Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

aberri-eguna etiketa duten bideoak

Aberri Eguneko aurreskuaren soka

Aurtengo Aberri Eguneko ekitaldi bateratua martxoaren 28an Lizarran egin da, eta EH Baterak ospatu duen ekitaldian gizarte eta politika eragileak aurreskuan dantzatu dira. Euskaldunok gure dantzekiko dugun iruditeria kolektiboaren ikur nagusietako bat da aurreskua. Besterik da ordea, ahotan hain sarri darabilkigun ohorezko erritual hau gorpuzterako garaian, zertan bihurtu den aurresku delako hori. 

Izan ere, nekez uler daiteke eskuartean darabilkigun kultur ondarearen zati hau eskuen arteko kontakturik gabe. Hain zuzen ere eskuz esku osatutako esku-dantza da dantza bat aurreskua izan dadin ezinbesteko baldintza. Aurreskua, aurreko eskua, alegia. Dantzaren bidez batzen den komunitatea ordezkatzen duen soka gidatzeaz arduratzen dena da aurreskua.

Hortaz, non dago bakarkako erakustaldi horren ohorea? Uste oker bat baino ez da. Aurreskuaren ohorea sokaren parte izatea dela ahaztera eraman gaituena. Bakarkako forma hori, indibidualismoaren ikur den sokarik gabeko aurresku hori, protokolo, omenaldi eta sari-emate guztietako ezinbesteko osagai bihurtu da.  Aurreskua dantzatzeko plazaratu den sokaren parte izatea, ezaugarri eta helburu partekatuak izan ditzakeen komunitate baten parte izatea ere bada. Aberri eguna bera ere izan da zenbait kasutan horren lekuko.

1932. urtean Bilbon ospatu zen lehen aberri egunean bertan, sokan dantzatu ziren buruzagi politiko abertzaleak. Zazpi urte beranduago, 1939ko apirilaren 9an, Donibane Lohizunen ospatu zen aberri egunean ere hala egin zuten. Kasu horretan baina, Francisco Franco jeneralak gerra zibila amaitutzat eman eta diktaduraren hasiera aldarrikatu berritan. Duintasunaren aurresku bezala ezagutzen dugu egun, gerra galdu berritan erbesteratutako Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkarik egun hartan ateratako soka. Irudiotan, Telesforo Monzon ageri zaigu aurreskulari, eta Jesus Maria Leizaola edota Jabier Gortazar dantzatu ziren besteak beste sokan.

2024az geroztik, Euskal Herria Batera plataformak deituriko Aberri Egunaren ospakizunetan, aurreskua sokan dantzatzeko ohitura berreskuratu da. Apirilaren 5ean, Pazko igande egunez, Lizarran ospatuko da aurtengoa. Eta eskuz esku, euskararen herria helburu, dantzaz emango da berriz ere ordezkari politikoen plaza hartzea.

Aurkezlea: Eneko Etxaniz. Irudiak: Haitz Gurrutxaga. Aberri Eguneko aurreskuaren soka, 2025-04-02.

Dokumentuaren akzioak