Dantzaren transmisioaz eta jardunaz gogoetak Dantzan Ikasi Topaketetan

2022/06/06
Dantzaren transmisioaz eta jardunaz gogoetak Dantzan Ikasi Topaketetan

"Zer moduz zaudete, nola eragin digu pandemiak dantzaren sektoreari?" galdera plazaratu da arratsaldean, baina ordurako hainbat kezka eta esperientzia interesgarri partekatuak ziren topaketan. Euskal dantzaren inguruko ordezkaritza zabala bildu da bigarrenez ospatu diren Dantzan Ikasi Topaketetan. Aurreko urtean hasitako bideari jarraipena emanez han eta hemengo dantza taldeetako kideak, dantza irakasleak eta dantzazaleak elkartu gara Eibarren kezka, behar zein proiektu berriak aurkeztu eta elkarbanatzeko. 50 bat lagunen topagunea izan da Eibarko Armeria eskolan antolatu den egun osoko egitaraua, eta, besteak beste, euskal dantzaren inguruko formazio eta ikasketen, irakasle eta emanaldien kontratazioen edota taldeetako egungo praktiken eta joeren inguruan aritu dira hizlariak zein bertaratu diren partaideak. Egun osoko hitzaldi eta mahai inguruen segidari soka-dantzan eman zaie itxiera.

Irakaskuntza eta ikerketa

"Dantzagunea dantza zerbitzua da eta dantza mota guztiei irekitako zerbitzua da" esanez ekin dio bere aurkezpenari Gari Otamendik. Hain zuzen, Gipuzkoako Dantzagunaren Sortutakoak tradizionala 9. deialdian hautatu diren proiektuak aurkeztu ditu. "Iaz egin ziren jardunaldi hauetan, behin eta berriz aipatu zen, egin zen eskaera material didaktikoena", eta beraz, dantza tradizionalera bideratutako deialdian, aurreko urteetan bezala, sorkuntza eta ikerketa proiektuak laguntzeaz gain, azken deialdi honetan material didaktikoak sortzeko lan ildoa ireki da.

Horrela, Jon Olazkuagaren La Pamperruque dantzari buruzko ikerketa lana eta Aritz Ibañezen Dantzaren ikasketan laguntzeko sareko ikus-entzunezko baliabideak izeneko proiektuak aukeratu dira. XVIII. mendean Baionan dantzatzen zen karrika-dantzari buruzko ikerketa egin du Olazkuagak eta orain lanketarekin jarraitu eta oihartzuna ematea du asmoa. Ibañezek azaldu du bere proiektua hastapenean dagoela. "Hizkuntza baten gisa ulertukok bagenitu sistema horiek, silabetatik abituz eta poliki-poliki, hitzak eta esaldiak sortuz ea gai garen lengoaia horiek menperatzeko". Zortziko eta dantza-jauzien sistemaz dihardu eta asmoa du horien irakaskuntzan laguntzeko zenbait bideo-tutorial egitea, gero sarean eskuragarri jarriko direnak.

Gari Otamendi, Aritz Ibañez. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

"Dantzak eta urratsak helburua dira, baina aurretik lan pedagogikoa egin beharra dago erritmoa landu eta gorputza ezagutzeko". Pianoz erritmoz lasaian jotako euskal doinuak jarri ditu eta azalpenak eman ahala, eguneroko keinu txikiak diruditenak dantza bihurtu ditu Garbiñe Aizpitartek. Gorputza mugitzeko duen modua xamurra da guztiz, erraz eta garbi; besoak, burua, oinak... eszenatokian flotatzen dagoela dirudi. Amaiur Aristik Aristiren galderak erantzunez bere dantzari eta formazio ibilbidea azaldu ditu. Euskal dantzan eta balleteko formazioa ditu eta munduan zehar dantzan eta ikasten han eta hemen ibili ondoren, 1991an Gabota dantza eskola ireki zuen Zarautzen. Eskarmentu handiko dantzaria da eta gorputzaren ezagutzari garrantzia berezia ematen dio. Haurrekin erritmoa eta teknikak lantzeko zenbait ariketa eta gako erakutsi dizkigu.

Amaiur Aristi eta Garbiñe Aizpitarte. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

"Biribilketa irakatsi behar da?" galdetu du Patxi Monterok; eta klaseetan biribilketa erakusten duten dantza irakasleei besoa altxatzeko eskatu die, ondoren. Hogei dantza irakasletik gora egongo dira salan, baina pare batek bakarrik igo dute besoa. Badirudi jakinekoa dela biribilketan aritzea, baina gero praktikan ez da beti horrela izaten eta aspergarri gerta daiteke. "Non dago gakoa aspergarria edo dibertigarria izateko? Izpiritu eta giro bat behar da eta jolastu, batez ere jolastu". Jolasteko, ordea, ikasleei baliabide edo ideiak eman behar zaizkiela ikusi du Monterok: gidariak barrua bilatu dezala talde sena bultzatzeko, soken neurri egokia bilatu, zubiak, karakolak, korroak, sugeak...

