertu ditu. Lau nagusi bereizi ditu: sozializatzailea, musikala, ludikoa eta identitario edo politikoa. Funtzio sozializatzaileari dagokionez, dantzak “norbanako izatetik helburu amankomun bat daukan entitate bat izatera igarotzeko” gaitasuna duela azaldu du. Alderdi musikalari helduta, azpimarratu du musika jarri orduko haurra mugitzen hasten dela, eta horrek pedagogikoki helduleku garrantzitsua eskaintzen duela. Jolasa, berriz, funtsezkotzat jotzen du garapen motorra eta kognitiboa lantzeko.

Identitateari lotuta, mezu zehatza utzi digu: “Euskaraz aritzea esaten dugunean ez da bakarrik hitz egitea”. Haren esanetan, horren atzean beste kontzientzia bat dago, euskaldun izatearekin lotutakoa, eta dantzak ere badu zentzu horretan funtzio identitario eta politikoa.

Eskolaren ardura, kultur transmisioa

Gizarte aldaketek transmisio eredua nola eraldatu duten ere begiratu du. Lehen kaleak eta etxeak zuten rola gaur egun eskolaren gain geratu dela dio, eta ondorio zuzena atera du: “Kultur transmisioa eta ezagutza bermatzeko euskal kulturak Hezkuntza Legean zein ikastetxeetako curriculumean txertatuta egotea ezinbestekoa izango da”. Curriculumak aztertuta, ordea, euskal dantzak ia lekurik ez duela ondorioztatu du.

Egoera horri erantzuteko, eskoletan lantzeko hiru dantza sistema proposatu ditu: jauzien sistema, fandango eta arin-arinaren sistema eta kontra-dantzena. Helburua da 6 eta 16 urte bitarteko ikasleak dantzaren alfabetizazioan sartzea, betiere haurraren garapen maila kontuan hartuta. Metodologiari dagokionez, erritmikaren aldeko hautua egiten du, gorputza, musika eta jolasa uztartzen dituelako eta harremanak lantzeko aukera ematen duelako.

Ondorio nagusiena honakoa da: dantza hezkuntza arautuan txertatu behar dela, “dantza beste lengoaia bat delako”. Gaineratu du beste lengoaia batzuk aintzat hartzen diren bezala, hori ere kontuan hartu beharko litzatekeela, gaur egun oraindik ere gizartean funtzioak betetzen dituelako. Haurrak etorkizunean benetan gizarteratzea bada helburua, horretan trebatzeko ezinbestekoa dela adierazi du. Horrez gain, euskal dantza tradizio historiko baten parte dela gogorarazi du, eta horrek herri gisa zerbait zor diogula iradokitzen du, “haurrei erakutsi behar diegu zer den gure herria ”. Azkenik, nabarmendu du dantza haurraren garapenerako erreminta izan daitekeela, eta, gainera, baliabide kultural, sozial eta akademiko aberatsa dela.

Dantzan Topaketak, 2025-11-22. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Hala ere, etorkizunera begirako galderak zabalik utzi ditu: “Gaur egun hezkuntza arautuan dantza ikasgelara eramango bagenu, nola bermatuko genuke ikasle horiek behar duten moduan alfabetatuta irtengo direla ikasgelatik? Irakasleak nola formatuko genituzke? Unibertsitatetik etorri behar da formazioa, edo nondik etorri behar da?”

Dantzan Topaketak 2025