Patxi Montero. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

"Onarpena irabazi behar izan dut Musika Eskolan, hasieran ez zuten ulertzen dantza irakasle bat hor egotea", dio Patxi Labordak. Monika Bañalesek ederki daki zertaz ari den, “ez gaituzte ulertzen, dantza hor bazterrean dagoen zerbait da haientzat”. Jon Fernandez, berriz, pribilegiatua sentitzen da “Folklore Akademian euskal musika tresnak erakusten dira dantzarekin batera, hor sortzen da giro bat, dantzarientzat zein musikarientzat oso inportanteena dena, bien arteko elkarlana baitago”. Goizeko saioa isteko, dantzaren irakaskuntza musika eskoletan nola dagoen erakutsi dute panorama barne-barnetik ezagutzen duten Laborda, Bañales eta Fernandezek Josu Garatek gidatuta. Agertu diren kezka nagusietakoak dantza irakasleen lan-poltsetako eskakizunak, irakasleen formazioa edota zentroetan dantza irakasleek duten prestigio eza izan dira.

Josu Garate, Jon Fernandez, Monika Bañales, Patxi Laborda. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Mahai bueltako kontuak, kontrataziok eta buruhausteak

Hitzartze ofizialei deskantsua eman zaie eguerdian, baina horrek ez du esan nahi topaketetara hurbildu direnen jarioa, jakin-mina eta elkar-trukea gelditu direnik. Arratsaldeko saioari ekin aurretik tripak bete eta mahaiaren bueltan lagunarte goxoan aritzeko aukera izan da. Kolore eta forma guztietako pintxoak segituan ezkutatu dira eta postre eta kafearen ondotik arratsaldeko saioko ordua konturatu gabe gainera etorri zaigu.

Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Digestioa egiten hasteko Izaskun Salazar eta Gari Otamendik hartu dute hitza. “Faktura! Faktura behar dugu!” horixe da azken aldian dantzariei eta taldeei erakundeek eskatzen dieten ditxosozko dokumentua; taldeen jardunak eta errealitateak kontutan hartuta, ordea, askotan ez da horren erraza suertatzen enpresen pareko paper kontuak eta justifikazioak eskuratzea. Dantza-irakasle eta dantzarien legezko kontratazioan eta kudeaketan aurkitu ohi ditugun buruhauste eta oztopoak ipini dituzte mahai gainean Otamendik eta Salazarrek. Orokorrean zein den egoera azaldu du lehenak eta Beasainen herriko hogei dantza irakasle gazteen kontratazioa legalki egin nahian ekarri dizkien lanak eta kezkak esplikatu du bigarrenak.

Izaskun Salazar, Gari Otamendi. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantza taldeak nola daude?

“Talde askok maite ditu gure dantzak, baina begiratzen dugularik ikusten da bereziki hutsune batzuk agertzen direla irakaskuntzan”, Baiona eta Urruñatik etorri dira Oihana Betelu eta Pierre Latasa, Donibane Lohizuneko Begiraleak taldeko dantzariak biak. Lupari zorrotz heldu diote eta Lapurdi eta Nafarroa Behereko dantzen irakaskuntzaren gabeziak identifikatu dituzte, horien jatorri posibleak ere jarri dituzte mahai gainean. “Ez dugu epaiketarik egin nahi, ikusi eta ulertu nahi dugu egun batez ekarpenak egiteko eta gauzak hobetzeko”; besteak beste, formatutako irakasle falta, irakaskuntzarako material eta baliabide eskasa edota tokian tokiko dantzen inguruko interes eta zorroztasun falta ikusten dituzte.

Pier Latasa, Oihana Betelu. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Hitzaldi eta mahai inguru sortekin amaitzeko, Beteluri eta Latasari Oier Araolaza (Dantzan), Unai Esturo (Iurretako dantzariak), Aritz Ibañez (Duguna) eta Mikel Lasarte (Ortzadar) batu zaizkie. “Zer moduz zaudete, nola eragin digu pandemiak dantzaren sektoreari?” galdetu du Araolazak, eta bidea ireki du egungo taldeen eta orokorrean euskal dantzaren egoeraren inguruan hitz egiteko. Urte zailak izan dira talde guztientzat eta handik edo hemendik atera direla diote, baina garbi ikusi da pandemiak azpimarratu egin dituela lehendik era hor zeuden arazoak. Araolazak duela 10 urte dantzaren sektoreko hainbat taldek eta norbanakok sinatu zuten Euskal dantzaren adierazpenak jasotako puntuak eta aldarrikapenak aurkeztu ditu; ikusi da behar eta aldarriak hor jarraitzen dutela, baina aldatu egin direla lanerako moldeak, konpromiso mailak, taldearekiko atxikimendu motak edo aisialdi eta kultur ereduak.

Oier Araolaza, Pierre Latasa, Oihana Betelu, Aritz Ibañez, Mikel Lasarte, Unai Esturo. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Denok elkarrekin soka-dantzan

Soka-dantzan, nola bestela, borobildu dugu egun osoko saioa. Topaketetako bi dantzari gazteenek ireki eta itxi dute Euskal Herriko han eta hemengo dantzariek osatutako soka. Aritz Ibañezen txistu eta danbolin soinuan, Pierre Latasa aurresku eta Oihana Betelu atzesku hartuta denok elkarrekin, eskuz esku, dantzatu gara. Izan dadila egunak erakutsi digunaren eta datozen urratsen isla.

Soka-dantza. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Soka-dantza. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Dantzan Ikasi Topaketak 2022